Emakumeari ateak zabaldu zaizkio Peña Santa Krutz elkartean

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2009ko uzt. 16a, 11:51

Aurrerantzean emakumeek bazkide izateko aukera eskatu ahal izango dute Kale Nagusiko elkartean. Erabaki honen ostean, Agustin Leitza, Ontza, Zumeatarra eta Karrika elkarteak dira bazkide gisa gizonezkoak bakarrik onartzen dituztenak.
Peña Santa Krutz elkartera Ander Armendariz izan da gaia batzarrera eraman duen zuzendaritzako lehendakaria.

Nola zegoen larunbata arte emakumearen presentzia zuen elkartean?
Ander Armendariz. Bazkide ezin zuen izan, hasteko. Berez asteburuetan bakarrik sar zitezkeen, eta sukaldera inoiz ez. Gertatzen da aspalditxoan malgutasuna egon dela, eta horrela, ez zitzaien inongo trabarik jartzen nahi zuten egunetan etortzeko edota sukaldean sartzeko.
Bestalde, aurten maiatzean danborradan ere parte hartzeko eskubidea onartu zuen batzarrak; 40 bazkide alde agertu ziren, 5 berriz kontra.

Zerk bultzatu zaituzte zuzendaritzakoei gaia batzarrera eramatera?
A.A.Aspaldian elkarteak jorratu behar zuen gaia zen, baina atzeratzen joan da. Danborrada aztertu zen batzar hartan, emakumeen presentziaren aldeko giroa sumatu genuen. Emakumezkoak bazkide izateko aukera egokia ikusi genuen orduan.

Lehenago jorratu behar zen gaia zela diozu.
A.A.Bai, baina badakizu, batzutan beldurrak, ausardi faltak, aurreiritziak... indar handia dute. Gure harridurarako, ordea, adin guztietako jendeak azaldu du baiezkoa.
Emakumezko batek orain hiru bat urte idatziz egindako eskaerak ere lagundu du pausoa emateko garaian. Gutunean adierazi zigunez, bere aita elkarteko sortzaileetako bat izan zen eta bera elkartera sentimentalki oso lotuta egon da beti; horrenbestez, emakumeei ateak irekiz gero, lehenbiziko bazkidea izan nahi lukeen jakinarazi zigun.

Nola joan zen batzarra?
A.A.Lehendabizi zuzendaritzakook ezohiko batzarraren zergatia azaldu genuen. Gero bazkideek hitza hartu zuten, eta horietatik gehienak aldeko arrazoiak eman zituzten. Bazkide bakarra izan zen ezezkoa defendatu zuena. Emakumeak -bere emaztea eta bere alaba barne- ez zituela gutxietsi nahi esan ondoren, emakumeek elkartean arazoak sortuko zituztela esan zuen. Askok zera erantzun zioten: arazoak, gizonezkoek ere berdin-berdin sortzen zituztela.

Eta bozketa nola joan zen?
A.A.27 aldeko, eta 2 kontrako.

Estatutuak aldatu egin beharko dituzue orain, orduan?
A.A.Ez, gaur egun legez elkarteetan ezin da, sexua dela eta, jendea diskrimina dezakeen araurik ipini. Kontua da hor azpijokoa egiten dela; bazkide izan nahi duenari hautaketa prozesu bat ezartzen zaio, eta hor bazterkeria aplikatzen da.

Elkartearen sortzaileek jarritako filosofiari traizio egin diozuela diotenei, ezer esatekorik bai?
A.A.Baliteke garai batean Ingalaterrako lord-en klub pribatuen antzeko pentsamendua egotea, baina anakronikoa da gaur egun. Gizarteko balio aurrerakoietara egokitu egin behar gara guztiok.

Hemendik aurrera, beraz, zer egin behar dute elkarteko bazkide izan nahi duten emakumeek?
A.A.Gizonezkoek egin izan duten gauza berbera: eskatzaileen zerrendan jarri eta bi abal-emaile lortu bazkiden artean. Elkarteak ehun bazkide eduki ditzake gehienez, eta egun hiru leku daude betetzeko oraintxe. Bazkide bat ateratzera doa baina ordezkoa ekarri du; bigarren bat sartzeko tramiteetan dabil. Hutsik dagoen hirugarren tokia, berriz, lehendik eskaera egina daukan emakumearentzat gordeko dugu.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!