Izagirreri omenaldia Etxeberrietan

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2009ko uzt. 15a, 11:30

Cabrejas izena duen oinezko lasterketak Pablo Izagirre txirrindulari handia omenduko du aurten. Etxeberrietako jaietan izango da hori, abuztuaren 2an.

Pablo Izagirre Iraetak betidanik maite izan du bizikleta eta 50eko hamarkadan sona handiko garaipenak lortu zituen. “Afizionatuen mailan aritzen nintzen; mendian ondo defendatzen nintzen eta helmugetan oso azkarra nintzen. Horri esker makina bat karrera irabazi nuen”. Profesionalekin nahastuta ateratzen ziren errepidean, eta orduan “haien aurretik geratzen nintzen maiz”. Berarekin batera pedala astindu zutenen artean, Bahamontes eta Langarika ospetsuak aipatu ditu.
1954-a izan zen urterik emankorrena Izagirrerentzat. “Itsasondon Gipuzkoako txapelketa eta Altsasun Vasco-Navarroa irabazi nituen. Gero, Espainiako txapelketara Bartzelonara joan nintzen”. Hirugarren geratu zen han Bello eta Seguren atzetik. Irabazteko zorian izan zela ziurtatu du. “Irteeran ez ziguten esan helmugako pankarta non jarriko zuten, eta ni azken metrotan galduta ibili nintzen. Nire aurreko bi horiek, ordea, jakinaren gainean zeuden, eta nik uste horrexegatik iritsi zirela nire aurretik”.  
Lasterketa horietan bizikletari zor zioten maitasunagatik   hartzen zuten parte, ez jasotzen zituzten laguntza edo sariengatik. “Ez genuen inongo talde laguntzarik eta zulaketak adibidez, geuk konpontzen genituen bide bazterrean; tubularrak, berriz, bizkarrean eramaten genituen. Probetara ere etxetik bizikletan joaten ginen sarritan”.     

LANERA ERE BIZIKLETAN  
Bizikleta lehiatzeko ez ezik garraiatzeko ere erabili zuen urtetan Izagirrek. “Añorgako Rezolan lan egiten nuen, eta bertara bizikletan joaten nintzen. Gero arratsaldean 17:00etan lantegitik atera eta egunero Orio-Andazarrate-Villabona ibilbidea egiten nuen; horixe zen nire entrenamendua”.   
Orain urte asko ez dela arte eman dio gogor pedalari, eta Piriniotako Tourmalet eta Aubisque portu mitikoak igo izan ditu. Kirolari osoa izan da Izagirre, eta horren erakusgarri da bizikleta hartu aurretik korrikalari gisa lortu zuen palmaresa: “Bigarren mailako lasterketa mordoa irabazi nuen Gipuzkoan. Gero, Elgoibarko txapelketa etorri zen; eta han Patxi Irizar Garro-k hartu zidan aurre”.
Korrikalari zela, Bixente Huizi eta Martin Ugaldek animatu egin zuten Santakrutzen egitekoa zen gizon proban parte har zezan. “Korrika, bizikleta eta zamajasotzea zen. Hirugarren gelditu nintzen, baina orduan kilikatu ninduen bizikletak”. Kirolerako zaletasun hori aitarengandik jasoko zuela pentsatzen du Izagirrek: “Silverio, aita, futbol jokalaria zen; Real Sociedaden ezker-hegalean jokatzen zuen eta Espainiarekin Anbereseko Olinpiadetan parte hartu zuen 1920an. Zilarrezko domina ekarri zuen”.     

ESTIMATZEN DUEN OMENALDIA  
Pablo Azpeitian 1929an jaio bazen ere, Andoaingo Etxeberrieta auzora etorri zen berehala bizitzera, familiarekin batera. Bera etxeberrietatarra dela aldarrikatzen du harrotasunez, eta horregatik, omenaldia auzo horretan egiteak  esanahi berezia dauka berarentzat. “Jaiak nahiko gertutik bizi ohi ditugu Niko emazteak eta biok; auzotarren bazkarira ere etortzen gara eta noski, aurten dena egingo zait berezia”.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!