Gidabaimenaren teorikoa, bost egunetan

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2009ko uzt. 16a, 11:56

Astebete baino gutxiago irauten duten ikastaro trinkoak iritsi dira hemengo autoeskoletara. Modalitate hori eskaintzen dutenen esanetan, modu horretara aurkezten diren ia guztiak lehenengoan gainditzen dute azterketa teorikoa.


Autoeskolak ere krisialdian murgilduta daude, asko jaitsi da bezeroen kopurua. Eta bezeroen jaitsiera horri erantzuteko eskaintza berriak egiten hasiak dira. Horien artean bost egunean gidabaimenaren teorikoa lortzeko aukera. Eskaintza hau egiten duen autoeskoletako bat Solozabal da. Aiurrik, Solozabalek Urnietan duen autoeskolara jo du.

Esaguzu zer den bost egunetan gidabaimenaren teorikoa ateratzeko aukera berri hau?
Iñigo Crespo: Bada, horixe da, bost egunetan autoeskolan izan ondoren seigarrenean azterketara joateko aukera.

Noiztik eskaintzen duzue aukera hau?
I.C.: Guk herri askotan ditugu autoeskolak eta iazko Gabonen aurretik hasi ginen aukera hau eskaintzen Donostiako Lorea auzoan dugun autoeskolan.

Beraz hemen Urnietan ez duzue eskaintzen aukera hau?
I.C.: Ez, baina etorri zaizkigu modalitate horretan interesatuak eta Donostiara bideratzen ditugu, eta jada badira gidabaimenaren teorikoa horrela lortu duten urnietarrak.

Nola antolatzen da bost egunekoa?
I.C.: Donostiako Lorea eta  Herrera auzoetan ditugun autoeskoletan ematen dugu aukera hori. Lorean, larunbatarekin hasten dira bost egunak, beraz, larunbata, igandea, astelehena, asteartea eta asteazkenean bertara joanez ibili ondoren, hurrengo astelehenean azterketara joaten dira. Eta Herrerakoan bost egun autoeskolan izan eta juxtu hurrengo egunean bertan azterketara joaten dira.

Zenbat ordu pasa behar izaten dute autoeskolan egun bakoitzean?
I.C.: Aste egunetan hiru ordu egun bakoitzeko. Eta asteburuko bi egun horietan goizez eta arratsaldez izaten dira klaseak, goizez 9:00etatik 14:00etara, eta arratsaldez 16:00etatik 20:00etara.
Etxeko lanik ba al dute ikasleek?
I.C.: Ez, ez da beharrezkoa, autoeskolako orduekin nahikoa izaten dute.

Modu tradizionalarekin alderatuz, zein aldaketa nabarmenduko zenituzke?
I.C.: Nabarmenduko nuke irakasleek denbora guztian gainean egoten direla, talde txikiak antolatzen dira eta ia irakaskuntza pertsonalizatua da. Baita ere, ikasteko modu horretara egokitutako programa informatibo berri bat jarri dugu, gauza ez baita testak egin eta egin aritzea.

Nortzuk erabiltzen dute aukera hau?
I.C.: Normalean ikasten ordu asko pasatzen ohituta dauden gazteak, alde batetik, eta lanagatik edo beste arrazoiren batengatik denbora libre gutxi dutenak bestetik.

Prezioan zer diferentzia du?
I.C.: Bataz beste, prezio berdina du.  

Bezeroengandik, nolako onarpena izan du?
I.C.: Hasieratik ondo onartu du jendeak. Eta normalean aukera hau egiten dutenek inongo arazorik gabe gainditzen dute azterketa. Hasieran joandako guztiek gainditu zuten eta orain ere gainditzen dutenak ia %100 dira. Badago suspenditzen duenik, baina modu tradizionalean jarraitzen dutenen artean ere beti egon dira lehenengoan gainditzen ez dutenak.
Modalitate honek jaso dituen kritiken artean, esaten da, ez duela denborarik ematen teoria behar bezala barneratzeko, eta gero gabezi hori errepidean nabaritzen dela, zer diozu horren aurrean?
I.C.: Ez nago ados hori esaten dutenekin, azterketa teorikoa gaiak menperatzen dituztenak bakarrik gainditzeko moduan prestatua baitago. Ulertzen dut oso denbora gutxi dela, bost egun besterik ez direla, baina uste dut badirela ordu nahikoak, eta ondo prestatuta joaten direla.

Baita ere esaten da teoria ondo barneratu gabe dutela, eta ondorioz klase praktiko gehiago behar izaten dela?
I.C.: Ez, ez da horrela, ez dauka inongo zerikusirik, modu tradizionalean edo klase intentsibo hauen ondorioz teorikoa gainditutakoen artean ez dago alderik.

Beraz eskaintza hau zabaltzen joango da?
I.C.: Bai, dagoeneko bi autoeskolatan egiten dugu eskaintza eta oraindik gehienek modu tradizionalera jotzen badute ere, ez dut zalantzarik hau askoz gehiago hedatuko dela.

Beraz, balorazio positiboa egiten duzu?
I.C.: Galdezka etortzen direnei esaten diet neketsua dela, baina bost egunetan gidabaimenaren teorikoa ateratzea ere kontutan izateko zerbait dela. Eta emaitzak ikusirik emaitza onak ematen ari dela esan liteke.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!