Etxeberrieta, jaia indartuz doa

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2009ko ira. 3a, 20:15

Txupinazoak eman zien hasiera jaiei, ostegunean. Segidan ospatu ziren patata zuritze eta haurren margoketa lehiaketek auzoa bete-betean murgildu zuten jai giroan. Gaua, berriz, danborradarekin eta Over Load, Sattira eta Susa musika taldeek eskainitako rock kontzertuarekin luzatu zen.
San Inazio eguna ere, ostirala, ekitaldiz josita agertu zen Alfaro plaza. 11:00tan meza ospatu zen Gurutze Santu parrokian, Alberto Agirre abesbatza bertan zela. Ondoren ohiko bihurtu den Seat 600 eta Harley Davidson motor zaharren erakustaldia. Eguardi partean, ostera, jaietako ekitaldirik kuttunena: ehundik gora auzotar bildu zituen herri bazkaria. Beti-betiko auzotarrek eta bizitzera etorri berriek, giro ederrean jardun zuten elkarrekin bazkaltzen. Bertan auzoko aiton-amonik zaharrenak omendu ziren, betiko legez.
Andoaingo musika eskolako musikariek osatutako Dolar txarangak Etxeberrietako bazterrak egunez alaitu zituen. Ilunabarretik aurrera, ostera, Los Rubi taldeak eta D.J. Mitxelenak hartu zuten musikaren lekukoa; makina bat jende mugiaraztea lortu zuten beren doinu dantzagarriekin.
Abuztuaren 1ean, larunbatarekin, haurrek ez zuten aspertzeko arrazoirik eduki: gozatu ederra hartu zuten eskulanen tailerra, aparra festa eta jolas ezberdinekin. Helduagoek ere, dibertsioa eta elkartasuna lotzeko aukera izan zuten: tute eta mus txapelketak antolatu ziren; bildu zen dirua Saharako herriaren alde lan egiten duen Hurria elkarteari eman zitzaion.
Arratsaldean kutsu gastronomikoa hartu zuten jaiek, sardina jatea eta patata tortillen txapelketa antolatu baitziren. Eta egunari amaiera emateko, dantzaldia DJ Abrahamekin.
Igandea, arrakastatsuena
Roberto Cabrejas altuera jauzilariaren oroimenezko II. Krosak eman zion hasiera igandeko jai egitarauari. Korrikalari ugari, eta segidan, Pablo Izagirre txirrindulari ohiari omenaldia. 1950eko hamarkadan euskal txirrindularirik onenetakoa izan zen. Izagirrek berak biziki eskertu zuen auzotarrak berarekin gogoratu izana.
Arratsaldeko azken hiru ekitaldiek Alfaro plaza zabala ia jendez lepo jartzea lortu zuten. Azpimarratzekoa batik bat, haurrak herri kirolak praktikatzen jarri zituen saioa.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!