Tristurak pozari gaina hartu zien aurtengo Santio jaietan

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2009ko ira. 3a, 20:12

Remi Aiestaran alkateordearen heriotzarekin, betiko oroituko dira aurtengo Santio jaiak

Uztailaren 24an, giro ederrean eta plaza jendez gainezka zegoela eman zitzaien hasiera 2009ko Santio jaiei. Umorea eta festarako gogoa sumatzen zen kaleetan eta Lakunza areto futbol taldeko kideek suziria jaurti ondoren, ekintzaz betetako asteari hasiera eman zitzaion. Hasierako poza, ordea, tristura bilakatu zen uztailaren 31ko gertakarien ondoren. Jaietako azken arratsaldean izugarrizko tentsio uneak izan ziren herrian. Auzitegi Nazionalak Etxeratek deituriko ekitaldia debekatu egin zuen eta erabaki hori burutzeko, Ertzaintzaren agerpena handia izan zen. Tentsio horren baitan, ertzainekin izandako ika-mikaren ondoren, bihotzekoak jota hil zen Remi Ayestaran Udaleko alkateorde eta zinegotzi gaztea, 27 urte zituela. Gertaerak sekulako samina sortu zuen herrian eta jaiak bertan behera geratu ziren berria jakin bezain laster. Tristurak hartu zuen herria ondorengo egunetan eta Santio jaiak ahanzturara igaroz, agurra, manifestazioak eta greba egin ziren omenaldi eta salaketa modura.

Alaitasunetik hustasunera
Alaitasunetik hustasunera, oso tarte laburra izan zen. Aurreko egunean, uztailaren 30ean, giro ederra nagusitu zen koadrilen arteko Etxe-Ondoko bazkarian aurrena eta herriko kaleak zeharkatu zituen kalejiran gero. Lehen egunetik bide onean abiatu ziren jaiak eta aurten ere, herritarren parte hartzea nabarmentzekoa izan zen hasieratik. Uztailaren 24ko herri afaria eta ondorengo danborrada horren adibide garbiak dira. Santio eguneko Euskal Jaia ere ederki txertatuta dago herrian eta aurten ere, jende asko erakarri zuen zanpantzarren deiarekin hasi zen jaiak. Iaz bezala giza dorrerik egin ez bazen ere, jende ugari bildu zen Herria Kantuz ekimenak bideratutako kantaldian parte hartzera nahiz sagardo dastaketara, baita ondorengo afari eta trikiti maratoira ere. Gazte egunak bezala harrera beroa izan zuen jubilatuen egunak ere eta zer esanik ez, haurrek egunez egun gozatu egin zuten eurentzat prestatutako ekintza ezberdinetan.


Buruhandi berriak
Buruhandi berriak sarritan atera ziren kalera eta lau erraldoiekin batera, konpartsa osatuagoa ikusi ahal izan zen. Sokamuturra kiroldegiaren azpialdeko zelaian egin zen aurten lehenengoz eta herriaren erdian kokatuta, ikusle goiztiar ugari gerturatu zen. Ikusteko, dastatzeko, entzuteko, dantzatzeko, kirola nahiz parranda egiteko…, denerako tartea eskaini dute villabonatarren bihotzean gordeta geratuko diren 2009ko Santio jaiek. Haatik, jaien oroitzapen alai eta goxoagatik baino gehiago, herriak asko maite zuen laguna galdu zuelako geratuko dira herritarren barruan iltzatuta.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!