Rikardo Arregi aldizkaritegia

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2009ko uzt. 16a, 16:25

Duela hamabost urte sorturiko aldizkaritegia edo hemerotekak euskara hutsez argitaraturiko aldizkari guztiak –egunkari, astekari, hilabetekari…-– bildu, sailkatu eta gordetzen ditu. Etorkizunera begira, gordailu eta kontsultagune berria izango du Arantzibia plazan. Larramendi Bazkunak Rikardo Arregi zenaren heriotzaren 40. urteurrena baliatu nahi izan du bere egitasmoa jendaurrean aurkezteko.

Manuel Larramendi Kultur Bazkunak Rikardo Arregi Aldizkaritegia Andoaingo Arantzibia plazan kokaturiko lokal batera eramango du eta horretarako Andoaingo Udalaren eta Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailaren laguntza izango du. Larramendi Bazkunaren ardurapean, beraz, euskal letren zale guztiek gune egokia izango dute 2010etik aurrera, Arantzibia plazan.
Larramendi Bazkuneko ordezkariek Rikardo Arregiren izena daraman aldizkaritegi edo hemeroteka Arantzibia plazako 4 eta 5. zenbakietan dagoen etxabera eramateko egitasmoa aurkeztu zuten pasa den ostegunean Andoaingo alkate Estanis Amutxastegi eta Rikardo zenaren anaia Mikel Arregirekin batera. Udal ordezkaritza zabala bildu zen, besteak beste, PSE-EE, EAJ-PNV, IU-EB eta Alkarbide alderdietako bozeramaleak gerturatu baitziren egitasmoa bertatik bertara ezagutzeko. Guztiek ere adi-adi jarraitu zituzten Jon Unanuek eskainitako argibide guztiak.

argitalpen guztien bilgunea
Egitasmo horren arabera, Arantzibia plazako etxabean dagoen 216 m2-ko lokala guztiz egokituko du Larramendi Bazkunak, Rikardo Arregi aldizkaritegia bertan ipintzeko. Aldizkaritegi hori duela 15 urte sortu zuen Larramendi Bazkunak, Andoaingo Udalarekin egindako hitzarmen baten bitartez. 15 urte hauetan Euskal Herri osoan aldizka euskara hutsez argitara eman diren eta ematen diren argitalpen guztiak bildu dituzte, egunkari, astekari…, Euskal Herri mailakoak zein herri edo eskualdetakoak, hala informazio orokorrekoak nola espezializatuak, helduei zuzendurikoak eta gazte edo haurrentzat argitara emandakoak ere. Gerra garaian argitara emandako Eguna egunkaria, Zeruko Argia aldizkaria, Anaitasuna, Herria…, euskaraz argia ikusi duten argitalpen gehienak jasota ditu dagoeneko bere bilduman Rikardo Arregi aldizkaritegiak 15 urte hauetan egindako lanari esker. Gainera, gaur egun, ehundik gora argitalpen dira bere maiztasunean jasotzen dituenak egoitzan.
Andoaingo Udalak urte hauetan guztietan dirulaguntza eman dio Larramendi Bazkunari koadernaketa eta katalogazio lanetarako, baina hori ez da nahikoa eta iturri berrien bila jo du Bazkunak. Une honetan, esate baterako, ez dago modurik bildumen kontsulta era egokian egin ahal izateko eta, jakina, horrek aldizkaritegia alde batera utzi edo, bestela, egitasmo berri batean jauzi egin beharra ekarri du.

