Abuztuan zabalduko dute Iriarte

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2009ko uzt. 15a, 10:59

Hiru urtez itxita egon ondoren, abuztu hasieran zabalduko dute Iriarte etxeko jatetxe-taberna. Izaskun Aizpurua eta Felix Gerestak hartuko dute ardura eta Iker Huartek lagunduko die sukaldean.

Ekainaren 22an hasi zituzten sukaldea berritzeko lanak.Izaskun Aizpurua izango da taberna eta jatetxeko arduradun berria eta lanen jarraipena egiten ari da: “Udaletxeak zehaztu zizkigun egin beharreko zenbait berrikuntza eta guk ere, beste moldaketa batzuk egin nahi izan ditugu. Sukaldea txikia da eta ahalik eta modu erosoenean lan egiteko moduan jarri nahi dugu. Azpiegitura elektrikoan ere berrikuntza batzuk egin ditugu”.
Abuztu hasieran zabaltzeko asmoa azaldu du Izaskunek: “Abuztuaren 1ean bertan ireki nahi genuke. Lanak direla eta pixka bat atzeratzea posible da, baina herriko jaiak iristerako, zabalik izango da. Denetik eskaini nahi dugu: ogitartekoak, pintxoak, plater konbinatuak… Indar berezia jarriko dugu menu berezietan. Kartari garrantzia handia ematea baino egokiagoa iruditzen zaigu menu bereziak eskaintzea. Maiz samar eskaintza aldatzea da gure asmoa. Horrez gain, kartaz kanpoko eskaintza bereziak ere egingo ditugu garaian garaiko produktuekin”.
Egunero zabalduko dituzte Iriarte etxeko ateak: “Astelehenetik igandera, goizeko 09:00ak aldera irekiko dugu taberna eta gauean, lanak amaitu arte izango da zabalik. Taberna eta jatetxearen arduraz gain, pilotalekuko orduen antolaketa gure esku geratuko da eta Kultur Etxeko giltzak ere gure eskutan izango dira. Bestalde, etxearen garbiketa lanak egitea ere gure esku egongo da”.

Ogia eta egunkaria
Hiru urtez itxita egon ondoren zabalduko dute Iriarte etxeko taberna eta zerbitzu berria eskainiko dute gainera: “Garrantzitsua iruditzen zait ogia eta egunkaria herrian bertan erosteko aukera izatea eta orain arte ez da horrelakorik izan. Kotxea hartu gabe etxerako ezinbestekoak izan daitezkeen elikagaiak ere izango ditugu. Jatetxea martxan izango denez, jaki ezberdinak izango ditugu biltegian eta herritarren eskura jarriko ditugu. Momenturen batean sukalderako zerbait behar duenak, etxetik gertu erosteko aukera izatea nahi dugu. Ogia eta egunkaria ere egunero ekarriko ditugu”.

Ingurukoen bultzadaz
Urte asko darama Izaskun Aizpuruak ostalaritzan lanean: “Hamalau urtez nire kontura aritu nintzen ostalaritzan eta ondoren, beste zenbait tokitan ere egin dut lan. Udalak luzatu zidan Iriarte etxeko ardura hartzeko gonbidapena, eta ingurukoen bultzadaz animatu nintzen nire proposamena aurkeztera. Urte askotan nirekin lan egin duen Iker Huartek eta senar Felix Gerestak animatu ninduten eta hiruok egingo dugu lan hemen. Beste pertsonaren baten laguntza ere beharko dugu zerbitzari lanak egiteko. Herriko norbait izatea nahiko genuke, baina oraindik ez dugu guztiz lotuta”.
Hamar urterako hartu dute Iriarte etxeko ardura eta ateak zabaltzeko gogoz daude dagoeneko. Berritze lanak amaituta, abuztuan hasiko dira lanean Izaskun, Felix eta Iker.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!