Ama Kandida, Andoaindik mundu zabalera

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2009ko ira. 2a, 12:10

Andoaingo Berrozpe baserrian jaio zen Ama Kandida, 1845eko maiatzaren 31n.
Behartsuen heziketa bultzatzea izan zen bere bizitzako helburu nagusia. Udaren atarian jakin zen santu izendatuko dutela. Maria Jesus Esnal Berrozpeko Jesusen Alaben kongregazioko kideak oso gertutik ezagutzen du Ama Kandidak egindako lana.

Andoaingo Berrozpe etxean jaio zen Ama Kandida. Nolakoak izan ziren bere lehen urteak?
Garai hartan baserria zen Berrozpe, eta etxebizitza ezberdinetan banatuta zegoen. Etxearen eskubialdean zegoen bere gurasoen bizilekua, eta bertan jaio zen Juana Josefa Zipitria Barriola, gerora Ama Kandida izango zena. Ehulea zen bere aita eta hirugarren alaba izatean, Tolosara joatea erabaki zuen familiak, egoera ekonomikoa hobetzeko asmoz. Hala ere, Andoainekiko harreman handia izaten jarraitu zuen, bere aiton-amonak hemen bizi zirelako. Izaera bereziko emakumea zen. Artean ume txikia zela, esaterako, Santio bidea egiten ari ziren erromesei ogitartekoak prestatzen omen zizkien. Behartsuei laguntzeko premia sentitu zuen bizitza guztian zehar eta horrez gain, erlijioarekiko sentsibilizazio berezia zuen.

Oso gaztea zela atera zen Euskal Herritik…
Tolosan bizi zenean, mutil gazte batek ezkontzeko eskaera egin zion, baina berak bazekien bere bizitza beste norabait bideratu nahi zuela. Bere barnea argitzeko, distantzia pixka bat hartu nahi izan zuen eta 17 urte inguru zituela, Burgosera joan zen. Zazpi ahizpetan zaharrena zen eta ez zuen heziketarik jaso, horrenbestez, neskame lanetan hasi zen familia aberats batentzat. Burgoseko familia hura Valladolidera joan zen bizitzera eta bera ere bai, haiekin batera. Valladoliden zegoela ezagutu zuen Miguel Herranz jesuita. Harrigarria da gauzak nola gertatu ziren jakitea. Garaiko giro politikoa zela eta, erlijiosoek arazo handiak zituzten, jesuitek bereziki. Hori zela eta, Miguel Herranz bere familiaren etxera itzulita zegoen, Valladoliden. Horregatik izan zuten elkar ezagutzeko aukera. Garai hartan, Ama Kandida bere barne beharrak aztertzen ari zen eta Miguel Herranzen laguntzarekin erabaki zuen bere etorkizuna erlijiora eta heziketara bideratzea, batez ere emakumeei zuzenduta. Bere ikasketa maila hobetzen ere lagundu zion Miguel Herranzek.

Zeintzuk izan ziren Jesusen Alaben kongregazioa sortzeko lehen pausoak?
Salamancara joateko erabakia hartu zuen Ama Kandidak, garai hartako hezkuntza gune nagusia bertan zegoelako. 1871ko abenduaren 8an, kongregazioa sortu eta hezkuntza arloan lanean hasi zen, hogeita sei urte zituela. Beste bost emakumerekin batera eman zituen lehen pausoak. Ez zen batere erraza izan. Lehen esan dudan bezala, garaiko egoera politikoa zaila zen eta gizarteko zenbait girotan ez ziren erlijiosoak onartzen. Hala ere, aurrera egiteko erabakia hartu eta zenbait eskola irekitzea lortu zuen, Salamancan eta inguruko herrietan lehendabizi, eta beste hainbat tokitan geroago. Gaztela inguruan hainbat ikastetxe zabaldu ondoren, Euskal Herrira zabaldu zuen bere lana eta hemen ere eskolak eraikitzen hasi ziren.

Gaur egun munduan zehar zabalduta dago Jesusen Alaben kongregazioa…
Berak argi zuen beharrik handiena zegoen tokietara iritsi behar zuela. Errealitatea aztertuz, beharrak finkatu eta horiei aurre egitea zen bere helburua eta bera hil aurretik, Brasilen bi etxe irekita zeuden dagoeneko. Pertsonak osatzen lagundu nahi zuen eta gu ere, munduan zehar zabaldutako taldeetan bizi gara helburu hori betetzeko asmoz. Filipinetan, Hego Amerikako hainbat herrialdetan, Afrikan, Asian…, premia larrian dauden herrietan gaude. Herrialde horietara joatean antzematen da Ama Kandidak bere bizimoduarekin zabaldu zuen mezu berezia. Bere barruko nortasunari entzuteko izan zuen indarra; askatasunez eta ausardiaz aurrera eraman zuen bizimodua ezagutzeak indarra ematen die beharrean daudenei.

