Zizurkilgo ezker abertzaleak, Udalaren inguruan

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2009ko uzt. 17a, 12:38

Azken asteotan Zizurkilgo Udalean izandako zenbait gertaeren berri emateko prentsaurrekoa eskaini zuten atzo ezker abertzaleko kideek. Mikel Arrastoak hartu zuen hitza udaletxe aurrean egindako agerraldian.

Batetik, Nerea Etxeberria administrazio orokorreko teknikaria kargutik kentzeko Udalak emandako arrazoiaren inguruan aritu zen Mikel Arrastoa: “Teknikari honek, ohiko hautaketa azterketa gainditu ostean, Udalaren aholkularitza juridikoa egin du, administraziaren adar ezberdinak koordinatuz. Udal langile guztiek eta alkateak berak ere, onartu dute profesional bikaina dela. Krisi ekonomikoa arrazoituta hartu dute kaleratzeko erabakia. Aitzakia ekonomiko hori ordea, gezur hutsa da. Teknikariak 57.000 euroko gastua zekarren urtean. Orain berriz, 70.250 euro gastatzea aurrikusten da, Udaletik kanpoko jendea kontratuz aholkularitza tekniko eta juridikorako eta balizko prozesu judizialetarako. Garbi dago, beraiek kontratatutako kanpo aholkulari menpekoak eta esanekoak nahi dituztela funtzionario profesionalen ordez”.

Langileei presioak

Bestalde, Udaleko langileek, udal ordezkarien presioa jasan dutela salatu zuten ezker abertzaleko kideek: “kanpo aholkulari batek, Iñaki Goikoetxea abokatuak idatzitako txostena sinarazi zioten, teknikaria Ekainaren 15eko batzar nagusira Udaleko idazkariak emandako idatzia argigarria da guztiz. Idatzi horretan dionez, alkatearekin eta gobernu taldeko zinegotziekin izan zuen bileran kaleratzearen alde egiteko. Idazkariak nabarmentzen du administrazio orokorreko teknikaria kaleratzea kalte handia litzatekeela, azken urteetan funtzionamendua hobetzeko ezinbestekoa izan delako bere lana”.

Mesedekeria
Amaitzeko, kontratazio irregularrak eta mesedekeria salatu zituzten ezker abertzaleko kideek: “Kontratazio irregularren erreinua da Zizurkilgo Udala, eta zenbait kasutan mesedekeria zantzu argiak daude. Esaterako, datuen babeserako legea betearazteko CYCMA empresa kontratatu zen inongo prozedura egokirik jarraitu gabe, alegia lehiaketa publikorik gabe. Aseguru etxeak kontratatzerakoan ere ez zen merkeenaren alde egin, legeak agintzen duen gisan. Honen ondoren galderak sortzen zaizkigu: Zergatik hartu zen erabaki hori? Zer interes daude atzean? Azkenik, INEMek urtero ematen ditu laguntzak langileak hartzeko. Aurten, administrari bat kontratatu da, baina zergatik hautatu da eskualdeko zerrendan agertzen ez zen langilea? Mesedekeria kasu baten aurrean al gaude? Susmo hori areagotzen du jakiteak INEMen zerrenda horretan aurrez Udalean aritutako langile bat zegoela, posturako langile egokiena zirudiena. Aipatutako enpresa eta pertsona horien profesionaltasuna zalantzan jarri gabe, jokaera horiek onartezinak dira erakunde publiko batean”.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!