Krispin Sorarrain, Asteasuko soinujolea

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2009ko ira. 2a, 11:32

1913 urtean Villabonan ateratako argazki dotorearen harira, Krispin Sorarrain Asteasuko trikitilari ezagunaren berri azalduko da ondorengo lerroetan.

Alkizako aho tradizioak dioenez, 1913 urteko Santio egunean Villabonatik Ernio mendira trikitia joz igo zen Krispin Sorarrain Uzkudun soinujole asteasuarra, isildu gabe eta tartean hutsarterik egin gabe. Ernioko iraileko erromeriak hastera doazen garaia, aldizkarian irudia tartekatzeko une egokia eta, bide batez, Krispinen berri emateko aukera paregabea iruditu zaio aldizkariko erredakzioari.
Krispin Sorarrainen inguruan datu idatzi handirik ez badago ere, bilobek, aitonak berak esandakoekin edo hura ezagutu zuten pertsonei entzundakoekin hainbat kontu gogoan gorde dute.

Elizmendin jaioa
1888 urtean jaio zen Krispin Asteasuko Motxen, Elizmendi auzoan. Baserriko lanetan aritzeaz gain, badirudi barberoa ere bazela eta Asteasun bertan barberia zuela. Soinua jotzen gazterik hasi zela uste du bilobetako batek, “hemengo zaharrei entzun izan diogunez, gaztetan hasiko zen soinua jotzen, 20-24 urteren artean. Askotan aipatzen zuen Ansorena zaharra eta soinua jotzen harekin ikasi ote zuen susmatzen dut nik. Sasiko soinujolea izango zen, ez zuen solfeorik eta soinujoleen laguntzarekin ikasiko zuen”. Aitonaren ilusioa soinu hura mantentzea zela adierazi du bilobak eta baserrian gordeta daukatela.
1915 urtean Zizurkilko Iriarte etxera ezkondu zen Anoetako Hermenegilda Amonarrizekin eta zortzi seme-alaba izan zituzten. Gerora, Zizurkildik Alkizako Peru baserrira joan ziren bizitzera 1930 urte inguruan. Garai hartan eskualde osoan oso soinujole ezaguna zen. Eskualdean ez ezik, kanpoan ere jotzen zuen. “Badakit Nafarroa aldera ere joaten zela tarteka. Errazkin, Betelu edo Azkaraten sumatu ditugu aitonaren arrastoak. Hango festetan hiruzpalau egun soinua joz igaro ondoren itzuli egiten zen”, azaldu du bilobak.

Pasadizoak nonahi
Erromeriatan soinua jotzea oso gogoko zuen eta pasadizo asko kontatzen zuen jaien inguruan, “joan omen zen behin Asteasuko Goi-bailarako baserri batera igandez eztei batzuetara. Ezkonberriak errezibitzera kalera jaitsi, festa egin eta biharamunean ospakizunetan jarraitu omen zuten, jende mordoa zegoela. Asteartean ere soinua jotzen geratzeko eskatu zioten. Aitona barberira joan behar eta ezinean, kezkatuta zebilen. Goizean baserriko lanak egin eta bazkalondoan, arratsalde guztia soinua jotzen aritzen omen zen eta gauean berriz ere, fuerte. Egunak aurrera, bere buruari esan omen zion: Barberira joateko onena, larunbat iluntzean pixka bat lehentxeago atsedena egin eta gero fuerte jotzea izango dut. Hala bada, denak belar pilen gainean etzanda leher eginda utzi zituen arte jo zuen eta une hura aprobetxatu zuen alde egiteko”. Bilobak askotan entzun izan du aitonak 1913 urteko Santio egunean Villabonatik Erniora egin zuen ibilaldi haren berri baina, ez du gogoan halakorik entzun zionik. Haatik, Erniorekin lotuta pasarte gehiago bazituela adierazi du, “Iraileko erromeriako urteren batean, Zizurkildik Alkizara etorri ziren Ernioko buelta egiteko. Herrian jendea zain omen zegoen baina, euria egokitu zen eta aitonak, soinua bustiko zelakoan, modu hartan ez zegoela Erniora joaterik esan zuen. Besteek joan egin nahi zuten eta azkenean, soinua tapatu eta konbentzitu egin zuten aitona. Abiatu arren, ez zuten tontorreraino ailegatzerik lortu. Euri asko hasi omen zuen eta Irumugarrietan buelta hartu zuten. Beherakoan Santa Kruz bordan beren erromeriatxoa eginda itzuli omen ziren etxera”.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!