Autoz nahiz autokarabanetan joandako euskal herritarrak nonahi ziren txirrindularien joan etorria gertutik jarraitzeko, eta haiekin batera La Mongiraino autobusez bertaratutako urnietar talde bat, gero lauzpabost kilometro oinez ibilita, etapa gertutik ikustera hurbildutakoak. Larunbat gauean abiatu eta igande iluntzerako bueltan ziren, beste behin, tarte atsegina igarota. Etapa ikusita, eta egun pasa ederra eginda.
HITZORDUA EGINA
Hain zuzen, duela urte dezentetik Pirinioetako etapa ikustera herritar ugari joan izan da. Duela ez askora arte, bi autobus jendez beteta irteten ziren Urnietatik. Baziren gainera, leku faltagatik garraiobide berean inguruko herrietatik Tourra ikustera abiatu behar izaten zutenak ere. Aurtengo egunpasara joateko ordea, autobusa bete ezinik aritu dira antolatzaileak.
Horregatik, 2010.urteari begira, antolatzaileek herritarrak animatzen joan nahi dituzte, Tourmaletera joan daitezen. Lagun arte giro mundiala egon ohi dela gogorarazten dute, eta txirrindulari proba ikusgarriaz gozatzearekin batera, paisaia txundigarriak ezagutzeko aukera. Agenda ireki eta hurrengo urteko uztailerako hitzordua egina dago beraz.