Donostiara etorri berritan zertan hasi zen lanean aita?
Asterio Sañudo.: Obretan, Iruretagoiena eta Dorronsoro enpresan, Egiako Iruresoro auzoa eraikitzen hasi berritan. Langileei bertan pisu bat hartzeko aukera eman zieten, gero hilero soldataren zati bat kenduz ordaintzekotan, eta han hartu zuen 77.000 mila pezetan etxebizitza gure aitak. Gerora Bianchi-n ere lanean aritu zen, eta han langileei telebista bat erosteko aukera ematen zieten, baita ere soldatatik kenduz ordaintzeko, horrela sartu zen 12.000 mila pezeta ordaindutako lehenengo telebista gure etxera.
Aita obran eta zu eskolan...
A.S.: Ategorrietan, Kotxeras ondoko eskola publikoan hasi nintzen, eta Egiara bizitzera joandakoan Andres Manjon ikastetxean ibili nintzen, 14 edo 15 urterekin etxetik alde egin nuen arte.
Nondik datorkizu zezenketarako zaletasuna?
A.S.: Auzoko eta Groseko batzuk elkartzen ginen, gauez Txofre plazako ukuiluetara sartu eta zekorrei pase batzuk emateko. Behin Irineo izeneko lagun batek zezenketa guztia osatu nahian edo, zekor bat akabatu egin zuen zekorketa baten bezperan, guztiok komisariara eraman gintuzten.
Gurasoak ere zezenzaleak izango ziren...
A.S.: Aita zezenketak ikustera joaten zen, baina besterik gabe. Ama eta biak joaten ziren, eta amak ezin zuenean ni joaten nintzen. Donostian afizio handia zegoen, zezenketen egunetan izugarrizko giroa suma zitekeen.
Lehen aipatu duzu 15 urterekin etxetik alde egin zenuela...
A.S.: Orduan oso ausarta nintzen eta adarrak gertutik ikustera joan nahi nuen. Toreatzaile izan nahirik, lehenik Salamancara joan nintzen eta bi hilabetera itzultzeko. Behin hemen, Javier Muñozekin (El helicóptero deitzen genion zituen belarriengatik) batera alde egin nuen autostop eginez, eta abentura ugari bidean bizitu ondoren Madrilera iritsi ginen. Han guretzako dena harrigarria zen, hango handitasuna, Zipi eta Zaperen tebeoetatik bakarrik ezagutzen nuen Cibeles iturria ikustea...
Madrilera, zezenketa eskolen batera?
A.S.: Vista Alegre plazan elkartzen ginen toreatzaile izan nahi genuen gazte mordo bat. Balio zutenek aurrera egiten zuten. Nik zaletasuna bai baina beldurra handiagoa nuen eta ezer askorik ez nuen egin. Gu baino askoz hobeto prestatutako jendea zegoen han.
Zer jarraipen izan zuen Madrileko abenturak?
A.S.: Inguruko probintzietako herrietara joaten hasi ginen, nik lehenengo aldiz Madrileko San Fernando de Henares herrian toreatu nuen. Zekor batek hanka zapaldu eta lehertu egin zidan, bi pase on eman nizkion, baina handik aurrera berak eman zizkidan paseak niri. Ez baita berdin zekor bati pase batzuk ematea edo hasieratik akabatu arte dena norberak egitea.
Noiz arte ibili zinen horrela?
A.S.: Zekorrak jartzen zituzten herrietara toreatzera joaten ginen, paseak ematera. Eta ondoren kapotea pasatzen genuen plazaren bueltan dirua biltzeko. Tarteka beste lanen bat egin eta edozein tokitan lo eginez bizitzen ginen. Gabonak etxean igaro ondoren San Sebastian jaien ondoren etxetik joaten nintzen...18 urte nituela, Aste Santua pasatzera etxera etorri eta Hernanira dantzara joan ginen. Han Urnietako neskatxa bat ezagutu nuen, eta gaur arte.
Tolosan parte hartu zenuen zezenketa sonatu batean...
A.S.: Tolosakoa ahazteko modukoa izan zen. Nire lehengusuak, Groseko Lertxundik eta hirurok toreatu genuen. Zezentokian zegoen arduradunak, ikusirik zekorra ezin akabaturik nenbilela esaten zidan: “–sujeta ezazue zekorra, nik akabatuko dut eta”.
“–Con el novillo no acierto pero contigo sí” erantzun nion. “El Korrikalari” deitzen zidaten baina ederki kostata izan bazen ere zekorra toreatu eta akabatu nuen, ez nuen alde egin, mingain gaizto batzuk dioten moduan.
Nola bizitzen duzu orain Donostiako aste nagusia?
A.S.: Lanaren arabera, saiatzen naiz apartatuetara joaten.
Apartatuak?
A.S.: Zezenen zozketa da. Sei zezenak binakako loteetan jarri eta eguerdiko hamabietan egiten da. Arratsaldez toreatzaile bakoitzak zein zezen toreatu beharko duen erabakitzen da bertan. Jende asko elkartzen gara eta giro polita izaten da.
Zein dira zure gustuko toreatzaileak?
A.S.: Jose Tomas gustatzen zait baina nahiago ditut Pereda, Ponce, El Fundi, El Cayetano...
Nola ikusten duzu Iker Cobo toreatzaile urnietarra?
A.S.: Gustatzen zait bere toreatzeko modua baina zerbait falta zaio, batez ere babesa. Apoderatu on bat behar du, gastuetarako bakarrik kobratuko baldin badu ere plaza garrantzitsuetan sartuko duena.
Zer diozu entzierroei buruz?
A.S.: Benetako korrikalariak zezenen aurrean korri egin nahi dute, karreratxoak egin eta baztertuz, baina jende gehiegi izaten da. Behin izan nintzen Iruñakoan eta beldurra galanta pasa nuen korrika ezin eginik Estafeta kalean. Jendea besterik ez nuen ikusten, eta jendearen gainetik ateratzen ziren zezenen pitoi izugarriak.
Ez dira oso arriskutsuak?
A.S.: Errepidea ere bai. Zaleok emozioa nahi izaten dugu, ez inor hiltzea. Eta emozioa izateko zezenarengana hurbildu egin behar da. Aurten hil den gazte horrek zorte oso txarra izan du.
Zer esan nahi diezu zezenketen aurka daudenei?
A.S.: Azpeitiko plazako sarreran etorri zitzaidan aurka zegoen bat paper bat emanaz. Esku batean paperak eta bestearekin izugarrizko katetzar batekin lotutako zakur bat
zeraman. Esan nion: “panfletoa irakurriko dut zakurra katetzar horrekin zergatik daramazun esatean”. Alde egin zuen. Errespetatzen dut beraiek diotena, baina errespeta dezatela nirea. Batzuetan plazan ikusitakoa niri ere ez zait batere gustatu, dena ez da txalotzeko modukoa.
Bukatzeko konta ezazu anekdotaren bat.
A.S.: Orain ere toreatzaile askok ordaindu egin behar izaten dute toreatzeko, eta nik Tolosako zezenketan parte hartzeko 15.000 pezeta ordaindu zituen aitak, baina ordez 50 pezeta balio zuten sarrerak eman zizkiguten, guk saldu eta lortutako diruarekin ordaindu beharraren karga pixka bat arintzeko. Eta gogoan dut sarrera haietako bat, orain emazte eta orduan andregai zenari saldu niola. Hori bai, 250 pezetan!