Errebote jokoa ulertzeko liburuxka

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2009ko uzt. 15a, 11:13

Larramendi Bazkunak Errebote jokoari buruzko ia 30 orrialdeko liburuxka kaleratu du.

Aiurri aldizkariarekin batera banatuko da eskualdean eta eskualdetik kanpo, Errebotearekin lotura duten herrietan ere bai. Larramendi Bazkuneko lehendakari Jon Unanue da Euskaldunen Errebotea lanaren egilea eta berak argitu ditu lanaren nondik norakoak.

Nolatan sortu zitzaizuen Erreboteari buruzko liburuxka kaleratzeko asmoa?
Argi geneukan Errebotea zela euskal pilotaren barruan jokorik zaharrenetakoa, ezaugarri oso bereziak dituena eta ezin genuela, inondik ere, galtzen utzi. Larramendi Bazkunetik gure ekarpena egin nahi genuen alde horretatik, izan ere gure eskualdean, bereziki Villabonan baina, garai batean baita Andoainen eta ziurrenik Asteasun ere, jokatzen zelako. Joko hori sustatzeko, Lekukotzak argitalpena nahikoa duina bazela iruditzen zitzaigun lana argitaratzeko eta, gehienbat, jende gaztearengana iristeko: jokoaren nortasunarekin, ezaugarriekin eta arauekin.

Jende gaztearengana iristea al da, beraz, argitalpenaren helburua?
Gazteengana bezala, helduengana iristea ere nahiko genuke: Villabonan agian gehixeago, baina handik atereaz gero, Errebotearen joko-arauak oso jende gutxik ezagutzen dituela jabetu baikara. Irakurleak jokoaren nondik norakoak errazago uler ditzan, testuaz gain, infografia edo irudi bidez ere azaldu nahi izan dugu jokoa eta, dudarik gabe, Joxean Jauregi villabonatarrari esker iritsi gara helburua betetzera.

Gaiaren inguruan zegoen hutsunea bete al duzue?
Errebotearentzat oso ekarpen interesgarria dela iruditzen zaigu. Euskara hutsez idatzita, Hernandorenak argitara emandako arautegiaz gain, ez baitzegoen ezertxo ere Erreboteari buruz. Badira hainbat liburu, besteak beste, Enrike Abrilek idatzitakoa, baina eskutan ibiltzeko gida liburutxorik ere ez dugu aurkitu egun.

Joxean Jauregi, Teodoro Hernandorena eta Enrike Abril aipatu dituzu. Villabonatarraren azalpenetan eta Zizurkil nahiz oiartzuarraren idatzietan soilik oinarritu al zarete argitalpena osatzeko?
Teodoro Hernandorenaren arautegiari jarraitu diogu gehienbat eta oso baliagarria izan zaigu Enrike Abrilek idatzitako liburua ere. Bi lan horiek uztartu eta horien gainean argitasun guztiak emateko, Joxean Jauregi izan dugu laguntzaile. Hiru lagun horien batura da argitaratu duguna.

Zuretzat, egilearentzat, zailtasun handiko lana izan al da?
Bai, ezustekoa izan da. Asmoari heldu genionean eta erreboteak hainbeste merezi duela eta, galtzen utzi ezin dezakegun jokoa dela erabaki genuenean nahiz eskualdean bezala eskualdetik kanpo ere sustatu egin behar dugula iritzi genionean, ez genuen uste hain zaila edo gorabeheratsua izango zenik. Jokoak bere zailtasunak ditu eta bizpahiru partida ikustearekin ez dira beti argitzen. Gurea kosta zaigu: batetik neronek jabetu behar nuen jokoaz eta jokoaren arauez baina, era berean, baita infografia egin duen egileak ere; kasu honetan, Iñaki Gozalok.

BEHARREZKO LIBURUXKA
Joxean Jauregi, pilotazale eta errebotezale itzelak argitalpenaren inguruko bere iritzia azaldu du:
Villabonatarra pozik agertu da emaitzarekin eta antzeko argitalpen baten beharra nabarmendu du, “jende askok Errebotearen araudia ezagutzen ez duenez, beti izan dugu erronka modura horrelako lan bat argitaratzea. Liburuxkan ez dira agian Erreboteari buruzko arau guzti-guztiak biltzen, baina ikusleek nola jokatzen den ulertzeko oso baliagarria izango da”. Jende asko plazara gerturatu eta ikusitakoa ulertzen ez zuenez, galdezka aritzen zela gaineratu du eta, liburuxkaren laguntzaz, Errebotea ikustera jende gehiago gerturatuko dela ere bai. “Behar-Zana elkarte mailan lehenago egin beharreko lana zela uste dut baina, liburuxka kaleratzeko une egokia da oraingoa. Izan ere, Errebotea pixkanaka galtzen ari baita; ez jokoa bakarrik, baita ikusle kopurua ere. Jende gaztearentzat bereziki, oso argitalpen aberasgarria izango dela uste dut”.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!