Asmo berriak Txermingo Biltokian

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2009ko ira. 2a, 12:04

Joan zen maiatzaz geroztik, zuzendaritza batzorde berria du Txermingo Biltokiak edo Jubilatuen etxeak. Joxe Bixente Agirre da lehendakaria eta berak eman ditu azalpenak.

Joan zen maiatzaren 26an egin zen osoko bilkuran aukeratu zen Biltokiko zuzendaritza berria. Zortzi batzordekidek osatzen dute eta ahal duten bezain ondoen lanean ari direla adierazi du Joxe Bixente Agirre lehendakari berriak, “aurreko batzordekideek egin zuten lana ikusi eta haien bidea jarraitzen ari gara orain. Aurrez lan ona dago egina eta badugu non oinarritua”. Herrian lan asko egin duen jende ugari pasa dela bertatik adierazi du, “oraingo zuzendaritza berria ere gogoz sartu da eta lan ona egiten ahaleginduko gara”. Hartutako ardurak uste baino lotura handiagoa duela ere aipatu du, “ia egunero etortzen gara egoitzara. Lan asko dago egiteko, lan lotua da”.

Biltokiaren sorrera eta etorkizuna
Txermingo egoitza jatorriz Salvadorak emana zen. Txermingo etxeak eraiki zituztenean, herriari Jubilatuen egoitza jartzeko opari modura eman zion 1975 urtean. Agirreren hitzetan, “denbora batean Salvadorak segitu zuen nagusi bezala, baina gero Udalari pasa zion jabetza”. Egoitza hura hasiera-hasieratik Jubilatuen etxea izan da baina, azken urteotan, egoitzaz aldatzeko proposamenak ere bideratu direla aipatu du egungo lehendakariak, “duela bi urte, osoko bilkura batean jubilatuei egoitza berria ematea erabaki zen Salvadorako eraikin berrian”. Lokal hori berria denez, ondo egokitzeak eta ekipatzeak Udalari izugarrizko gastuak ekarriko lizkiokeela adierazi du Agirrek eta gastu horiei erantzun ezin diotenez, bestelako akordio bat egin dutela momentuz, “Udalak egoitza berria martxan jarri ezin duenez, Txermingo egoitza egokitzeko eskatu dio zuzendaritzak. Leihoak argitzeko eskatu diegu bereziki, barrutik ez baita kanpoaldea ikusten eta, alderantziz, kanpotik ere ez barrualdea. Aurrekontuak epe laburrean egingo dituzte”.

Taberna biziberritu
Biltokiko taberna biziberritzea da zuzendaritza berriak gauzatu nahi duen helburu nagusietako bat, “lehen jende asko ibiltzen zen tabernan: heldu nahiz gazte, baina azken urteetan galdu egin da ohitura hori. Berriro ere martxan jarri nahiko genuke tabernako mugimendua eta giroa; alaitasun pixka bat ekarri nahi dugu. Bertan biltzen direnentzat ere bestelako bizitasuna litzateke jendearen sartu-irtena ikustea”. Bazkari nahiz afariak eskainiz menuak jartzea ere bultzatu nahi dute eta kanpoaldean duten terraza handiari erabilera ematea, “jendea etorriko balitz, bestelako helburuak jarriko genituzke aurrera begira”. Bestalde, egoitzako funtzionamendua automatizatzen ari da Joxe Bixente, “besteak beste, orain artean bazkideen fitxa guztiak eskuz idatzita zeuden eta aurrerantzean ordenagailu bidez, errazago moldatuko gara”. Garai berrietara egokitu beharra dagoela uste du, “pare bat ordenagailu lortu ditugu eta sarean sartzean, interneteko ikastaro batzuk emateko asmoa dut”.

Ekimen ezberdinak
Orain artean bi irteera antolatu ditu zuzendaritza berriak: Aginaga sagardotegira bata eta Amurriora bestea. Orain Arantzazurako bidaia eta 25. Jubilatu astea antolatzen ari dira lanean. “Irailaren 15ean egingo da urteroko Arantzazuko irteera. Oñatiko Jubilatuen egoitzan gosaldu ondoren, Arantzazura igo eta nahi duenak meza entzuteko aukera izango du. Ondoren, Loiolako Kiruri jatetxean bazkaria izango da eta bazkalondoan, Zumaian geldialdia egingo da etxeratu aurretik”. Erantzun ona izaten du, ezbairik gabe, urteroko txangoak: “bi edo hiru autobuska abiatzen dira urtero”. Jubilatu asteari dagokionez, berriz, irailaren 28tik urriaren 4ra bitartean luzatuko da. “Astean zehar ekintza ezberdinak izango dira eta azken egunean bazkari-dantzaldiarekin emango zaio amaiera Tolosako Usabal sagardotegian”.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!