Arau Subsidiarioen dokumentua
Herri Antolakuntzarako Plan Nagusiari lotutako dokumentua berridatzi beharko da, hala erabaki zen gehiengo osoz uztailean burutu zen osoko ohiko bilkuran. UDA-k, ezker abertzaleak eta EAJ-PNV-k babestu zuten erabakia. Antza, erreklamazioak aurkezteko ireki zen epean, 37 alegazio aurkeztu eta aldaketa sakonak proposatzen ziren. Horri lotuta, datozen asteotarako, Udalak parte hartze batzordearen bidez, bilera ireki sorta antolatu du Lekaion, herritarrekin etorkizuneko Urnietaz hitz egiteko. Gaika antolatu dira bilkura hauek. Hala, etxebizitza, industria edota oinezko bideei buruz jardungo dute. Bileren egutegia, agenda atalean ikusgai.
KIROLDEGIKO AURREPROIEKTUAK
Kirol instalazioak berritzeko aurreko hilabeteetan, Urnietako EAJ-PNV-ko eta PSE-EE-ko zinegotziek euren proposamenak aurkeztu zituzten. UDA-k ere berea aurkezteko asmoa du. Ostiral honetan, irailak 4, kirol instalazioen eraberritzeari buruz jardungo dute Lekaion antolatu den bilkura irekian. Arratsaldeko 19:30etik aurrera, dauden proposamen desberdinak hizpide izango dituzte kultur etxean. Herritarren parte hartzea sustatzeko, Udalak parte hartze batzordearen bidez antolatu duen bilera sortan lehena izango da gaurkoa.