Bazkuna, Udala eta Eusko Jaurlaritza
Larramendi Bazkunak egitasmoa landu zuen Rikardo Arregi aldizkaritegia Arantzibia plazako etxabera eramateko. Etxabea Andoaingo Udalaren jabetzakoa da, eta bertan dagoen 216 m2-ko lokala Larramendi Bazkunaren esku jarriko duela agindu zioten udal arduradunek, Rikardo Arregi aldizkaritegia eta beste zerbitzu batzuk bertan koka ditzan. Baina lokala emate hutsak ez du arazoa konponduko. Lokalak erabateko obra behar du erabili ahal izango bada. Tolosako Arkitektura Estudioa baltzuko arkitektoek egindako aurreproiektuaren arabera Larramendi Bazkunak 270.000 euroko inbertsioa egin beharko du lokal hori jantzi eta behar bezala egokitzeko. Dirutza handia Larramendi Bazkunarentzat. Laguntza bila jo zuen 2008ko amaieran Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailara eta bertako sailburu Miren Azkaratek dirulaguntza agindu zien Bazkunekoei, baita 90.000 euroko dirulaguntza eman ere joan zen apirilean aurreko Jaurlaritzak harturiko azken erabakietako baten bidez. Beraz, Larramendi Bazkunak 180.000 euroko inbertsioari aurre egiteko dirubideak bilatu eta, ezinbestez, aurrezki erakundeen bidez finantzatu beharko ditu.

Aldizkaritegia eta erakusketa
Arantzibia plazako egoitzan Rikardo Arregi Aldizkaritegiak bere bilduma gordetzeaz gain bertan kontsultatu ahal izango da. Gainera, euskal kazetaritzaren historiari buruzko erakusketa antolatzeko asmoa du Larramendi Bazkunak eta, nola ez ba, Rikardo Arregiri buruzkoa.
Bestetik, aldizkaritegia eta bertako bilduma erakusteaz gain, Rikardo Arregiren liburutegi pertsonala izandakoa –200 bat liburuk osatua eta Arregi sendiak Bazkunaren esku utzitakoa– aldizkaritegian gordeko du Bazkunak.

ERREAKZIOAK 

Mikel Arregi
Rikardo Arregiren anaia

“Badirudi, azkenean, Larramendi Bazkunak aspalditik zuen egitasmoa behar den lekuan eta behar den baldintzatan gauzatuko duela. Pozgarria da. Lokala ikusi dugu eta orain obra gauzatu behar da. Martxan jartzea eta egitasmoa egi bilakatzea besterik ez da falta. Hemeroteka baliagarria izango da Euskal Herriarentzat, bere osotasunean. Rikardo Arregi hil zela 40 urte bete direnean, pauso garrantzitsua eman da non eta Rikardoren sorterrian. Andoainen, alegia. Beraz, denentzat pozik egoteko moduko eguna da”.

Estanis Amutxastegi
Alkatea, PSE-EE

“Ezagutzen nuen Larramendi Bazkunaren egitasmoa, eta lokala ikaragarria da. Polita, lanerako egokitzen denean oso aproposa. Bazkunarentzat pauso handia”.

Gurutz Irigoras
EAJ-PNV

“Oso inpresio ona hartu dut lokala ikustean.Larramendi Bazkunak horrelako lokala behar du. Eta, bestalde, Rikardo Arregi hemeroteka hemen jartzearen alde gaude”.

Gabino Agudo
Alkarbide

“Itxura ona hartuko du lokalak. Paperean ezagutzen genuen Bazkunaren egitasmoa, eta gaur gauzatu nahi den proiektuaren kokalekua ezagutu dugu. Ikusi beharko dugu, gerora begira, nola gauzatzen den proiektua”.

RIKARDO ARREGI ANDOAINDARRA ISTRIPUZ HIL ZELA 40 URTE IGARO DIRA
1969. urteko uztailaren 10ean zendu zen Rikardo Arregi, Mendaron izandako auto-istripu batean, Bilbora zihoala Euskaltzaindiaren bilera batera eta, bide batez, Lur argitaletxearentzat Gabriel Arestiren Harri eta Herri obraren egile-eskubideak negoziatzera. Arregik 22 urte baino ez zuen hil zenean, baina bere gaztaroko urte gutxi batzuk nahikoak izan zituen euskal kulturgintzan benetako eragina izan zezan, oso bereziki euskal kazetaritzan eta hasi berria zen helduen euskalduntze eta alfabetatzean. Baina, oro har, Zeruko Argia, Anaitasuna eta Jakin aldizkarietan argitaraturiko artikuluen bitartez handia izan zen bere eragina. Kulturaz, gizarteaz, politikaz ikuspegi guztiz berritzaileak txertatzea lortu zuelako. Euskal kazetaritza modernoaren aitzindaritzat jotzen da Rikardo Arregi. 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!