Donostiako Aste Nagusiko kartela zurea izan zen, eta Sanmieletakoa ere zurea izango da, ilusio berezia egin al dizu herrian irabazteak?
Maitane Bernardo: Badira lau urte herrian parte hartzen dudala eta azkenean irabaztea lortu dut. Oso pozik nago. Arrazoi ezberdinengatik bada ere, Donostiakoak eta honek antzeko poza eman didate.
Bertakoa izatea abantaila izan al da?
M.B.: Errazagoa egiten da. Gertatzen dena da Urnietako festak ez daukala ordezkatuko duen ekitaldi berezirik. Eta ezaugarri izango den ezer berezirik ez izate horrek gure lana zaildu egiten du.
Esaiezu irakurleei nolakoa den ikusiko dugun kartel irabazlea.
M.B.: Azken urteetako Urnietako jaietako kartelen estilotik nahikoa urruntzen da. Umeen marrazkien itxura zuten eta oso beteak ziren. Saiatu naiz hortik ateratzen, nire estiloa ere bestelakoa delako. Eta horrela Samielen M hizkia Udaletxeko arkuekin egina dago teilatutxo batekin. Eta hortik ateratzen dira koloretako burbuila batzuk. Aldi berean, goian, txupinazoko suziria ikus daiteke. Jaien hasierako txupinazoaren gunea jasotzen du. Oso modu xinplean, fondo zuriarekin.
Eta orain zer?
M.B.: Orain diseinu grafikoko ikastaro bat egingo dut, eta zaila egonagatik lan egiten saiatuko naiz, beti ere kartel lehiaketak alde batera utzi gabe.