Iritzia: Adunako jaiak

Erabiltzailearen aurpegia Eneko Zabala 2009ko ira. 3a, 20:11

JAIAK barne-barnetik
• Eneko Zabala

Abuztuak 13, osteguna. Kostata baina azkenean iritsi ziren Adunako jaiak. Urtero bezala luze joan ziren bezperako egunak. Herritarrok, jaiei hasiera emango zien suziriaren “danbatekoa” noiz entzungo zain geunden, urduri. Nola ez ba Adunako Amabirjinak hastear izanda!

Herriko tabernako kideek izan zuten txupinazoa botatzeko ohorea, eta honek eman zion hasiera lehen egunari; oilasko-jokoa, ume jolasak, herri afaria… Lehena izanik egun animatua izan zen, baina hala ere hurrengo egunekoa, ostiralekoa, hobea izan zen nire ustetan behintzat; koadrilen eguna izan baitzen. Aurten, “Basopeta” koadrilari zegokion bazkaria prestatzea. Urtero bezala, zortzi koadrila inguru elkartu ginen bazkarian, eta egia esan arratsalde ederra igaro genuen txarangak lagunduta. Adin guztietako jendeak parte hartzen du egun horretan; zahar,  gazte eta ume. Ondorioz, giro ezin hobea sortzen da.

Larunbatean, berriz, Amabirjin eguna izanik, ekitaldi ugari izan genuen egun guztian zehar: umeen dantza, axeri dantza, herri kirolak, asto karrera… Aipatu beharra dago herri kirolen ondoren izan zen sorpresa. Herriko bi taldeek beren lanak bukatu zituztenean, behi bat plazaratu zuten, eginkizuna ondorengoa zelarik: talde bakoitzetik taldekide bana hartu eta behia jetzi behar zuten. Irabazlea, sagardo botilla bat aurrena esnez betetzen zuena izango zen. Lan honetan zehar hainbat xelebrekeri ikusi behar izan genuen, normala den moduan. Zer pentsatu ote zuen behi gizajoak!!
Eta konturatzerako igandea iritsi zen, jaien azken eguna. Aurten aldaketa bat izan zuen egun horrek. Orain artean goizean sagardo proba izaten zen eta eguerdian txekor-jatea. Oraingoan, ordea, sagardo proba arratsaldez izan da, hau da, txekor-jatearen ondoren. Jendeak bazituen bere zalantzak aldaketa hori egokia ote zen, ez ote zen… Hala ere, nire aburuz behintzat, askoz ere arratsalde animatuagoa geratzen da aurten egin den moduan, nahiz eta bakoitzak bere iritzia izango duen. Gauean bertsolariak ere izan genituen, eta azken dantzaldia Astiasaran anaiekin egin genuen.
Honenbestez bukatu ziren Adunako jaiak. Atsedenik gabeko lau egun neketsu bezain zoragarri izan ziren. Lehen eguneko poza eta ilusioa azken eguneko tristurak jan zituen. Hainbeste algara egin ostean pena ematen du jaiei amaiera emateak. Baina lasai, datorren urtean berriro ere itzuliko dira Amabirjinak, eta aurtengoak bezain onak edo hobeak izan daitezela!!!

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!