Bertso eskola abian jarri nahi dute Andoainen

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2009ko ira. 3a, 19:17

Jon Eskudero eta Ion Beloki gazteak dira ekimenaren bultzatzaileak. Aurten bertan nahi lukete bertso eskolako ateak irekitzea, eta horretarako, bertsozale den edonor gonbidatzen dute bertara dadin. Izena emateko edo informazio gehiago eskuratzeko, bi telefono zenbakitara deitu behar da: 61500469 (Ion) eta 606409095 (Unai). Ion Belokik egin du eskolan parte hartzeko deialdia:

Zer dela eta bertso eskola?
Ion Beloki: Badakigu Andoainen badagoela bertsoen inguruan mugitzen den jendea, nola edo hala bertsotan aritzen dena edo gustura arituko litzaketekeena talde giroan. Horiei denei ikasten eta sakontzen jarraitzeko bidea erraztu nahi genieke.

Nola daukazue ekimena une honetan?
I. B.: Ionek eta biok eman dugu lehen pausoa; prest gaude gure gain hartzeko bertso eskola baten sortzeak eskatzen duen borondatezko lana. Bertsozaleen Elkartearekin harremanetan jarri gara, hurrengo lana ekimena Andoaingo udaleko kultur sailari aurkeztea izango da.   

Irakaslea ere bilatu duzue dagoeneko...
I. B.: Unai Muñoa bertsolari lasartearra eskola emateko prest azaldu zaigu. Gipuzkoako ikasteetxetako haurrei bertsogintzako ikasgaia ematen die Bertsozaleen Elkartearen izenean, eta eskarmentu galanta duen irakaslea da alde horretatik.
Eskolara bertsozalerik hurbiltzeko itxaropena baduzue...
I. B.: Dagoeneko kuadrilako bi mutilek esan digute azalduko direla eskolara, eta hortik aurrera iruditzen zaigu pertsona gehiagok emango dutela pausoa, hasierako lotsak edo errezeloak ahaztuta.

Profil berezirik bete beharko du eskolako ikasleak?
I. B.: Argi utzi nahi dugu eskolak bertsozale den edonori irekiko dizkiola ateak. Eskolaren helburua ez da izango plazaz plaza jardungo duten bertsolariak sortzea, baizik eta bertsoaren jolasa edo kultur adierazpena ahalik eta jende gehiagorengana zabaltzea herrian. Alde horretatik inor ez bedi beldurtu, ikasle bakoitzaren beharretara egokituko da-eta eskola. Jendaurrean kantatzea helburu duena bezain gustura sentituko da bertsoa osatzeko teknikak ikasi nahi dituena.   

Zuek biok bertsotan aritzen zarete, ezta?
I. B.: Bai, bazkalostetan eta taberna giroan jarduten dugu gehienbat. Herri mailako kultur ekitaldietan ere kantatu izan dugu, hala eskatu digutenean. Taula baten gaineko azken saioa Santakrutzetan izan zen, herri bazkarian.   

Zuek  bion kasuan, eskolara zertara joango zarete?
I. B.: Gu autodidaktak gara bertsoaren munduan. Ikastetxean oinarrizkoa ikasi genuen eta geroztik geure kabuz aritu gara gaur arte. Zortziko txikian edo handian aritzen gara gehienbat, eta ohartzen gara zenbat muga dauzkagun: doinuak eta errimak gehiegietan errepikatzen ditugu, ez gara hamarreko handia moldatzeko gauza... Gauden tokitik pauso bat aurrera egin nahi genuke, eta bertsoak osatzeko teknikak ikasi, jendaurreko patxada gureganatu...
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!