Mutil saiatua eta herriari emana, bete-betean ari zen herrigintzaren alde lanean. Herriko jaietan ere, parrandan baino gehiago ikusi genuen ekintzen antolaketa lanetan. Lan horretan ari zela utzi gintuen, ahaztea ezinezkoa izango den Santio jaietako azken egunean. Uztailaren 31n tentsio egoera handiak bizitu ziren herrian eta giroa baretu nahian zebilela, bihotzekoak jota, ezustean, bat-batean iritsi zen gertaera latzaren berri.
Amasa-Villabonako berriemaile naizen aldetik, herritar nahiz gazte modura, esker oneko hitzak besterik ezin ditut idatzi; bai aldizkariarekiko erakutsi zuen jarreragatik, Udaleko egitasmoen berri emanez; bai herrigintzan egin zuen lanagatik, ekimen ezberdinak aurrera atera zitezen gogoz eta ilusioz lanean arituz, aste egunez bezala asteburuz; bai bere izaeragatik… Ez zen ohikoa irribarrea galduta ikustea, patxadari eusten zekien mutila zen. Tipo bereziki sanoa, oso gertura erraza. Batekin eta bestearekin lasai ederrean aritzen zen solasean, adina zein ideologia muga bihurtu gabe. Topikoak alde batera, mutil maitagarria zen, ezagutzen zutenek maite zuten: ikusi besterik ez dago herri osoarengan gertaerak izan duen pisua eta erakutsitako erantzuna. Egungo gizartean galdu samarturik dauden borondatea eta umiltasuna zituen berekin. Dudarik gabe, bihotzean gordeko dugu bere irudia.
Senideei, neska-lagunari, lagunei, Udaleko kideei, lankideei…, besarkada bana. Mina baretzean, birikak arnas berriz betetzean, bere oroimena aurrera egiteko indarra izango da.
Ainhoa Arozena Gabirondo