Iritzia: San Roke jaiak

Erabiltzailearen aurpegia Ainhoa Aiertza 2009ko ira. 3a, 20:14

SAN ROKE JAIAK
• Ainhoa Aiertza

Aurten, 24 urte dira San Roke jaietan parte hartzen hasi nintzela. Urte horietan guztietan gauza batzuk hobetu eta beste batzuk galdu dira. Batzuk aipatzearren, festetarako beharrezko diren elementu guztiak hasieran asto edota idiekin igotzen ziren, gero traktorearekin, eta orain berriz, todoterreno ibilgailuekin. Lehen toldo baten azpian ospatzen ziren jaiak, orain auzotarrek egin zuten harrizko aterpe eder batean. Galdu denaren adibidea, lehen festak antolatzen zituen taldea oso ugaria zela, eta egun gutxiago garela litzateke.

Sanrokeak ezin dira herriko beste festekin alderatu. Ekitaldi gutxiago ditugu, baita diru gutxiago ere, eta jai xumeak badira ere, mendi magalean jaia antolatzea ez da txantxetakoa. Ez dago urik, ez argindarrik, bertara igotzeko bidearen egoera txarra da, eguraldi txarrarekin areagotzen dena, eta adinean aurrera doazenak ezin dute jada mendira igo, gainera, herritarren oporraldi garaian ospatzen direla ikusita, jai jendetsuak izateko arriskurik ez dago. Hala ere, festetan mendira igotzen denari atsegin handiz agurtzen eta eskertzen zaio bisita.

Azken urtetan egin diren aldaketei erreparatuz, duela urte batzuk, abuztuaren 15ean umeen eguna ospatzen zen. Azken 7 urtetan San Rokeko mendi lasterketa egiten da. Aurten adibidez, 83 korrikalarik hartu dute parte, udako egun beroena izan bada ere. Abuztuaren 16a San Roke eguna izaten da. Goiz goizetik, mendi magalean, trikitixa, bertsolariak, auzoko hildakoen aldeko meza eta bazkaria izaten dira. Garai bateko harrijasotzaileen proba desagertu bada ere, azken urteetan toka txapelketa ospatzen da eta urtetik urtera parte hartzaileen kopurua goruntz doa. Aurtengo bertsolariak Peñagarikano eta Mendiluze izan dira, eta besteak beste, toka txapelketako 3. postua lortu zuten. Abuztuaren 22an, oilasko joko eguna ospatu zen. Zenbait urtetan jende gutxi elkartu ostean, aurten 10 gazte ibili ziren trikitilarien laguntzarekin, auzoan barrena baserriz baserri dantzan eta oilaskoak biltzen. Gauean berriz, bertso afarian kriston giroa jarri zuten Egaña eta Maia bertsolariek eta 50-60 urte bitarteko lagun multzo handi batek. Jaia dantzan eta bertsoekin gozatuz amaitu zen.

Festen amaieran balantzea egiteko garaia da. Funtsean, aurtengo jaiak ondo atera dira. Eguraldia ona izan da eta auzotarren eta herritarren parte hartzea bikaina izan da. Baina inoiz mendia, urtetik urtera urriagoa dena, dirua edota trabei aurre egin eta lanerako gogoa duen jendea faltatzen bada, jaiak arriskuan egongo dira.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!