Sanestebanak Goiburun

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2009ko ira. 3a, 20:15

JAIAK barne-barnetik
• Garazi Usandizaga

Auzoko festek lan handia izaten dute atzean, baina gustura egiten da horren ondorenean datorrena jakinda. Festa. Azken finean antolamendua ere festa bihurtzen baitugu, noizean behin izaten diren arrenazkeneko momentuko presak eta estresak motibaturiko gorabeherarik. Baina hori da gutxienekoa, laster uzten baitira atzean. Festetako lehenengo egunean bertan. Izan ere, festa gogoa ezin aguantaturik, oilasko jokoa apur bat aurreratzen zaigu beti eta egun hori izaten da festak gerturatzen ari diren seinale. Ezin konparatu ordea, egun hau gainontzeko guztiekin, dena alde batera utzi eta auzoko gazte guztiak elkartzen baikara, bi lanekin (bakar-bakarrik): ondo pasatea eta fandango eta arin-arin batzuk dantzatzea; azken hau aurten inoiz baino hobeto betea (eskerrak Maiteri!). Egun mundiala bentean!
Benetako festak, herritar guztiei zuzendurikoak, astebete geroago izan zuten hasiera, ostiraeko auzo-afariarekin. Afaltzera jende mordoa gerturatu zitzaigun, umore ona ekarriz, eta hain animoso etorri zirelarik, gehienak afalondorengo dantzaldian ere bertan izan ziren. Auzotar gehienak ere hantxe ibili ginen, batez ere hurrengo egunean jaikitzeko batere presarik ez genuenak... Larunbatak  berrikuntza bat ekarri zuen auzoko zahar eta gazteen eskutik: sega txapelketa! Hainbeste hilabetetako entrenamenduak ikuskizun polita eskaini zuen, eta azkeneko momenturaino hain berdindua egon zen ikuskizunak barre ugari egiteko aukera ere eskaini zigun gerturatutako guztiei. Beraz, hurrengo urtean ere errepikatu beharko dela esango nuke, segalariak hain konbentziturik ez badaude ere...
Festetako izarra ordea, batere dudarik gabe, Esne Beltza izan zen. Arazoak arazo, frontoian jo zuten, festa izugarri girotuz. Artista nekaezinak dira, oraindik gogoan baitut kontzertua bukatu eta trikitiarekin txozna ingurura gerturatu ondoren goizeko seiretan azkena joko zutela ziotela, eta zazpiretan oraindik fandango eta arin-arinak joka zihardutela. Gainera, txoznak irekita jarraiturik, oraindik ere bazen dantzan jarraitzen zuenik ere, baina ez dut izenik esango badaezpada ere...
Igandea tradizional igaro zen, urterokoarekin. Dantza ugari egiteko aukera ematen du egunak, baina hala ere, plaza ez dut hain beteta ikusi urte honetan, ezta sagardo proban ere. Auzokoen gaua izan zen hurrengo egunean lanik egin behar ez zuenarentzat, edo hain goiz lanera joan behar ez zuenarentzat. Agian hurrengo urterako gau guztiko fandango eta arin-arin maratoi hori ofizial egin eta programan sartuko dugu, ez litzateke txarra izango. Gorputzak iraun arte!
Ez dakit, baina astelehenean zaharren eguna izanik, ez zen gazte gehiegi gerturatu plaza aldera... Gainontzekoek, berriz, eguna ederki aprobatxatu zuten eta gutxien espero zenuena ere dantzan ikusteko aukera izan zen.
Beraz, aurtengo festek ere nota altu-altu batekin aprobatu dute, batzuetan jende gehiago gerturatzea eskertuko genukeen arren. Izan ere, auzoetako festek beti izaten dute herrikoek baino nortasun handiagoa, berexiagoak dira, eta zer esanik ez Sanestebanen kasuan! Pena bakarra, ekintza guztiak antolatzeko garaian oso kontuan izan behar dugula errentabilitatea, eta beraz, agian hurrengo urtean katxiak garestixeago aurkituko dituzue, baina hori ez dadila izan festetara ez gerturatzeko aitzakia!
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!