Tranpazulo igota, jaia lehertuko da Santamañan

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2009ko uzt. 15a, 11:08

Apirila bukaeran egiten dute Santamaña jaiak antolatzeko lehendabiziko bilera. Ideia berriak aztertu, jai egunak zehaztu eta antolaketa lanak banatzen dituzte. Uztailaren 17tik 19ra izango dira gozagarri lan horren fruituak.

Iñaki Amenabar jai batzordeko kide da eta berak eman du jaien inguruko berri zehatza: “Santamaña elkarteko kideak, Goibailarako bizilagunak eta festa batzordeko kideak biltzen gara auzoko jaiak antolatzeko. Guztira hamabost bat lagun izaten gara apirileko bilera nagusian. Jai egunak zehaztu eta ideia berriak aztertzen dira. Urtero egiten diren ekitaldiak mantenduz ekitaldi berriak sartzea ez da erraza, egitarauan tarte gutxi dagoelako, hala ere, beti izaten da berrikuntza txikiren bat. Aurten, esaterako, jaien aurreko asteburuan haurrentzako jolasak prestatu ditugu eta mus txapelketa ere aurreratu egin da. Santa Marina egunaren aurreko igandean herri krosa egin ohi da eta aurten, ekitaldi gehiago jarri nahi izan dugu, jai giroa pizten has dadin. Uztailaren 17an, Tranpazulo izeneko panpinaren igoerarekin batera hasiko dira ekitaldi nagusiak. Haurrei izugarri gustatzen zaie Tranpazuloren igoeran, argiak itzali eta zuziak hartuta prozesio moduko bat egiten da behealdeko baserrietaraino. Gaztetxoenek oso ondo pasatzen dute”.

Igandea, egunik jendetsuena
Umetatik ezagutu izan ditu Iñaki Amenabarrek Santa Marina eguneko ospakizunak: “Garai batean, Santa Marina egunean eta gertuen zegoen igandean egiten ziren ekitaldi guztiak. Gaur egun, jaia zabalduz doa eta ekitaldi ugari antolatzen da auzoan. Ziurrenik, Santa Marina egunetik gertuen dagoen igandeko ekitaldiak izaten dira jendetsuenak. Herri kirol saioak ikusmin handia sortzen du eta zaldi lasterketa ikustera ere jendetza handia hurbiltzen da. Santa Marina eguna ere oso maitea da, bereziki Goibailaran bizi direnentzat. Aurten larunbatarekin egokitzen denez, jendetza handia espero dugu. Egun horretan auzoan zehar egiten den kalejira ere gustura hartzen dute bertakoek. Arratsaldeko 17:30etan ekingo diote kalejirari Mañukorta eta Peñagarikano bertsolariek eta Kupela taldeko trikitilariek. Ermitatik gora, Izurtzuraino joan-itzulia egiten dute, auzoko baserrietan geldialdia eginez. Bertsoak eta trikiti doinuak eskaintzen dituzte etxeetako atarietan. Jai giroa zabaltzeko modu polita dela iruditzen zait”.

Elkartekideak, lanean
Santamaña elkarteko kideek lan handia izaten dute jaiek irauten duten bitartean: “Egun horietan elkartea itxi eta taberna moduan erabiltzen da. Elkarteko kideak arduratzen dira lan guztiak egiteaz: edariak zerbitzatu, garbiketak egin, otorduak prestatu, ekitaldiak antolatzen lagundu… Ostiraleko herri afariko jakiak ere bazkideen artean prestatzen dituzte. Guztira berrogeita hamar kide ditu elkarteak eta guztientzat izaten da zereginen bat. Egun horietan lortutako etekin ekonomikoa elkarterako izaten da”.
Uztailaren 17an hasi eta 19ra bitarte, jai giro jatorrean murgiltzeko aukera izango da Santamaña ermitaren inguruan
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!