Pedro Mari Otañoren inguruko ikerketa abian

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2009ko ira. 2a, 11:36

1857 urtean jaio zen Pedro Mari Otaño bertsolari handia Zizurkilgo Errekalde baserrian eta 1910ean hil zen Argentinan.

Datorren urtean beteko dira ehun urte bere heriotzetik. Urteurrena dela eta, Otaño zenaren inguruko ikerketa egiteari ekin diote Teodoro Hernandorena taldeko historiazaleek.  
Pello Joxe Aranburu Teodoro Hernandorena taldeko kide da: “Antonio Zabalak Pedro Mari Otañoren inguruko azterketa zabala egina du, baina bere bertsolaritza eta olerkigintza hartzen du aintzat batez ere. Guk beste alderdi batzuk ere aztertu nahiko genituzke. Esaterako, Pedro Mariren pentsakera politikoa oso interesgarria dela iruditzen zaigu. Otañotarrak liberalak ziren eta bere alderdi hori ez da sakonki ikertua izan. Lan horretan hasiak gara eta datorren urterako gehiago murgildu nahiko genuke”.
Hiru otañotar izan ziren bertsolari. “Pedro Mari Otaño Tapia, guretzat ezagunagoa den Pedro Mari Otaño Barriolaren aitona, Larraulgo Larrunbide baserrian jaioa zen. Zizurkilgo Errekalde baserrira etorri zen bizitzera gaztetan. Han jaio ziren bere seme Jose Bernardo Otaño, bertsolaria hura ere; eta biloba Pedro Mari Otaño, bertsolari eta olerkari famatua izango zena”.

Izaera politiko liberala
“Lehendik ere, Zizurkilgo liberalen azterketa egin behar genuela iruditzen zitzaigun eta Otañoren heriotzaren urteurrena dela eta, horretan hasi gara. David Zapirain historialariak zerbait egina du eta Zizurkil goiko Barriola familia aipatzen du bereziki bere ikerketa lanetan. Barriolatarrak liberalak ziren eta zenbait kargu politiko ere izan zuten, Zizurkilgo Udalean esaterako. Badakigu Karlisten kontrako borrokan ere ibili zirela. Otañotar eta barriolatarren arteko erlazioa argia da, izan ere Juana Bautista Barriola baitzen Pedro Mari Otañoren ama”, argitu du Pello Joxe Aranburuk.
Azterketa lanak hasiak dituzte Teodoro Hernandorena taldeko kideek: “Antonio Zabalaren liburuan agertzen den zenbait daturi tiraka hasi gara. Errekalde baserrian eta Karidadeko Bentan bizitu zen Pedro Mariren familia eta horren inguruko zenbait dokumentu ikertzen ari gara”. “Elizbarrutiko artxiboan oso datu interesgarriak biltzen dira. XIX. mendean, Matrícula parroquial izeneko dokumentu bat egiten zen herri guztietan Iruñako gotzainaren aginduz. Herriko etxe guztien izena eta bertan bizi zirenen zerrenda zehatza biltzen zen, sailkapen berezia eginez: Jaunartzea egin zezaketenak, konfetsatzeko gai zirenak eta haurrak. Dokumentazio horri esker dakigu otañotarrek Karidadeko Benta noiz eraiki zuten eta bertan nor bizi izan zen. 1860an ageri da lehendabizikoz Karidadeko Benta”.

Errekaldetik Karidadeko Bentara
“Auzolanean eraiki zutelako jarri zioten etxeari Karidade izena. Errekalde baserrian bizi ziren ordura arte otañotarrak eta familia hazten ari zelarik, bizileku berri baten beharra sortu zitzaien. Diru askorik ez zuten izango, eta auzolanean eraiki zuten. Taberna koxkorra ere jarri zuten urte batzuk geroago. Pedro Mari Otañok, Errekalde eta Karidade artean pasatu zituen bere bizitzako lehen urteak. Jaiotetxea zuen Errekalde eta gainera, bertan bizi zen Jose Bernardo osaba bertsolaria. Horregatik, denboraldi luzeak egiten zituen bertan. Ziurrenik, osabaren ondoan trebatuko zen bertsotan Pedro Mari. Bestalde, jakina da Jose Bernardo oso liberala zela eta horrek ere eragina izango zuen Pedro Marirengan”, azaldu du Pedro Marik.
Garaiko egoera politikoak izan zuen eraginik Pedro Mari Otaño eta bere familiaren eguneroko bizimoduan: “Matrícula parroquial delakoan argi ikusten da zenbait urtetan Karidadeko Bentan ez zela otañotarrik bizi izan. Karlistaden eraginez Donostiara joan zen Pedro Mari eta hori gehiegi aztertu gabeko datu interesgarria da. Oso bizimodu tradizionala zen garai hartakoa eta liberalak ez ziren oso ondo ikusiak, horrek eragina izan zuen Donostiara joateko erabakian. Pedro Mariren bertso eta olerkiak askotan aztertu izan dira, baina bere izaera liberal horretan gehiegi sakondu gabe. Beharbada, Antonio Zabalaren liburuan bildutako bertsoetan ere aurkituko dugu bere izaera liberalaren inguruko berri ematen duen pistaren bat”.

Bilerak hilean behin
Datozen hilabeteetan Pedro Mari Otañoren inguruko ikerketa lanetan murgilduta arituko dira Teodoro Hernandorena taldeko kideak: “Lan handia dago egiteko. Tolosako Artxiboan, Donostikoan, San Millangoan…,  informazio iturri on asko dago aztertzeko. Udaletxeko zentso ofizialak ere pista onak eman ditzake. Bildutako datuekin zer egingo dugun ez dago oso argi oraindik. 2010ean zehar argitalpenen bat kaleratu nahiko genuke, baina egoera ekonomikoa ez da erraza eta ez dakigu zenbaterainoko aukera izango dugun. Hilean bitan egiten ditugu bilerak, Iriarten eta Atxulondon. Sei edo zortzi lagun biltzen gara eta dagoeneko bi urte daramagu martxan. Pixkanaka gure helburuak eta aztergaiak finkatu ditugu eta ilusioz ari gara lanean”.

XIX. mendea aztergai
“XIX. mendeko historia gehiegi aztertu gabe zegoela iruditzen zitzaigun. Karlistaden inguruan, esaterako, gauza orokorrak ondo ezagunak dira, baina gure herrietan eta herritarrengan izan zuten eragina ez da ikertu eta horri eutsi nahi izan diogu. Pertsona konkretuen bizipenak eta ekintzak aztertu behar direla uste dugu eta Pedro Mari Otañoren kasuan ere horretan ari gara”.
Baldintza ekonomiko hobeen bila, Argentinara joan zen Pedro Mari Otaño. Hiru egonaldi egin zituen bertan eta azkenik, han iritsi zitzaion heriotza, 1910eko  maiatzaren 6an. Datorren urtean, heriotzaren mendeurrenean, gogoan izango du Zizurkilgo herriak.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!