La Salle anaiak Andoainera etorri zirela 75 urte

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2009ko uzt. 16a, 16:24

Andoaindar ororentzat La Salle Ikastetxea eta bertan dagoen anaien komunitatea aski ezagun dira. Ez, ordea, haien jatorria. Lehen pausuak bi mende atzera eginez kokatu behar dira, Legarra Etxebeste jaunaren eskuzabaltasunean hain zuzen.

XVIII. mendean, Legarra Etxebeste jaunak pobreen apeztegirako fundazioa sortu zuen. Etenaldi luzeak izan zituen, eta 1908. urtean eskola-apeztegi berri bati ekin zitzaion La Salle ikastetxearen egungo kokalekuan.  Baina 1924an sute izugarri batek eraikuntza erabat suntsitu zuen, gunearen garapena erabat etenaraziz.
1933. urtean, Andoaingo erretorea zen  Joaquin Bermejo jaunak, Legarra Etxebeste Fundazioari norabide berria ematea nahi zion andoaindar gehiagorentzat onuragarri izan zedin. Bere intentzioa goresgarria izan arren, garaiko egoera ez zen egokiena eskola irekitzeko. Horregatik, eta Errepublikako legeak eskatutako baldintzak betetzeko, “Asociación Larramendi pro Cultura Popular” izeneko guraso-elkartea  osatu zen. Batzordekideak ondorengoak ziren: lehendakaria Alejandro Ganzarain, idazkaria Antonio Olano; diruzaina Emeterio Irazu; bokalak, Manuel Laborde, Martín Aizpurua, Jose Joaquín Olariaga, Bonifacio Moleda eta Josefa Irazu. Batzordearen eginkizun nagusia eskolaren ardura hartuko zuen erlijioso-elkartea aurkitzea izan zen.
La salleko Anaiak Andoainen
Joaquin Bermejo erretorea izan zen erabakia hartu zuena: Kristau Eskoletako Anaiei deitu zien eskolaren ardura bere gain hartzeko.  Horretarako Bujedora joan zen, Anai Ikuslaria  urteroko erretiroan bertan zegoen eta.  Han izandako elkarrizketa eta akordioaren berri Mateo Mugika gotzainari eman eta egitasmoa onartu zen.
Buru-belarri hasi beharra zegoen, urte horretako urrirako dena prest izateko. Irailaren 6an, eskola berriaren zuzendaria izendatu zuten: Anai Licier de Jesus. Honek Juan Bernardo eta Lotario Alfredo anaien lankidetza izango zuen eta hirurak Zumarragan aritu ziren plangintza borobiltzen.
1933ko urriaren 17an iritsi ziren lasalletarrak Andoainera, merkatuaren parean zegoen etxean bizitoki hartuta.  Bi egun lehenago, Batzordeak eta Anai Licierrek kontratua sinatu zuten.  Ikasturte berria urriaren 23an hasi zen, baina lege-baimena ez zen iritsi 1934ko urtarrilaren 15a arte.  Ikasgelak merkatuaren eraikinaren lehenengo solairuan zeuden.  Hiru gela zabal (10,5 x 7,5 m.), argitsu eta haizetuak ziren. Hiru gela hauetan 154 ikaslek hasi zuten ikasturtea.


Informazio gehiago: Gonzalo Ruiz,  La Fundación Legarra-Echeveste. LEYÇAUR 1: Andoaingo ikerketa historikoak.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!