Uda, jolaserako sasoi bikaina

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2009ko uzt. 15a, 11:38

Uztaileko goizak ederki pasatzeko aukera egokia eskaintzen dute udaleku irekiek.

Hiru eta hamabi urte arteko ehun eta hogeita bost haur biltzen da Asteasun goizero. Adinaren araberako taldetan banatuta egiten dituzte ekintzak, baina elkarrekin jolasean ibiltzeko tarteak ere hartzen dituzte. Hala azaldu du Ane Zubeldia koordinatzaileak: “Herriko baliabideak aprobetxatzen saiatzen gara ekitaldiak antolatzeko garaian: kiroldegia, bidegorria, koltxoneta gela, eskulan gela, eskola… Taldeka egiten ditugu gauza asko, baina elkarrekin egotea ere gustatzen zaigu: olinpiadak, irteerak, karaokea, altxorraren bila… Azken eguneko merendolan ere guztiok batera izaten gara. Haurrek egindako pizzak eta antzeko jakiak jaten ditugu”. Oneka, Adur, Itsaso, Laiene, Miren, Irune…, gustura ibiltzen dira goizero: “Eskolara joatea baino askoz ere hobea da. Asko gustatzen zaigu jokoak egitea eta igerilekura joaten garen egunetan ere ederki pasatzen dugu. Urtero errepikatzeko modukoa da”.

Herri txikietan ere bai
Aduna eta Larraulen ere talde politak sortu dira. Aiztondo Zerbitzuen Mankomunitateak antolatzen ditu udaleku irekiak eta guztira, hirurogeita hamar haur inguru hartzen dituzte. Itsaso Gonzalez Aiztondo Zerbitzuen Mankomunitateko teknikaria da eta berak du antolaketa lanak egiteko ardura: “Udaleku irekiak antolatzen hasi ginenean, Aduna, Alkiza eta Larraulgo haurrak talde bakarrean elkartu eta herriz herri mugitzen ginen. Gaur egun, talde bakoitza bere herrian izaten da eta ostegun eta ostiraletan elkarrekin egiteko ekintzak antolatzen dira, irteerak gehienbat”. Aurten, Larraulen osatu dute talderik handiena: “Bi taldetan banatzen dira haurrak, adinari egokitutako ekintzak egin ahal izateko. Herri txikietan adin ezberdineko haurrak oso ohituta daude elkarrekin ibiltzen eta talde naturalak egiten saiatu gara. Esaterako, bost urteko haur batzuk, hiru eta lau urtekoen taldean sartu ditugu, ikasturte osoan zehar horrela ibiltzen direlako, eta adin bereko beste batzuk, helduagoen taldean dabiltza arrazoi berberagatik”.
Herria ezagutzeko baliatzen dituzte goizak Larraul eta Adunako haurrek: “Baserriren bat bisitatu, baratzeak ikusi, herriko artisauen lana bertatik bertara ezagutu, karobiak ikusi…, herrian bertan gauza asko ikasteko aukera dago eta horretan dabiltza. Larrauldarrek olio ukenduren bat egin dutela ere badakit”. “Zaharrenek irteerak egiten dituzten egunean, txikiak herrian geratzen dira ekintza ezberdinak egiten. San Fermin egunean, esaterako, oso festa polita egin zuten txikienek Adunan”.

