Nekane Goikoetxearen agurra

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2009ko uzt. 23a, 19:40

2000az geroztik Andoaingo Udaleko euskara teknikaria izan da Nekane Goikoetxea Agirre (Deba, 1970). Behin-behineko egoeran zegoen, eta orain uztailean utzi beharra dauka lanpostu hori. Mondragon Unibertsitatera doa irailean, euskararen normalkuntzako beste hainbat arlo jorratzeko asmoz. Aurrerantzean, Patxi Baztarrika arituko da Andoaingo Udalean Euskara lansailean.

Zure lan ibilbidea euskararekin loturik joan da beti.
Nekane Goikoetxea: Debako udaleko euskara teknikari lanetan ibili nintzen aldi batez. Ondoren, lan mundua euskalduntzea helburu duen Emun kooperatiban aritu nintzen teknikari gisa. 2000. urtean Andoainera etortzeko aukera sortu zitzaidan, eta zalantzarik gabe etorri nintzen, mutila ere bertakoa nuen eta.

Deba eta Andoain, aldaketarekin galtzen irten zinela esango du baten batek…
N.G.: Deba nire iheslekua den arren, ni Andoainen oso pozik bizi naiz eta bertako herritar sentitzen naiz. Tamaina polita du herri handia izan gabe; bertako jendea eta giroa ezagutzen dut, eta era berean anonimotasunez bizitzeko aukera ematen dit.

Nolako mentalitatearekin sartu zinen Andoaingo teknikari bezala?
N.G.: Noiz arte izango zen jakin gabe hasi arren, begirada luzeko ikuspegiarekin lan egiten saiatu naiz. Lehen egunetik hizkuntz komunitatea trinkotzeari eman nion garrantzi handia. Izan ere, askotan hizkuntza politikak hiztunari begira egiteko tentazioa izaten dugu, eta ez gara ohartzen hiztunak hizkuntzen minorizazio prozesuetako erpin bat baino ez direla.     

Nola baloratzen duzu hizkuntz komunitatea sortzeko egindako ahalegina?
N.G.: Hasieran ahalegin bat egin genuen, euskararen inguruan mugitzen ziren eragile guztiak proiektu bateragarri batera biltzeko, erreferentzialtasuna izango zuen gizarte zibil egituratu bat sortzeko azken batean; Arrasate edo Lasarteko kasuak genituen eredugarri horretan. Saiakerak ez zuen nahi adinako emaitzarik eman, hala ere.
Panorama ez zen oso baikorra, batetik Andoaingo eragileen panorama atomizatuta zegoelako, eta bestetik udalak ez zuelako plan estrategikorik horri begira. Gainera, udal euskara zerbitzuan eten handiak izan dira. Beraz, hurrengo urteetan departamendu honen ahalegina aipatu komunitatea egituratzen joatea izan da, eragile bakoitza aparte hartuta. Alde horretatik dezenteko lana egin da, ikastetxeekin, euskaltegiarekin, euskara elkartearekin…

Pozik egindako lanarekin?
N.G.: Bai neurri batean, harreman pertsonaletan oinarritu naizelako asko gizarte sarea irabazterako garaian. Hala ere, kezka bat badaukat: lortutako guztia galtzeko arriskuan egon baitaiteke egituratu ezean. Dena den, denok jakin behar dugu egitasmoak eremu pertsonalen gainetik jartzen, eta alde horretatik, iruditzen zait Andoaingo udalak jakin beharko lukeela sortu diren sinergiak egituretan sendotzen eta finkatzen.   

Buruntzaldeko ekimena azpimarratzekoa da azken urteetan…
N.G.: Buruntzaldea (www.buruntzaldea.org) eskualde mailako laborategi modukoa da; herrian txertatzeko egitasmoak sortzen dituen egitura da. Eskualdeko teknikarien sarea ez ezik, euskararen inguruko erakundeen (euskaltegiak, ikastetxeak, euskara elkarteak…) topagune ere bada.
Erreferentzialtasuna lortu du Gipuzkoako euskara teknikarien artean, bide urratzaile izan delako arlo askotan (familia bidezko transmisioan, lan munduan…).

Zer geratzen da egiteko euskara zerbitzutik?
N.G.: Garrantzia handikoa da egiten ari den lana, batez ere hizkuntz komunitate kohesionatu gabeko Andoain batean. Nire iritziz, gizarte zibila ongi antolatua dagoen tokietan, berak hartu behar du lidergoa. Udalari protagonismo handiagoa hartzea egokitzen zaio.

