Esperientzia aberasgarriarekin beteta

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2009ko ira. 2a, 12:13

Ekainaren 18an abiatu ziren Arkaitz Lasa andoaindarra, Unai Zendoia villabonatarra eta Oskar Porras donostiarra Karakorumera, Gasherbrum I eta II mendietara.

Ia bi hilabete igaro dituzte goi mendietan eta oso esperientzia aberasgarria izan dela adierazi dute eskualdeko bi mendigoizaleek. “Mendiko bizipenez gain, herrialde berri batean egoteak, hango kultura, ohiturak eta bizimodua ezagutzeko aukera ematen du”, azaldu du andoaindarrak. Islamabad-en  geldialdia egin arren, segurtasunagatik ez zuten hiriburua ikusi, “kalean ibiltzea komeni ez zela eta babestu egin gintuzten. Iritsi eta hurrengo egunean bertan hartu genuen Scardura hegazkina. Todoterrenoan egun bat igaro ondoren, treking-arekin hasi ginen segidan”, gehitu du villabonatarrak. Argazkiak eta errealitatea ezberdinak izaten dira gehienetan. Unaiek adierazi duenez, “argazkiak ikusi arren bertan egotea zeharo ezberdina da. Nepaleko inguru berdearekin alderatuta, paisaia oso-oso lehorrarekin egin genuen topo: hondar eta hauts askorekin, basamortuko paisaiarekin ia”. Arkaitzen esanetan, “behin gora abiatu eta glaziarrak agertzen hastean, aldatu egiten da paisaia”. Joaterakoan nahiko suerte izan zuten mendizaleek, “bero eta lehor, baina eguraldi ona izan genuen. Jaitsieran bero handiagoa egin zigun. Glaziarra bera ere itxuraldatuta zegoen: jaitsieran harri gehiago ikusten zen. Igoeran izotzaren gainean egin genuen bidea denbora askoan”. Etxetik abiatu eta mendira iritsi zirenerako denbora asko igaro zela aipatu dute: “uztailaren 1ean ailegatu ginen kanpamendu nagusira”.

Kanpamendu nagusia
Kanpamendu nagusira joateko baimena 12 lagunen artean partekatzen zuten eta aireportuan bertan elkartu ziren gehienak. “Iruña, Malaga, Madril, Alacant…, leku ezberdinetatik etorritakoak ziren gainerako mendizaleak”. Agentzia bidez lotutako zamaketari, sukaldari nahiz laguntzaileekin, denak batera abiatu ziren Scardutik gora. “Izugarrizko mugimendua izaten da, 12 pertsonentzat 115 zamaketari genituen kanpamendu nagusiraino. Gure janari eta materialaz gain, treking-ak irauten duen zortzi egunetarako behar duten janari guztia ere garraiatzen dute”. Behin helmugara iritsitakoan, bidelagunetako batzuk lana amaitu eta itzuli egiten dira, “sukaldariak eta laguntzaile batzuk geratu ziren gurekin kanpamendu nagusian, gainerako zamaketariak behera jaitsi ziren”. Koadrila polita, beraz, mendi erraldoien magalean. Unairen ustez, talde handia izateak alde on eta txarrak ditu, “eguraldi onaren zain egon behar denean entretenigarriagoa da jendartean egotea, baina beti ez da erraza”.

