Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak debekatu egin du Ezker Abertzaleak "Salbuespen egoera stop! Euskal Herriak du hitza eta erabakia" lelopean antolatutako manifestazioa. Oraingoz ezker abertzaleak ez du bertan behera utzi 18:30etan Bulebarretik abiatuko den martxa.
Atzo, "Independentziaren bidean. Aldaketa politiko eta soziala" lelopean manifestazioa deitu zuen ezker abertzaleak gaur 17:30erako, baina Herrizaingo Sailak debekatu egin zuen baimena eskatu zuen pertsonak "legez kanpoko taldeekin" harremana duela eta.
Debekuaren ondoren bigarren manifestazioa antolatu dute, baina hori ere debekatu egin du Herrizaingo Sailak "lehenengo martxaren jarraipena" dela eta deialdia "24 ordu baino gutxiagoko aurrerapenaz" egin dutela adieraziz, "gutxienez 72 orduko aurrerapenarekin" egin behar dela esan dute.