Aisia eta kirola
Andoainen, uztaila eta abuztuan izaten da udaleku irekietan ibiltzeko aukera. Hiru eta hamabi urte arteko haurrei zuzenduta dago eta ehunka haurrek parte hartu ohi du, uztailean gehienbat. Egunotan, ohikoa da kalean zehar, eskutik helduta eta kantari haur talde handiak ikustea.
Horrez gain, Goizean kirolean ekimena ere martxan dago Andoainen. Patinak, tenisa, eskalada, futbola…, kirola eginez elkarrekin ondo pasatzea da helburu nagusia. Ehun eta bost haur inguru joaten da goizero kiroldegira, eta handik, herriko puntu ezberdinetara joaten dira. Hala azaldu du Mikel Arregi begiraleak: “Lehendabiziko egunean, bederatzi taldetan banatu genituen haurrak, adinaren arabera. Egunero ekintza ezberdinak egiten dituzte: Frontenisa, tenisa, patinajea, saskibaloia, eskubaloia, mendi ibilaldiak… Ekintza bakoitzak bere begiralea du eta taldeak txandatuz joaten dira. Egunero talde ezberdina izateak zailtasun pixka bat ematen dio begiraleon lanari, baina ohitutakoan, dena ondo joaten da. Haurrek ere gustuko dute ekimena eta gurasoentzat, lasaitasuna da haurrak non utzia izatea”.
Haur gutxixeagorekin bada ere, uztaileko bigarren hamabostaldian ere martxan izango da Goizean Kirolean ekimena. Haurrak gustura dabiltza kirola egiten: “Kirol guztiak gustatzen zaizkit, bereziki frontenisa, tenisa eta musikarekin egindako ekintzak. Gutxien gustatzen zaidana berriz, mendiko irteera izaten da, nekagarri samarra delako”, azaldu du Uxue Marzolek. “Niri patinajea gustatzen zait gehien. Lehendik ere banekien patinatzen eta oso ondo pasatzen dut”, gaineratu du Ainhoa Mujikak.

Hogei urteko historia
Amasa-Villabonan, hogei urte inguru daramate udaleku irekiak antolatzen. Maite Arregi Euskara teknikariak eman du horren berri: “Fleming ikastetxeko guraso elkarteak jarri zuen martxan ekimena, euren ikastetxeko haurrei zuzenduta. Zerbitzua herri guztira zabaldu ahal izateko, Udalak hartu zuen ondoren ekimenaren ardura eta gaur egun, Urtxintxa eskolako kideen esku uzten du Udalak udaleku irekien kudeaketa. Bi eta hamar urte arteko ehun eta berrogeita hamaika haur ditugu aurten, hemezortzi begiraleren ardurapean”. “Fleming eskolak Arroa auzoan duen eraikinean biltzen dira haurrak, eta adinaren araberako ekintza ezberdinak egiten dituzte. Aurten, eguraldia laguntzen ari da eta kanpoko ekintza asko egiteko aukera izaten dute. Haur txikienak, haurtzaindegi zaharra zegoen eraikinean biltzen dira, kanpora gutxiago ateratzen direnez, toki egokiagoa delako”. Uztailaren 22an, jaien aurretik amaituko dira Amasa-Villabonako udaleku irekiak: “Egun horretan egun osoko irteera egiten dute. Eguraldiak laguntzen badu, Azpeitiako igerileku irekietara joaten dira urtero, autobusez”. Bestalde, Olaederra kiroldegian hainbat ekintzatan parte hartzeko aukera ere badute gaztetxoek: aerobic, cycling, igeriketa, multiekintzak, tenisa, BTT eta patinak.

Adin guztietakoak, elkarrekin
Zizurkilen, berrogeita hamabost haur biltzen da Oporretan Euskaraz ekimenaren baitan. Zazpi begiraleren laguntzarekin, hainbat ekimenetan parte hartzen dute gaztetxoek. Aurreko urteetan laurogei ume inguru izaten zen Zizurkilgo udaleku irekietan, baina aurten gutxiago izanagatik ere, giro ederrean pasatzen dituzte goizak. Gari, Ane, Ines, Maider…,  09:30etatik 13:30etara, gazte zizurkildarrek izaten dute haurren ardura: “Ezinbestekoa da zizurkildarra izatea begirale lanak egiteko. Ekintza gehienak haur eta begirale guztiek elkarrekin egiten ditugu, baita irteerak ere. Igerilekura joateko garaian bakarrik banatzen gara, arriskua ekiditeko. Uztailaren 24ra arte luzatuko da ekimena eta ordura arte, haurrek ahalik eta ondoen pasa dezaten saiatuko gara”.
Amasa-Villabonan eta Andoainen bezala, kirol ekintza ezberdinetan parte hartzeko aukera izaten dute Zizurkilgo haurrek ere. Horrela azaldu du Ainhoa Larrea teknikariak: “Olaederra kiroldegiak egiten duen eskaintza bera luzatzen diegu herriko haurrei. Horrez gain, hipika, surf eta body board eta piraguismo ikastaroak ere antolatzen ditu Zizurkilgo Udalak. Foru Aldundiak bultzatzen ditu kirol ekimen hauek, gaztetxoek udan kirola egiteko aukera izan dezaten”.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!