Barrura begira, nola dago euskararen normalizazioa udalean?
N.G.: Lan dezente eginda zegoen ni etorri aurretik. Euskarak bazuen estatus bat udalaren barruan, eta hizkuntz eskakizunen plangintza adibidez ongi eramana zegoen. Egindako bidean sakontzen aritu gara harrezkero, eta adibidez, azpikontratazioen arloan hizkuntza betebeharrak finkatu ditugu; nahiko aitzindaria izan da hori Euskal Herri mailan. Udaleko beste zenbait eremuetan, hala ere, jarraipen lan estuago baten beharrean daude, jarreren eta motibazioen arloari dagokionez esate baterako.

Ez al dago koska handiegia udaleko langileen eta politikarien arteko hizkuntza mailan?
N.G.: Udal barruko erabilera planean aurrera egiteko giltzarrietako bat agintarien jokaera da. Zentzu horretan badaude alde eta kontra jokatzen duten faktoreak. Horiek kudeatzea da gure lanetako bat. Nabarmendu nahiko nuke udal barruko dinamikan garrantzi handia daukala politikari elebidunek euskaraz egiteak. Gaur egun, batzorde gehienetan interpretazio-zerbitzua erabiltzen da alderdi abertzaleetako zenbait kidek euskaraz egiten dutelako.

Saiatzen dira ez dakitenak euskarara hurbiltzen?
N.G.: Batzuk bai. Luzea izan liteke galdera horren erantzuna. Azkenean hizkuntza portaerak errealitate askoz ere zabalago baten isla besterik ez dira. Nolanahi ere, gizartearen eta agintarien arteko distantzia gero eta handiagoa dela esango nuke nik.

Herritarra jakitun da dituen hizkuntz eskubideei dagokionez?
N.G.: Baietz uste dut. Batzuek jarrera aktiboari eusten diote, baina oro har, euskaldunok hizkuntzari dagokionez nahiko sumisoak gara. Badaude horretarako arrazoiak, jakina! Udalean euskararen alde gauden askok eskertuko genuke herritar euskaltzaleen bultzada nahiz kritikak egiteko, nahiz txaloak jasotzeko, nahiz eskakizunak aurkezteko. Barruan eragin ahal izateko giltza da hori!

Udaletxean sartu eta herritarrari egiten zaion lehenbiziko hitza beti gaztelerazkoa izateak ere ez du asko laguntzen…  
N.G.: Udalak arlo asko dauzka hobetzeko, eta zenbaitetan ez baditu gauzak egin ez da izan herritarrak ez diolako eskatu. Hori ez dago ukatzerik. Baina bestalde, euskaldun aktiboak gehiago balira, bestela izango lirateke gauzak.

Nola dakusazu Andoaingo euskalgintza?
N.G.: Nor bere esparruan gauza politak egiten ari da, nahiz eta beti dagoen zer hobetua. Arazoa da nor bere kasa dabilela, lanpetuta gainera. Hurrengo pausoa litzateke lankidetzarako sareak sortzea eta askorentzat erreferentzia izango duen eremua sortzen joatea, hizkuntza komunitatearen sena indartzea. Hizkuntzak behar du izan eragileen ardatza.

Non eta zertan ibiliko zara aurrerantzean?
N.G.: Andoaingo Udaleko lana Soziolinguistika Klusterraren Eralan izeneko egitasmoaren zuzendaritzarekin bateratu dut azken bi urteetan. Eralanekin jarraituko dut, baina Mondragon Unibertsitatean ikerlari eta irakasle gisa hasiko naiz irailean. Euskarazko kulturaren transmisioaz aritzen den Sorgunea izeneko ikertegi batean integratuko naiz batetik, eta bestetik, eleaniztasunari buruzko eskolak emango ditut. 2006an defendatu nuen doktore-tesian landutako gaietan sakontzeko aukera aparta izango dut unibertsitatean. Kolpe handia izan da niretzat Andoaingo teknikari lanak utzi beharra baina, egia esan, bide berri bati ekiteko gogotsu nago orain. Andoaingo euskaldun aktibo izaten jarraitu nahiko nuke, halere. Asko zor diot herri honi. Hemen osatu dut nire familia eta arretaz jarraituko diot Udalak euskararekin egingo duen ibilbideari.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!