Urtzi Aira gazteak artzain izateko ametsa bete du

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2009ko uzt. 16a, 11:55

Urtzi Aira Urruzola 1982ko azaroaren 29an jaio zen Puebla-n (Mexiko). Sei hilabete zituela etorri zen Euskal Herrira. Txikitatik gustatzen zaizkio mendia eta aire librea. Eta ardiak. Batetik bestera ibili ondoren, azkenean lortu du artaldearen babesleku eta lantoki izango duen Harrobialde eraikina egitea, amaren jaiotetxean, Oztaran auzoko Elutseta baserriko lursailetan.

Aurrekoak ez zenituen artzainak...
Urtzi Aira: Umeak ginela Intzako artzain bat, Esteban izenekoa, etortzen zen inguru honetara, eta eskolatik etorritakoan zuzenean beregana joaten nintzen. Gero, Elutsetan ardi batzuk jarri genituen, sagastiak eta garbi mantentzeko asmoarekin. Eta gertatzen zen etxean inork ere ez genekiela ia ezer ardiak zaintzeari buruz. Oso lan zaila egiten zitzaigun, etekinik ez genion ateratzen.

Non egin zenituen ikasketak?
U.A.: Hernaniko Langile ikastolan, ondoren Hernaniko institutuan BUP egin nuen. Eta lanean hasi nintzen familiako sagardotegian. Han nintzela, EHNE sindikatuak antolatutako artzain zakurrei buruzko ikastaroa egin nuen eta konturatu nintzen baserriko 100 edo 150 ardiak bakarrik ibiltzeko gai nintzela. Gero lagun bat Arantzazuko artzain eskolara joan zen eta berak ematen zidan hango berri.

Eta zuk ere Arantzazura joatea erabaki zenuen?
U.A.: Bai, sagardotegiko lana utzi eta berriro ikastera joan nintzen. Hango ikastaroa batez ere teorikoa zen eta bukatutakoan beharrezkoa da praktikak egitea. Eta Donibane Garazi ondoko Gamarte herrira joan nintzen hango artzain kooperatiba batera. Baina bi hilabete pasa orduko nire lagun artzainak deitu zidan beregana lanera joateko, berarekin ari zen langileak alde egin ziolako. Eta beregana joatea erabaki nuen. Horrela, Elduaingo bere baserrian aritu nintzen bi urtez. Han asko ikasi nuen, batez ere artzain izandako bertako aiton-amonekin.

Beharrezkoa al da Arantzazukoa bezalako eskola batetik pasatzea?
U.A.: Ezer ez dakienarentzako ondo etortzen da. Baina miraririk ez dute egiten. Artzaintza erakustea gauza oso zaila da. Alpeetan badaude artzain eskola onak, handik ia-ia artzain eginda ateratzen dira. Hemengoa berriz, oinarri bat hartzeko baliagarria da.

Beraz, Arantzazun baino gehiago ikasi zenuen ondorengo praktiketan?
U.A.: Iparraldean asko ikasi nuen, asko gustatu zitzaidan zeukaten erakusteko modua. Haiek benetan nahi zuten nik ikastea, praktiketan arrisku handia baitago peoi gisa lan egin eta ezer ikasi gabe geratzekoa.

Zer da iparraldean ikasi zenuena?
U.A.: Garaziko eskualdean %70 baserriko produktutatik bizi da, eta asko laguntzen dute elkar, batez ere gauzak hobetzeko, edozertarako elkarri deitu egiten diote. Hemen elkarri zehar-begiratuz gabiltzan bitartean. Gauzak egiteko beste kultura bat dago, bakoitzak traktore bana erosi ordez, bi edo hiruren artean erosteagatik laguntza handiagoak jasotzen dituzte. Horrek egiten die sektore hau bideragarria.

