Irailaren lehenengo astean irekiko dute Urumeako autobidearen Urnietako zatia

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2009ko uzt. 23a, 20:32

Autobideko langileak azken orduko lanak amaitzen ari dira. Izan ere, hiru urteko lanen ondoren abuztuaren bukaerarako denak egon behar du gertu, irailaren hasieran bidea zabaldu ahal izateko. 

Konturatu orduko Urnieta atzean utziko dute abuztutik aurrera autobidea hartzen dutenek.
Mandazubiko sarbidetik gora egin eta pixkanaka garaiera hartzen du autobideak. Eskuinera Aritzalde baserria geratzen da. Aurreraxeago Zibulio baserria zegoen guneko zubi azpitik pasa eta ezkerretara Gurutzeta eta eskuinera Adarraga eta Portxeta baserriak gertu direlarik, berehala dago Artoleako tunela, saihesbideko bakarra. Tuneletik irtetearekin batera ezkerrera Urnietako hirigunea bistan geratzen da, futbol zelaia metro gutxitara delarik. Eskuinean Arkaitzago baserria  dela Azkortera igotzeko oinezko pasabide atzean utzi eta berehala dago Lekuna baserria zeneko irteera gunea. Inguruko horretako lurjausiak izan dira lanen atzerapenen arrazoietako bat. Handik Armotzategiko baserria zeneko biribilgunerako bidea egitea besterik ez da geratuko autobidetik irteteko.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!