Aiestaranen heriotzaren inguruko gertaera
Tentsio handiko eguna izan zen Amasa-Villabonan, Auzitegi Nazionalak Etxeratek deituriko ekitaldia debekatu zuelako. Ertzaintza agerpena handia izan zen herrian, Auzitegiaren erabakia bururaino eramateko.
Horren aurrean, herriko plazan 400 pertsonek batzarraldia burutu zuten. Batzar horretan bertan manifestaziorik ez egitea erabaki zen. "Hator, hator" kantua abestuta, bere horretan geratu zen herri batzarra.
Handik aurrera, jaiak bere horretan jarraitu zuen. Gudarien plazan Rock maratoia zegoen iragarrita eta bertara joan zen Remi Aiestaran Olano.
Halako batean Ertzaintzaren buruzagietakoa, lekukoen arabera modu txarrean, Aiestaranengana gerturatu zen kontzertua eskaintzen ari ziren taldeen inguruan galdezka. Ertzaintza horrek behin baino gehiagotan "-tu eres tonto" eta antzekoak bota omen zizkion Remi Aiestarani. Hala adierazi du gaur arratsaldean egindako prentsa agerraldian Iñaki Arizeta lekukoak: "Kontzertua zegoen gunean, Ertzaintzako kide bat gerturatu zitzaion Remiri, jotzen ari zen taldearen inguruko galderak egiten; herritarrak ote ziren, ezagutzen ote zituen..., Remik ez zekiela erantzuten zion eta "¿Tú eres tonto?" galdetu zion. Ertzaina joan zenean, Remiri tokitik aldentzeko gomendatu genion. Giroan tentsioa jarri nahi zuten, norbait eraman nahi zuten, eta Remiren atzetik zebiltzan, presioa eragin nahi zioten. Remi berriz ikusi nuenean lurrean zegoen".
Remi Aiestaran Gudarien plazatik taberna batera joan zen eta ondoezik sentitzen ari zela kide bati deitu zion. Kidea iritsi zenerako lurrean zegoen. Aitor Gonzalez herritarrak gertutik bizitu zuen Remiren ondoeza: "Kontzertu gunean nengoen ni ere. Pixa egitera joan eta itzultzen ari nintzenean, Remi ikusi nuen, besoa altxata, laguntza eskatzen. Berehala lurrera erori zen eta korrika hurbildu nintzaion. Oihu eginez eta mugituz, bere onera itzultzen saiatu nintzen, baina ez zuen erantzuten. Laguntza egokia ematen zekien jendea hurbiltdu zenean, pixka bat aldendu egin nintzen. Hortik gutxira ertzainak hurbildu ziren eta tentsio une handiak bizitu ziren berriro, oihuak eta bultzakadak. Anbulantzia etorri eta Remi eraman egin zuten". Ordu gutxira hil zen.
Amasa-Villabonako udalean egindako prentsa agerraldian, Remiren koadrilako kideek ere hartu dute hitza: "Une gogor honetan zaila zaigu ezer esatea. Nabari da Amasa-Villabonak norbait garrantzitsua galdu duenal. Herriko seme, lanean konprometitua zegoen bai Amasa-Villabona baita Euskal herriaren alde ere. Katteka, Margari, Mikel, Ane eta Estitxuri, gure besarkadarik beroena eta maitasunik handiena. Estitxu, jakin ezazu amasa-Villabonan beti izango duzula koadrila bat. Remi, Ez zaitugu inoiz ahaztuko. Gogoan zaitugu. Maite zaitugu Remi".
Gertaerak zur eta lur utzi zituen villabonatarrak, saminez beteta. Jaiak bertan behera geratu ziren. Remi Aiestaran Olano Amasa-Villabonako Udaleko alkate-ordea zen, Gazteria eta Hirigintza alorretako buru ere bai.
Abuztuaren 1eko prentsa agerraldian, Amasa-Villabonako udaleko kideak ere izan dira. Esti Amenabarrok hartu zuen hitza udaleko kideen ordezkari gisa: "Argi dugu Remiren heriotza errepresio militarrak eragin duela. Ertzaintzak jarritako terrorearen eta presioaren eragin zuzena izan da.Azken hilabeteotan luzatu da presio giroa: Martxoan bi herritar atxilotu zituzten eta horietako bat bortizki torutratu, azken asteotan presoen irudiak kendu dituzte, duela egun gutxi gazte bat jipoitu zuten "Non dago Jon" galdetzeagatik eta atzo, benetako inkurtsio militarra izan zen. Remirekin obsesionatu ziren meatxatuz, irainduz... Errepresioa goia jotzen ari da gure herrian. Zurrunbilo honetan gertatu da Remiren heriotza. Atzo espetxe politika salatu nahi gneuen, beste hamaika aldiz egin dugun bezela, baina Espainiar auzitegiaren debekuak eta presio mediatikoak, errepresioaren jomuga jarri dute Villabona eta badakigu horren ondorioa zein den. euskal Herrian gatazka politikoa estaltzeko errepresio basatiena eginez jarraitzen du PSOEren gobernuak. guk benetako konponbide polikoaren aldeko mezua zabaldu nahi dugu une latz honetan eta horretarakon argi dugu, errepresioari bidea itxi behar zaiola, aurre egin behar zaiola eta garaitu egin behar dugula".
Remi Aiestaran Olano Aiurri hamaboskarian
2009ko Udal aurrekontuaren harira, 2009ko otsaila
2008ko Udal aurrekontuaren harira, 2009ko urtarrila
2007ko uztaila, kargu hartzea udaletxean (10-11.orrialdeak)
Ezker abertzaleak alkatetza bere gain hartu zuen uztailaren 4an
2007ko uztailaren 4an erabaki zen Villlabonan Maixabel Arrieta alkatearen ondoan, lehen alkateorde Remi Aiestaran, bigarren Josune Arretxe, hirugarren Hautsi Izagirre eta laugarren Julito Iturbe izatea. Ezker abertzaleko kideek osatuko zuten gobernu batzordea: sei zinegotzik guztira.
Oposizioa PNVko bost zinegotzik, PSOEko batek eta EBko batek osatuko dute: zazpi zinegotzik.
Hauexek antolatu ziren batzordeak:
Hirigintza eta Obrak: Maixabel Arrieta. Zerbitzuak eta Mantenua: Julito Iturbe. Mendiak eta Ingurumena: Josune Arretxe. Ongizatea eta Emakumea: Josune Arretxe. Gazteria, Etxebizitza eta Lana: Remi Aiestaran. Ogasuna: Hautsi Izagirre. Kultura eta Kirola: Hautsi Izagirre. Euskara eta Hezkuntza: Maialen Abaigar. Jarraipen batzordea: Maialen Abaigar. Pertsonala: Remi Aiestaran.