Luis Miguel Sanchez, Urnieta

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2009ko uzt. 16a, 16:26

Hasi da Sanmielak arte luzatuko den tenis txapelketa. Hamahiru jokalari buruz buru arituko dira datozen asteotan. Tartean, Luis Miguel Sanchez beteranoa.

Teniserako zaletasuna, odolean daramazula esan liteke?
Luis Miguel Sanchez: Betidanik izan dudan zaletasuna da, gustukoena izan dudan kirol jarduera. Hemen aukera zegoenez, eta txapelketa bat antolatu ohi dutenez, bi batzuetan, bertan izena eman ohi dut. Txapelketa ondo dago, gustuko duzun kirol jarduera praktikatu eta lagunekin ondo pasatzeko aukera ematen baitu.

Txapelketa honetan beteranoa zarela esan liteke, behin baino gehiagotan parte hartutakoa baitzara?
L.M.S.: Zehazki ez dakit zenbat ediziotan parte hartu dudan, baina jada urte batzuk badaramatzat.

Aurtengoari dagokionez, sasoiko al zaude?
L.M.S.: Duela hiru urtetik belauneko arazoak ditut. Baina lasai arituko gara, eta irabaziz gero hobeto. Astean behin jokatzea ondo dago.

Hamahiruko taldea osatu duzue lehiarako. Urnietar gutxi daude, zer dela eta zure ustez?
L.M.S.: Nire ustez, betikoak garenez gain, Urnietako lauzpabost, gainerakoei ez zaie ailegatzen txapelketaren informazioa. Ez dakit zerbait gehiago egin litekeen. Halere zaletasun gutxi dago Urnietan. Lau mutil daude hasieratik hasi zirenak. Kanpotik gehiago datoz. Zenbat eta jende gehiagok parte hartu, instalakuntzak lehenago berrituko dira.

Zure aurkari lehiakorrena zein izango da?
L.M.S.: Iaz edo duela bi urte Iñaki Artanok irabazi zuen. Fisikoki Artano oso ondo dabil.

Ordutegi librean aritzen zarete gainera?
L.M.S.: Arratsaldeko lauzpabost orduz guretzat erreserbatzen dute pista. Tarte horretan, lehentasuna txapelketak du.
Aurtengo txapelketan, noraino ailega zaitezkeela aurreikusten duzu?
L.M.S.: Lehen fasea gainditzea espero dut. Talde bakoitzetik lau igarotzen dira hurrengo fasera. Baina aipatu bezala lasai jokatuko dut, belauna mindua baitut.

Aurreko edizioetan finalera gerturatu izan zara?
L.M.S.: Finalerdietan zenbait aldiz parte hartu dut. Duela bi urte finala galdu nuen. Ohikoena, lehen fasea gainditu eta hirugarren edo laugarren postuetan hortxe ibiltzen naiz.

Tenis jokalari erreferentzialik ba al duzu?
L.M.S.: Buruan denok darabilkigun hori, Nadal. Orain ahul samar aritu arren, eredugarria da, gehienbat egiten duen ahaleginagatik. Azken unera arte borrokatzen da.

Tenis partidak telebistaz eskaintzen dituztenean, batzuei monotono samarrak suertatzen zaizkie. Ez zara ados egongo noski?
L.M.S.: Pistaren arabera izaten da, horrek asko baldintzatzen du. Baina tenisa gustukoa ez duenak ez du gustuko eta kito. Kirol jarduera polita da.

Zaletasun gutxi egonik, tenisari Urnietatik kanpo ekingo zenion?
L.M.S.: Hernanin urte dezentez jokatu izan dut eta donostiarra naizenez, baita Ondarretan ere. Orain hiriburutik urrutiago bizi naizenez, egun ezin egokiago datorkit Urnietan jokatzea. Onena, maila guztietako jokalariekin lehiatzen zarela da. Batzuekin gehiago gozatzen duzu, besteengandik berriz ikasi…

Txapelketa hau amaituta, gero zer?
L.M.S.: Urtero txapelketa honetan parte hartu ohi dut. 39 urte ditut, Hernaniko pistak ere itxi zituzten… Gainerakoan, astero padelean aritzen naiz.

Tenisean jokatzen hastear denari, zer esan?
L.M.S.: Gaztetxoak animatuko nituzke, jende gutxi baitago Urnietan. Halere, ari dira orain. Badira pare bat oso ondo jokatzen dutenak. Aire librean praktikatzen duzun kirol jarduera da, uda parterako oso aproposa.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!