Iritzia: Larraulgo jaiak

Erabiltzailearen aurpegia Olga Villa Basterretxea 2009ko ira. 3a, 20:10

JAIAK barne-barnetik
• Olga Villa Basterretxea

Aproposak. 2009ko San Estebanak ez dira nolanahikoak izan Larraulen. Aurten, biztanle berrien eta gaztetxoen partaidetza izan da akaso beste urteetatik gehien bereizi dituen alderdia.

Txaranga, zikiro-afaria, plater tiroketa..., beste berrikuntza txiki batzuk ere izan dira. Txaranga hamabost herritarren artean osatua dago eta nahiz eta musika tresna gutxi batzuk izan, gehienok turuta jotzen dugu. Aldez aurretik lauzpabost aldiz entsaiatu, gero gurdia prestatu (ijito nomaden tankeran) eta azkenik txupinazoarekin batera plazaratu ginen.

Zikiro afaria ere berri samarra da gure herrian. Lehen, egun horrekin, gazte afaria egiten genuen geuk prestatuta. Egun, Larraulgo Urbeltz plazan aharia erre eta bertan giro ederrean afaltzen da.
Festetako beste ekintza kurioso bat, jada ohitura bilakatzen ari garen kanabera baten luzera-asmatzea da. Jaietan zehar tabernatan euro baten truke dauden boletoetan, plazan zintzilik dagoen kanaberaren luzera idatzi eta asmatzen saiatu behar da. Apustu egin, azken egunean neurtu eta asmatzen duenak jasotako diruaren erdia eramaten du.

Kritika apur bat egite aldera, alde baikorra ekarriko dut gogora: Gaztetxoen parte-hartzea (zerbitzatzen, mahaiak atontzen laguntzen…) antzeman da eta hori pozgarria da.

Herriko alkatearen bete-beteko dedikazioa: berdin izerdi patsetan lanean zein  herritarrekin dantzan. Hori da sasoia hori!! Nola ez, aurten ere ez dugu herritarrek jokatutako herri kirol faltarik izan.

Batzuen artean: fardo jaurtiketa, harri jasotzea…,  eta hain berezia den pirikario lasterketa. Ea luzaro irauten digun ekintza polit horrek.

Bestalde, eta aurrerantzean kontuan edukitzeko,  zenbait kontu ere aipatuko ditut: Badira urte batzuk Elizalde Baserri zaharreko txosna desagertu zela. Hura zen leku aproposa eta librea gure gisara dantzatzeko, ibiltzeko eta antolatzeko. Elizaldeko hutsunea sentitzen dugu askok eta biziki estimatuko genuke hurrengo belaunaldietako gazteek antzeko zerbait asmatuko balute.

Gauetako egitarauari buruz ere, bada aipa daitekeen zerbait. Trikitixa oso gustuko dugun arren, jaietako egunen batean beste musika mota bat sartuko nuke egitarauan; kontzerturen bat edo…
Herriko jaiak xumeak eta egunerokotasunetik aldentzeko aproposak iruditu zaizkit. 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!