Iritzia: Villabonako jaiak

Erabiltzailearen aurpegia Eneko Arteaga 2009ko ira. 3a, 20:13

JAIAK barne-barnetik • Eneko Arteaga
“ZAPORE GARRATZEKO SANTIOAK”

Apirila ingurua izango zen Udalak lehen festa bilera deitu zuenean. Urtero bezala ilusioa eta festa gogoa uztartu zitzaizkidan, eta aurten ere jai politak antolatzeko aukera bikaina ikusten nuen. Iazko marka haustea zaila izango zen baino irudimen eta ilusioarekin, gerturatzeko aukera bazegoen aurten ere.

Lehen bi bileretara soilik agertu nintzen, izan ere nire ilusio eta gogoak segituan lur jo zuten eta bileretara joateari utzi nion. Izugarrizko jendetza bileran, erabat harrituta gelditu nintzen, baina segituan ohartu nintzen han kontseilari asko eta antolatzaile gutxi zegoela. Hala ere urteroko elkarteek ez zuten hutsik egin eta ondorioz, festa txukunak antolatzea lortu genuen.
Jaien lehen egunean herri afaria eta danborrada potentea izan genituen protagonista. Azken urteetako joerari eutsiz, goruntz egin duten bi ekitntza. Jarraian Santio eguna etorri zitzaigun eta nola ez, herrian indar handia hartu duen Euskal Jaia. Hainbat berezitasun zituen aurtengo edizioak, txaranga, trikiti gaua..., eta egia esan, harrera ezin hobea izan zuten. Konturatzerako igandea, Santa Ana eguna, non Anje Duhalderen emanaldia nabarmenduko nukeen. Ez zen Anjeren kontzerturik onena izan, ahotsa ez zuen oso fin, baino berezia izan zen, urteak baitziren jaietan kantaldirik eskaintzen ez zela.

Astelehena atseden eguna, bereziki eskertu nuen eguna, bezperako gau luze eta politaren ondoren errekuperatu beharra zegoen. Pilak kargatu eta a tope Gazte egunean. Urteroko hitzordu garrantzitsu bihurtzen ari den ekintza dugu berau. Batukada, bazkaria, kontzertua..., ekintza ugari izan genituen eta guztiak giro ezin hobean burutu ziren.

Festak ere azken txanpara iristen hasiak ziren eta uztailak 29 zioen egutegiak, asteazkena. Egun horretan Oinkari dantza taldeak eskainitako emanaldia bereiztuko nuke. 250 dantzari eszenatokian, 7 musikari zuzenean, 1200 ikusle... Antolatzaile garenok lanean jarraitzera animatzen gaituen gau liluragarri horietako bat izan zen.

Konturatzerako, Koadrila eguneko bazkarian bazkaltzen ari nintzela ohartu nintzen. “Arteaga, hau bukatzen ari duk” nioen nire baitan. Egun berezia benetan, kuadrilarekin bazkaltzen hasi eta herritarrekin solasean amaitzen duzun jaia.

Denok dakizuen bezala, ordea, aurtengo jaiak ezbehar batek zikindu ditu, Remi Ayestaran lagunaren heriotzak hain zuzen. Hainbat bilera eta antolakuntza lanetan egin genuen topo biok, energiaz gainezka egoten zen beti, herri mugimenduari erabat lotuta. Solasaldi eta eztabaida ugariren ondoren, herriarekiko maitasunak batzen gintuen biok. Ederra zen telefono dei baten atzean, bere laguntza, bere inplikazioa, bere babesa aurkituko nuela jakitea. Hitzetatik ekintzetara bi aldiz pentsatu gabe igarotzen zen horietakoa zen Remi. Hutsune handia herriarentzat, hutsune handia bere ingurukoentzat. Baina bizitzan aurrera egin behar dugu eta orain, berak hasitako lana amaitzean dago gakoa, berak bultzatutako herri mugimenduari jarraipena ematean. Helburu nagusi batekin, nola deitu ez dakidan baino harro sentiarazten nauen herri honen hobekuntza eta aurrera-pausoekin.

Ez nuke amaitu nahi Antton Pebet Behar Zanako pilotari angeluarra aipatu gabe. Aurtengo jaietako pilota txapelketa berak irabazi zuen Lizaso pilotariarekin batera. Atzelari bikaina eta Behar Zana elkarteari egun zoriontsu ugari eskaini dizkiona. Bihotzeko batek gure artetik eraman du pilotari handia 22 urterekin. Golpe latza bere inguruko guztiontzat.

Lagun batek esandakoak benetan hunkitu ninduen: “Arteaga, gogorra duk astebetean bi mobil zenbaki ezabatu behar izatea...”. Bizitzak horrelako une gogorrak ditu, baino datorren bezala hartu eta amets berriak jorratzen hasi beste aukerarik ez zaigu geratzen. Ea hurrengo urteko jaiek zapore hobea uzten diguten.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!