Horrelako inbertsio bat egiteak merezi al du?
U.A.: Familiak eta lagunek asko lagundu badidate ere oraindik bururik altxa gabe gaude alde ekonomikotik begiratuta, baina merezi du lanerako eroso jartzeak. Artzain izateak ez du esan nahi dena antzinako eran egin behar denik. Inork ez du gazta hamar euro gehiago ordaintzen artzaina borda batean ikusteagatik. Badakigu animaliekin ari garela eta esku lan asko egin beharra dagoela, baina lanik gogorrenak errazteak asko laguntzen du.

Zenbat ardi dituzu?
U.A.: 400 inguru. Baina nire asmoa da hoberenak aurrerako uzten joanez 300en bat ardirekin geratzea.

Non izaten dituzu ardiak udan?
U.A.: Udan eta neguan inguru hauetan. Hemen belarra dagoen bitartean bertan ibiliko ditut. Gure ardiak esnetarako bideratuak daude, intseminazioetatik datoz eta Aralar edo Urbasa mendietan ohitutakoak baino ahulagoak izaten dira, ziurrenik ez lirateke ondo ibiliko han, gehienbat morfologiarengatik.

Zer egiten duzu esnearekin?
U.A.: Dena gaztak egitera bideratzen dut. Momentuz horretan jarraitu nahi dut, esnea gutxi ordaintzen da.”Mileurista” baten soldataren erdira ere ez ginateke iritsiko esnearekin bakarrik.

Eta zer moduz doa gazten salmenta?
U.A.: Aurten adinako produkziorik ez nuen sekula egin, eta momentuz kontentu gaude. Makinaria berriari eskua hartu beharra, egokitu beharra izan dugu eta gauzak ondo atera direla esango nuke.

Zein dira zure bezeroak?
U.A.: Bi urte egon naiz gaztarik egin gabe, baina lehengo bezeroak dira asko. Ahoz-ahoko propagandarekin bertatik saltzen ari naiz ia dena, hori da eduki dudan zorterik handiena. Hemendik kanpo Hernaniko harategi batean dago salgai eta taberna batzuek ere badute, baina bertatik saldu nahiko nuke.

Zakurra ere garrantzitsua da artzainarentzat.
U.A.: Collie arrazako txakurrak ibiltzen ditugu. Lanerako genetika oso ona dute, Ingalaterran eta Eskozian zakur arraza honek ez dute pedigririk jasotzen ez baldin badute arditarako instinturik. Lan horretara bideratutako arraza da.

Hala ere heziketa lana ez da erraza izango?
U.A.: Lehen bakoitzak bere erara erakusten zion. Orain badaude txakurra hezteko oso ondo funtzionatzen duten Ingalaterratik ekarritako metodo batzuk. Hezteko ezin da txakurra ekarri eta kolpean artaldean sartu. Dozena bat ardi eduki behar dira beste toki batean, eta haiekin ibili eta erakutsi. Ez dira jarraian ordu asko sartu behar, gauzak ondo eginez gero egunean ordu laurden edo ordu erdi nahikoa da.

Noiz egiten du jai artzain gazte batek?
U.A.: Praktiketan iparraldean aritu nintzenean esplikatu zidaten artzaintza ofizio arrunt  izatea lortu behar genuela. Beraiek kooperatiba ziren eta jaiak txandatuz egiten zituzten. Ni bakarrik nago oraindik eta jai egin behar dudanean egunez egin behar; goizean ardiak jetzi eta gero atera, gauean bueltatzeko. Uda da guretzat urtarorik lasaiena. Baina animaliak dira eta bizirik daude eguneko 24 ordutan, ezin dira itzali makina baten moduan.

Bikotekidearentzako ez da erraza izango bizimodu hau?
U:A.: Neska lagunak bere lana dauka, eta bakoitzak bestearena errespetatzen dugu.

Bukatzeko, zer esango zenioke artzain izan nahi duen gaztetxoari?
U.A.: Gustatzen bazaio saiatzeko horretan. Konpentsazio eta alde onak ere badituela, nahiz eta sarritan momentu polit horiek bakarrik pasa beharra izaten diren.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!