Ezezagunak dira bake-epaitegi eta bake-epaileak. Zer bereizgarri dituzte?
David Rosco: Bake-epaitegien barruan, Justizia-Administrazioaren ordezkaria Bake-Epailea da. Normalean zure herrikide bat izango da, pertsona ezagunen bat.
Bake-Epaitegia, Lehen Auzialdiko eta Instrukzioko Epaitegirik ez duten udalerri guztietan dagoen Justizia-Administrazioaren organoa da. Bake-Epaitegiak Justizia-Administrazio konplexuaren barruan zerbitzurik errazena eta gertukoena eskaintzen dio herritarrari. Hau da, herritarrak lurralde-eremu zabala duten lekuetan kokaturik egon ohi den eta guztiok “Justizia Jauregia” deritzogun eraikinik ez duten udalerri guztietan Bake-Epaitegi bat aurkituko du.
Zer behar da bake epaile izatera ailegatzeko?
D.R.: Bake-Epaile izan nahi duen herritarrak adinduna izan beharko du, eta ezin izango du zeregin judizialak betetzeko ezgaitasun edo bateraezintasun arrazoirik izan, baina bere lanbide edo merkataritza jarduera betetzen jarrai dezake. Horretarako, bake-epaitegia duten udalerrietako Udalak deialdi bat egingo du, eta nahi duen edonor aurkez liteke, beti ere bere eskaerarekin batera iragarkian adierazten diren agiriak eta dituen titulu akademikoak aurkeztuta. Osoko bilkurak pertsona hori aukeratzen duenean, bere Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiak Bake-Epaile izendatuko du, lau urterako.
Zeure lan aldian zer egin behar duzu?
D.R.: Ondoko funtzio hauek ditu: bere herrian gertatu diren larritasun txikiko gertakariengatiko (irainak, laidoak, hertsapenak) falta-epaiketak tramitatu eta egin beharko ditu, baita epaia eman ere. Gauza bera egingo du 90,15 eurotik beherako kopuruak erreklamatzen direnean ere. Erregistro Zibila ere bere kargura dago, eta beraz, bikoteak ezkonduko ditu, jaiotzak inskribatuko ditu, eta gai horiei loturiko beste zenbait zeregin ere beteko ditu. Jose Luis Oion bake-epailea izan zen 25 urtetik gora. Oso lan ona egin du. Bere mailara ailegatzen ahaleginduko naiz. Bake-Epaitegiko bi langileren lan itzela ere azpimarratu nahiko nuke.
Non eta noiz aurkituko zaitu?
D.R.: Astelehen, asteazken eta ostiraletan zabalik dago. 9:00-14:00 artean. Gizarte Ongizateko bulegoetan.
BAKE-EPAITEGIKO ZEREGINAK
• Erregistro zibila: Ezkontza zibilen espedienteak. Ezkontzan izandako seme-alaben jaiotzen, ezkontzen eta heriotzen inskripzioak eta egiaztagirien laburpenak edo hitzez hitzeko egiaztagiriak ematea.
Jaiotza edo ezkontza agiriak lekualdatzeko eskaerak; bizi-agiria eta egoera-agiria.
• Arlo zibila: demanda zibilen alorrean, 90,15 eurotik beherako kopuruen erreklamazioei buruzkoak soilik azter daitezke.
• Zigor arloa: larritasun txikiko epaiketak bakarrik egiten dira, adibidez, irainak, edota mehatxu mota batzuk ebazteko.
• Lankidetza judiziala beste epaitegi batzuekin: beste epaitegiren batek eskatuta, komunikazio egintza edo eginbideren bat egitea eska liezaioke herritarrari bake-epaitegiak. Eginbide horiek oso garrantzitsuak dira epaiketa bizkortzeko, eta beraz, joaterik ez duenak bere bake-epaitegiari jakinarazi beharko dio.