Larraulen abuztuan jairik jai

Aspertzeko tarterik ez da izaten Larraulen abuztuan. San Esteban jaiekin ematen diete hasiera hilabeteari eta San Bartolome eguneko ekitaldiez gozatzeko aukera ere izaten  dute abuztuaren 24an.


Uztaileko azken egunean hasi ziren San Esteban jaiak. Haurrentzat prestatutako ekitaldien ondoren, jaien hasierako txupinazoa bota zuten udaletxeko balkoitik. Azken urteotako ohiturari jarraituz, herritarrek osatutako txarangak alaitu zituen jaietako lehen momentuak. Iluntzean, berrogeita hamar bat lagun bildu zen zikiro jatera eta ondoren, nahikoa dantza egiteko aukera ere izan zuten.
Jende ugari hurbildu da aurtengo San Esteban jaietara. Hala azaldu du Xabier Mujika alkateak: “Zenbait ekitaldi jendetsu izan dugu. Larunbat iluntzean, esaterako, jende asko bildu zen plazan, Kupela taldearekin dantza egitera. Pintxo txapelketaren ondorengo dastaketara ere jende asko gerturatu zen eta zer esanik ez igande arratsaldeko bertso saiora”.

San Bartolome jaiak
Sanbartolomeak ere ospatzen dituzte larrauldarrek. “Jende asko kanpoan izaten da egun horietan, baina hala ere, uste baino jende gehiago ibili da aurten. Abuztuaren 23rako pala txapelketa antolatu genuen eta oso giro polita sortu zen. Haurrak eta haien gurasoak bildu ziren eta bero zakarra bazegoen ere, jendeak ondo pasa zuen. San Bartolome egunean ere jende asko gerturatu zen. Goizeko txirrindularitza igoeran 22 partaide izan ziren eta ondoren, hamaiketakoa egitera bildu ziren herritarrekin batera. Ahari eta idi frogek ere ikusmina sortu zuten eta iluntzean, Solano musika eskolako ikasleen saiora jendetza polita bildu zen. Gauean, Urarte taldearen dantzaldiak eman zien amaiera aurtengo jaiei”, azaldu du Xabier Mujikak.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!