Patxi Gil, 36ko milizianoa hil da

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2009ko uzt. 15a, 11:17

Patxi Gil Agirre, Andoainen geratzen ziren azken bi milizianoetako bat hil zen uztailaren 2an. Gudarietatik ere, bakarren bat  baino ez da geratzen gaur egun.

36ko Gerran Euskal Ejertzitoan parte hartu eta oraindik bizi diren herritar horiek 90 urteak gaindituta dituzte aspaldi. Horietako bat hiltzen den bakoitzeko, Euskal Herriaren XX. mendeko historiaren zatirik garrantzitsuenaren testigantza zuzenak entzuteko aukerak murrizten dira.
Gogoan izan behar da frankistek Andoain 1936ko abuztuaren 16an okupatu bezperan, ehundaka herritarrek ihes egin zutela kostaldera; tartean, 48 urteko Juan Gilek eta 21 urteko bere seme Patxik. Horiek guztietatik, ia bostehun miliziano eta gudari egin ziren hurrengo egunetan Bizkaiko frontean.
Gerra aurretik Gil apaiztegian ikasten hasi bazen ere, laster utzi zuen bokazio hura eta bat egin zuen Errepublika garaian zabaltzen joan ziren ezkerreko ideiekin. Frankistak altxatu bezain pronto, Gipuzkoako frontean ibili zen beste hainbat andoaindar bezala, komunistek eta sozialistek eratu zuten Rosa Luxenburgo batailoiarekin.
Buruntzako frontean parte hartu zuen Gilek. Borrokaldi mitikoa izan zen hura; izan ere, gaizki armaturik eta antolaturik zeuden bolondres bakan batzuek Buruntzako gailurrean jarri eta Nafarroatik zetorren Molaren ejertzitoaren ibilbidea hamabost egunetan gerarazi ahal izan baitzuten.
Irailean frankistek Gipuzkoa hartu eta berehala Jose Antonio Agirre buru zuten Eusko Jaurlaritza eta Euskal Ejertzitoa eratu ziren. Ordurako, Patxi Gil Eibar eta Elgetako lubakietan zegoen Rosa Luxenburgo batailoiarekin.
Gil Santoñan atxilotu zuten, 1937ko urrian. Kontzentrazio zelai batean eduki zuten, aitarekin batera. Gerora aita aske utzi bazuten ere, bera langile batailoi batera bidali zuten. Batailoi horiek gatibu errepublikarrak zigortzeko eratu ziren; Gil tropa frankisten lubakiak egitera behartu zuten, pala eta pikotxa emanda. 1939ko apirilean gerra bukatu eta hurrengo urteetan gatibu gisa jarraitu zuen, esklabuen pare lan egitera behartzen zituzten batailoi horietan. Erriberan, Galizian, Extremaduran, Gironan…, hainbat lekutan eduki ondoren, 1942an utzi zuten aske.
Horrenbestez, esan dezakegu Gil Errepublika defendatzeko armak hartu zituen aurrenekotakoa izan zela Andoainen eta hori ez ziotela barkatu, zigortuenetakoa izan baitzen.  Sakrifizio izugarri horregatik eskerrik jaso gabe joan da Gil, belaunaldikide asko bezala.  
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!