1996an beatifikatu zuten Ama Kandida eta uztailean iritsi zen kanonizazioaren inguruko berria. Nola hartu duzue albistea?
Pozik hartu genuen berria, bere lana ezagutarazteko modu bat izango delako. Hala ere, guretzat garrantzitsuagoa da bere bizimodua bera, eta erakutsi zigun guztia. Ia heziketarik jaso gabea izanik, barruan sentitu zuen besteei heziketa eskaintzeko beharra eta ideia hori indartsu defenditu zuen. Nire ustez, pertsonaren nortasuna lantzeko ezinbestekoa da heziketa; gure kabuz pentsatzen laguntzen du, norberak bere istorioa bideratzeko garaian oso garrantzitsua da.
Horrez gain, kanonizazioaren berriak poz handia eragin du herrian. Jende askok deitu du eta Berrozpera ere beste asko hurbildu da. Guretzat pozgarria izan da herritarren maitasun hori sentitzea. Ama Kandidaren etxebizitzan egoteak lagundu egiten du erreakzio horiek biltzeko garaian.

Zein izan da Jesusen Alaben azken urteotako lana?
Ama Kandidaren bideari eutsiz, heziketa da gure helburu nagusia. Baina gizartearen beharrak aldatu egin dira eta gu ere moldatuz joan gara, horregatik, ez gara ikastetxeetara mugatzen. Gure gizarte hezitzaileak talde ezberdinekin aritzen dira: droga arazoak dituztenekin, espetxean daudenekin…, Gogo-jardunak ere egiten ditugu norberak bere nortasuna ezagutzeko aukera izan dezan. Benetako askatasuna lortzeko garrantzitsua da gure burua ondo ezagutzea eta horretan laguntzen saiatzen gara.
Azken urteotan bokazio gutxiago ditugu, baina zenbait herrialdetan gune berriak zabaltzen ari gara: Tailandian, Bangladeshen, Mozanbiken.., errefuxiatuekin lan egiten dugu. Bereziki, emakumeen heziketa lantzen saiatzen gara, euren eskubideen alde lan egiteko gaitasuna izan dezaten. Hego Amerikako Fe y Alegría erakundearekin ere lan egiten dugu, gune behartsuetan eskolak eraikitzen. Bestalde, FASFI izeneko gobernuz kanpoko erakundea ere badugu. Erlijiosook eta laikoek parte hartzen dugu erakundean.

Noizko espero da kanonizazio ekitaldia?
Oraindik ez dakigu, baina bi urteko epea aipatzen duenik bada. Aita Santuak dagoeneko onartu du Ama Kandidaren mirariak biltzen dituen dekretua eta hori da Santu izendatzeko beharreko pausoa. Datei dagokienez, 1911n zabaldu ziren Brasilgo lehen eskolak eta hura gogoratzeko, 2011 urtea kanonizaziorako egokia izan daitekeela iruditzen zait, baina oraindik ez dakigu ezer zehatzik. Normalean, kanonizazio bat baino gehiago egiten da ekitaldi berean eta hori antolatzea ez da erraza.

Zer nolako ospakizunak egingo dira?
Kanonizaziorako data zein izango den ez dakigunez, ez gara prestaketa lanetan hasi. Niri iritziz, hala ere, ospakizunak antolatzeko garaian kontuan hartu beharko genuke bizitzen ari garen krisialdi ekonomikoa. Ospakizun giroa sortu behar da, baina handikeriak alde batera utzita.


BERROZPE ETXEA
Berrozpe baserrian jaio zen Juana Josefa Zipitria Barriola 1845eko maiatzaren 31n. Etxebizitza ezberdinetan banatua zegoen eta bere familia eskubialdeko bizigunean bizi zen. Urteak pasa ahala Berrozpe baserria hutsik geratzen joan zen eta 1926an enkantean jarri zuten. Oso egoera txarrean zegoen ordurako. Juan Olazabal donostiarrak erosi zuen 1926ko urriaren 12an, 12.000 duroren truke. Etxea Jesusen Alaben kongregazioari oparitzea erabaki zuen, baina etxea ez zen erabilgarri izan 1946ra arte.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!