Sorabillako jaiak, egitaraua

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2009ko ira. 3a, 20:08

Ostiralean, hilaren 4an hasi eta asteartean, hilaren 8an amaituko dira jaiak. Bitarte horretan, Juantxo Arregiri egingo zaion omenaldia eta ardi txakurren txapelketa dira ekitaldirik deigarrienak, iazko egitarauarekin alderatzen badugu behintzat. Igandeko meza bukatu ondoren dago iragarrita Sorabillako auzotarrek Arregiri eskaini nahi dioten omenaldia. Auzotarrek ez ezik Andoaingo herritarrak, “Aupa Sorabilla” txaranga, eskopeteroak, Axeri Dantza eta Urki dantza taldeak... Jende eta kultur talde ugari bilduko da frontoian, Axeri Dantzaren alde hainbeste eman duen herritar honi esker ona adierazteko.

Egun berean, arratsaldean, bost artzainen eta beren txakurren trebetasuna ikusteko aukera izango da; tartean, Mikel Eguren Leizotz auzoko gaztea. Igeluts baserriko zelaian egingo da saioa.
Bestelakoan, urtez urte erantzun ona lortzen duten ekitaldiz dago beteta egitaraua. Jaien hasiera era zaratatsuan iragarri ohi duten txupinazoa eta kanpai errepikaren ostean datorren zikiro jatea aipatu beharko genuke lehenbiziko eta behin. 150 pertsonetik gora bilduko ditu jada usadio bihurtu den afari honek; Los Rubi taldearen doinuek alaituko dute gaua.

Larunbatean, haurren eguna
Belkoaingo II. Krosaren ondoren hasiko dira haurrentzat begira egunean zehar antolatu diren hainbat ekitaldi. Lasterketa, lokotxa biltzea, zaku karrera, pitxerra haustea, puzgarriak, astoak, gazte berbena Lumagorri taldearekin... Haurrak leher eginarazi eta puska baterako asetuta utzi eta gero, koadrilen afaria etorriko da; jatekoa, nork berea eraman beharko du. Berriz ere Los Rubi izango dira musikarekin, oholtza gainean.
Igandean, aipatu diren omenaldia eta ardi txakurren lehiaketaz gain, sagardo dastaketa izango da. Kantatzera edonor animatzen duen Herri Kantu taldeak alaituko du arratsaldea.

Alberto Agirre abesbatza
Bukatzeko, Ama Birjinaren eguna den asteartea ere ekitaldiz josita dator. Meza nagusia abesbatzarekin, auzotarrentzat hamaiketakoa, Aitor Mendiluze eta Unai Agirre bertsolariak eta pilota eta toka txapelketak izango dira egun horretan.

SORABILLAKO JAIAK 09: EGITARAUA
Irailak 4, ostirala
20:00 Txupinazoa, suziriak eta kanpai errepika. Ondoren, kalejira trikitixarekin.
22.00 Zikiro afaria.  Ondoren, Musika gaua Los Rubi taldearekin.
02:00 Txokolate beroa.

Irailak 5, larunbata
10:00 Belkoaingo II.mendi-krosa.
11:00 Haur jolasak. Lasterketa, lokotxak, zakuak, pitxerrak... Sariak partaide guztientzat.
17:00 Haur parkea: puzgarriak, astoak...
18:00 Gazte berbena:  Lumagorri.
20:00 Sardina jatea, “Aupa Sorabilla” txarangak alaituta.
21:30 Koadrilen afaria. Nork berea.
22:00 Dantzaldia Los Rubi taldearekin.

Irailak 6, igandea
10:30 Diana eskopeteroen konpainiarekin. “Aupa Sorabilla” txaranga.
11:30 Meza nagusia.
12:15 Omenaldi herrikoia. Juantxo Arregi Axeri-Dantzako buruzagia omenduko da aurten.
12:30 Hamaiketako herrikoia.
17:00 Ardi txakur txapelketa.
19:00 Sagardo dastaketa. Herri Kantu taldeak alaiturik.

Irailak 8, asteartea
11:30 Meza nagusia. Alberto Agirre abesbatzarekin.
12:15 Hamaiketakoa auzotarrentzat.
12:30 Bertsolariak: Aitor Mendiluze eta Unai Agirre.
17:30 Pilota eta toka haurrentzat.
18:00 Pilota eta toka txapelketak.
19:00 Sari banaketa eta jaien amaiera.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!