Hogei minutuko tartean, 900 kiloko harriarekin zenbat plaza egin. Itsason abuztuaren 23an burutu zen apustuaren muina izan zen. Aurrez aurre, marka hobea egiten nor baino nor aritu ziren etxekoak eta hara joandako Urnietako Sansonarri elkartekoak; Xabier Yurramendi, Aitor Zumeta, Aitor Argiñarena, Mikel Olano, Joxe Joakin Lasa eta Jon Sorron. Azkenean, 27 plaza eginda Itsasokoek amaitu zuten garaile, atzetik urnietarrak 21 plazarekin. Sansonarrikoek hiru entrenamendu saio eginda soilik parte hartu zuten aipatu kirol proban. Aldiz, oso ondo prestatuta irten ziren proba tokira euren aurkariak, urnietarren arabera. Bitxikeria moduan, herri kirol elkartetik jakinarazi dutenez, txapela baten bila joan ziren Itsasora, baina pare batekin etxeratu ziren. Hain zuzen, hango herriko jaietan, kirol saioa amaituta, mus txapelketan ere parte hartu eta Yurramendi-Argiñarena bikoteak amaitu baitzuen garaile.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!