Euskadunen Errebotea argitalpenaren aurkezpena

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2009ko uzt. 17a, 17:21

Gaur goizean, Larramendi Bazkunak Errebotearen inguruan argitaratu duen Euskaldunen Errebotea argitalpena aurkeztu dute Bazkuneko lehendakari Jon Unanuek eta Amasa-Villabonako ahaldun Arantxa Urkizuk udaletxean. Maialen Abaigar Euskara eta Hezkuntza batzordeburuak ere parte hartu du ekitaldian. Argitalpen berria Lekukotzak sailean argitaratu duten zortzigarren zenbakia da.

Arantxa Urkizuk adierazi duenez, Lekukotzak saila, beste argitalpen batzuetan lantzen ez diren gai bitxiak argitaratzeko sortu zen, “etnografia, hizkuntza, folklorea…, alor ezberdinak landu eta euskara hutsean ezagutzera emateko helburuarekin jarri genuen abian aipatu bilduma. Modu horretan, lekuan lekuko ohitura eta kultur ondareak berreskuratzeko asmoz”. Orain kaleratu berri duten zenbakia zortzigarrena da eta aurrez beste zazpi argitaratu dituztela esan nahi du horrek: besteak beste, berez behar Villabonakoa esaeraren inguruan osatutakoa,  Axeri-dantzaren ingurukoa, Migel Otegi Txinako zizurkildarra, Pepe Andoain musikariari buruzkoa, Herio: 36ko Gerrak Asteasun eta asteasuarrengan utzi zituen arrastoak…  Azken zenbakiak Euskaldunen Errebotea du izena eta Beterri-Aiztondo eskualdea osatzen duten sei Udalen babesa izan duela azaldu du Arantxak,  “lehenengo eta diru laguntzarik handiena Amasa-Villabonako Udalak eman zuen baina, era berean, gainerako Udalen babesa ere izan du argitalpenak, Eusko Jaurlaritzako Kultura saileko Euskara sustatzeko zuzendaritzak emandakoarekin batera”. Argitalpenaren diseinua oso landua da eta irudiak, argazkiak nahiz testua uztartzen ahalegin berezia egin dutela aipatu du amasarrak. “Asko zaindu da argitalpena, eta horrek, bere eragina du kostuan ere. Zenbaki honen kostua 4600 eurokoa izan da: inprimaketa, diseinua eta marrazketa gastuak barne”.

Egilearen esanak
Jon Unanue Larramendi Bazkuneko lehendakariak idatzi eta zuzendu du argitalpena, “zortzigarren zenbaki honen arrazoia Beterri-Aiztondo eskualde osoan, zer esanik ez Amasa-Villabonan eta, oro har, Euskal Herrian dugun kirol ondasunik ederrenetako bat ezagutzera ematea da; galtzear egon den eta unerik onena bizi ez duen pilota Errebote pilota modalitatearena. Bere historian, kirol jokoetatik pilotaren jatorrira, Xarearekin eta Joko Garbiarekin gehien hurbiltzen den jokoa da Errebotea”. Pilotaren historian, frontisa eta ezker pareta sortu aurretik, duela 150 urtetik hona, Erreboteak izugarrizko presentzia izan duela Beterrin eta Euskal Herriko ipar-ekialdean adierazi du Unanuek, “ezker pareta sortu zenean, pilotan aurrez aurre jokatzeko modalitateek indarra galdu zuten pixkanaka. Errebotea aurrez aurre pilotan jokatzeko joko mota zaharrenetakoa da. Lehenik eta behin, bere historia eta jatorria azaldu ditugu argitalpen honetan, besteak beste nola Errebotea tenisaren lehengusua-edo izango litzatekeen”. Hala ere, historian baino gehiago, Errebotearen joko arauak argitzen ahalegindu direla nabarmendu du aurkezpenean, “horretarako Errebotearen suspertzailerik handienetakoa izan zen Teodoro Hernandorenak argitaratutako araudian oinarritu gara. Enrike Abrilek egindako lana ere oso baliagarria izan zaigu argitalpena osatzerakoan eta, nola ez, Joxean Jauregi villabonatarra ere aipatu behar dugu: Berak emandako azalpen eta laguntza ezinbestekoa izan baita liburuxka kaleratzeko”. Testu eta argazkiez gain, egoerak ondo baino hobeto deskribatzen dituen marrazki eta grafikez hornituta dago liburuxka. Ahalik eta argitalpen didaktiko eta grafikoena egiten saiatu direla aipatu du Jonek, “pare bat aldiz irakurri eta bi partida ikusita, jokoa ulertzeko modukoa”.

Argitalpena, interesa duen ororen esku
Aiurri aldizkariarekin batera banatzeaz gain, argitalpena eskuratu nahi duenak, udaletxean nahiz Kazetaria (Periodista) dendan doan jaso ahal izango du aurrerantzean. Behar Zana elkartean ere banatuko dira liburuxkak eta adierazi dutenez, “Larramendi Bazkunak saiakera berezia egin nahi du egun Errebotean jokatzen den herri guztietara aldizkaria zabaltzen, Hegoaldean bezala, baita Iparraldean ere”.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!