Iritzia: Etxeberrietako jaiak

Erabiltzailearen aurpegia Juan Antonio Irazu 2009ko ira. 3a, 20:16

JAIAK barne-barnetik
• Juan Antonio Irazu
  Delan

Azken bi urteetako jaiak nola joan diren ikusita, pozik egon behar dugula iruditzen zait.  Jai gunea Alfaro plazara ekarrita Etxeberrietako alde zaharra alde berriarekin elkartzea zen asmoa, eta asmatu egin dela esan behar da. Ekitaldiek erantzun hobea jasotzen dute orain parte hartzeari begiratzen badiogu.

Betiko ekitaldien ondoan, berriak antolatzen saiatu gara azken urteetan. Kirolari dagokionez Cabrejas oroimenezko krosa adibidez; zabaltzen ari da urtez urte korrikalarien artean. Krosarekin batera, historian zehar fama hartu arren orain ahaztuxea daukagun Andoaingo kirolariren bat omentzen da. Herri saharauiarraren aldeko mus eta tute txapelketak ere antolatu dira. Herriko merkatariei diru eskean ibiltzen gara urte osoan jaiak egingo badira; eskaleen itxura ematen dugu eta horrekin hautsi nahi genuen, guk ere ematea zer den badakigula adieraziz. Gazteei begira rock kontzertua egin da lehenbiziko aldiz; haurrentzat, berriz, arrakastatsuak gertatu diren hainbat jolas eta ekitaldi prestatu dira.

Alde zaharra berriarekin lotzea aipatu dut lehen, eta egia esan, 900 etxebizitza baino gehiago eraiki dira azken urteetan inguru honetan. Haurrak dituen bikote ugari jarri da bizitzen. Horiek denak etxeberrietatarrak senti daitezen nahi genuke, eta horretarako jaiak egokiak izan litezke. Orain gutxi martxan jarri dugun elkartearen egitasmoa ere bide horretatik doa: Etxeberrietako auzotar guztiok biltzeko elkarte bat edukitzea. Alderdi gastronomikoaz gain, iruditzen zaigu elkarte hori leku ezin aproposagoa bihurtu litekeela auzotarren arteko harramanak estutzeko eta kultura, kirola..., sustatzeko.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!