Pilota talde berria Zizurkilen

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2009ko ira. 2a, 12:03

Aurreko ikasturtearen amaieran eman zituzten Zizurkilen pilota taldea osatzeko pausuak. Beharrezko dokumentazioa aurkeztu ondoren, ikasturte berriarekin batera jarriko da martxan.

Orain arte, eskola kirola barruan sartzen zen pilota, baina hamabi urte betetakoan, pilotan jokatzen jarraitu nahi zuten gazteek Amasa-Villabona edo beste herriren bateko pilota taldeetan eman beharra izaten zuten izena.
Zizurkilgo guraso talde batek ikusi zuen elkartea sortzeko premia. Talde horretako kide da Juan Manuel Erasun: “Herrian elkarterik ez zegoenez, edozein txapelketatan parte hartzeko garaian, ezin zuten zizurkildar bezala federatu. Gabezia hori ikusita hasi ginen lehendabiziko bilerak egiten. Uda aurretik eskaera egin genuen eta ikasturte berria hasten denean eutsiko diogu gaiari berriro. Eskolako gurasoekin bildu nahi genuke, taldearen inguruko berri emateko”.

Izena emateko, udal bulegoan
Ziotza kirol elkarteak hartuko du bere barnean pilota talde berria: “Hiru arlotan banatzen da Ziotza; herri kirolak, mendizaletasuna eta pilota”, azaldu du Erasunek. “Zizurkilgo pilota taldean izena eman nahi dutenek, Aurrera plazako udal bulegoetan izango dute horretarako aukera. Iraila guztian zehar izango da zabalik izen ematea.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!