GII eta GI-era
Gasherbrum-erako kanpamendu nagusia 5500 metrotan kokatzen da eta altueraren eragina nabaritu egiten dela adierazi du Zendoiak, “treking-ean zehar, pixkanaka girora moldatzen joaten da gorputza. Kanpamendu nagusira iritsi eta lehen lau egunetan eguraldi txarra egin zigun, eta zain egon behar izan genuen arren, alde batetik ondo etorri zitzaigun; gora abiatu baino lehen gorputza girora ohitzeko”. Lehen lau egunetako egonaldi hark, planteamendua aldatzea ekarri ziela jakinarazi du Lasak, “lehen kanpamenduraino igo eta nagusira jaistea pentsatzen bagenuen ere, geroago abiatu ginenez, lehenengo kanpamenduan gaua pasatzea erabaki genuen, nola erantzuten genuen ikusteko. Giroari egokitze aldetik ondo aurkitu ginen eta handik bigarren kanpamendua jarri genuen. Bertan gaua pasa ondoren jaitsi ginen behera”. Hasiera batean, lehenengo GII igotzeko asmoa zuten baina elur asko egin zuenez, egoera ez zen batere aproposa eta GI-era abiatu ziren. “6500 metrotan, bigarren kanpamenduan bi gau egin ondoren, tontorrera saiakera egiteko asmoa genuen, betiere eguraldiaren laguntzarekin. Baina eguraldiak ez zigun batere lagundu eta denbora luzean egon behar izan genuen eguraldi onaren zain kanpamendu nagusira jaitsita”. Helburua tontorra egitea denean, zain egotea batere erraza ez dela aipatu dute. Unaiek zain egoteko pazientzia handia behar dela uste du, “egunak aurrera doazenean eta eguraldiak uste baino gutxiago ibiltzen utzi dizula ikustean, zaila da burua bare mantentzen. Oso mendi psikologikoak dira; horrenbeste entrenatu ondoren, gogorra da eguraldi ona noiz etorriko denbora askoan zain egon beharra. Izaerak edo pazientziak pisu handia du egoera horietan”. Arkaitzek mendiak esfortzu fisiko handia eskatzen duela aipatu du, baina mentala oraindik eta handiagoa dela, “bi hilabete denbora luzea da zain egoteko. Beti izaten da zer pentsatua. Tartean, gurekin kanpamendu nagusian zegoen Alacanteko kide baten heriotza gertatu zen, eguraldia hobetzen ikusita, gora egitea erabaki zuenean. Oso esperientzia gogorra izan zen”.

Tontorrera saiakera
Uztailaren 27an, bigarren kanpamenduraino iristeko aukera soilik izan zutela azaldu dute eta egun horretan, zortzi egunez eguraldi ona iragarri zutela, “orduan erabaki genuen tontorrerako saiakera egitea. Ez ziren zortzi egun on izan: lau egunez lehen kanpamenduan zain egon behar izan genuen, handik bigarrenera, hirugarrenera eta azkenean tontorrerako saiakera egin ahal izan genuen. Hirugarren kanpamendutik saiakera hori egiteko aukera eman zigun mendiak eta hori oso garrantzitsua da. Arkaitzek eta biok azken unean buelta hartu bagenuen ere, Oskarrek tontorra egitea lortu zuen”. Tontorra zapaltzeko 300 metro falta zitzaizkiola buelta hartzea erabaki zuen Unaiek, “gorako bidean, nekeak baino gehiago, terreno zailak bultzatu ninduen buelta hartzera, jaitsierarako indarrak gorde beharrak. Haize handia altxa zuen eta zalantza handirik gabe hartu nuen itzultzeko erabakia. Oso garbi ikusi nuen”. Lasak zalantza gehiago izan zuela adierazi du, “babesa utzi eta zonalde haizetsuan sartu ginenean, haizeak gogor jotzeaz gain, hotz handia egiten zuen. Gorputza ondo nabaritzen banuen ere, oinetako behatzak zeharo hoztu zitzaizkidan eta mugitzen saiatu nintzen arren, ez zidaten erantzuten”. Horrenbeste entrenamendu, saiakera eta diruren ondoren, tontorra zapaldu gabe etortzeak pena ematen duela adierazi dute, baina espedizio bat tontorra baino gehiago dela: “aurretik eta ondoren bizitutako guztia”. Gainera, altuerarekin ondo moldatu izanak, 8000ko mendiak igotzeko gai direla erakutsi die eta oso pozik itzuli dira, berriz ere goi mendietara itzultzeko beste aukera baten esperoan.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!