Aurreko legealdi amaieran Urnietako Plangintza Urbanistikoko hasierako dokumentua onartua izan zen. Bi urte igaro dira hasierako dokumentua onartu zenetik. Hori dela eta, Urnietako EAJ-PNVk onartu du prozesua, azkenean, asko luzatu dela. Hala eta guztiz ere, alderdi jeltzaleko kideen ustez, zenbait alderdi politikoek eta ordezkariek negoziaziorako izan duten jarrera azpimarratzekoa da.
Ildo berean, EAJ-PNVko ordezkariek ondorengoa azaldu dute: "2007ko maiatzean aurkeztutako hasierako dokumentuari zuzenketak aurkezteko epea hiru aldiz zabaldu da, eta guztira 37 alegazio aurkeztu dira. Ildo beretik, guk 2008.urte amaierarako, alegazioen inguruko barne eztabaida amaituta genuen, eta 2009ko urtarrilean herriari jakinarazi genion, Lekaio Kultur Etxean antolatu genuen ekitaldi batean, zein zen alegazioen inguruan genuen iritzia".
Urnietako EAJ-PNVren iritziz, une oro 2007an onartu zen hasierako dokumentua izan da negoziazioaren oinarri. Ildo beretik, jeltzaleek honakoa adierazi dute: "oinarria ona izan da, eta aurkeztu diren alegazio batzuen onarpenarekin, hasierako dokumentua hobetzea lortu dugu". Dena dela, alderdi jeltzaleko kideek ondorengo zalantza dute: "Behin alegazioak onartuta, hasierako dokumentu berri batera jo behar al dugu berriz?". Hori dela eta, Plangintza Urbanistikoko erredaktoreei informea eskatu diete, nahiz eta horren inguruan jeltzaleek kezka handirik ez eduki. Izan ere, udaletxean akordioa egonik, prozesua gehienez hilabete luzatuko litzateke.
Alderdi jeltzaleko kideek garrantzi handiagoa ematen diote lortutako akordioari, eta honakoa esan dute: "Une honetan lortu dugun akordioa da azpimarratu behar dena. Izan ere, herriak plangintza urbanistiko berria behar du".