Txupinazoa, Lakunzako futbolarien esku

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2009ko uzt. 14a, 16:41

Lakunza areto futbol taldeak Nazional B mailara igoera lortu du aurtengo denboraldian. Eurak izango dira 2009ko Santio jaiei hasiera emateko txupinazoa botako dutenak. Asier Etxaniz, Lander Uzkudun eta Iñaki Otaño taldekideek eman dituzte azalpenak.

Duela 13-14 urte sortu zen Lakunza areto futbol taldea. “Olaederra kiroldegia ireki eta handik urtebetera-edo jarri zen taldea martxan, Olaederra izena zuen hasieran eta herriko hainbat koadrilen artean osatu zen”, azaldu du hirukoteak. Urteak aurrera, taldea jokalari berdinekin mantendu bazen ere, orain hiru urte hainbat jokalari berri sartu zen taldean eta entrenatzailea ere aldatu egin zen, ardura Zizurkilgo Iñaki Otañok hartu zuelarik. “Transportes Lakunza da gure babeslea eta duela bi urtez geroztik, kluba ere badugu: Txanpaka kluba”. Klubaren baitan, areto futboleko hiru talde biltzen dira, “gure taldeaz gain, Gipuzkoako ligan bigarren mailara igaro den taldea eta jubenilen taldea daude”.

Maila igoera
Hirugarren taldea, joan zen maiatzean Euskal Ligatik Nazional B mailara igo den koadrilak osatzen du, “aurten bigarren urtez jokatu dugu Euskal Ligan. Maiatzaren bigarren hamabostaldian amaitu zen denboraldia eta Bizkaia aldera irteera asko egin behar izan dugu”. Denboraldi ona egin izanak emaitza politak eman dizkie, “txapelketa txukuna egin eta mailaz igotzea lortu dugu. 16 talde lehiatu gara denera eta oso gustura gaude lortutakoarekin. Duela hiru urte, inondik ere, ez genuen maila hau erakutsiko genuenik uste”, adierazi dute pozik. Orain maila berriari eutsi eta dirulaguntzak lortzeko ahaleginak egin behar dituztela aipatu dute, “mantendu baino lehen, gastuak ordaintzeko dirua lortu beharko genuke. Errazagoa da mantentzea dirua lortzea baino. Lakunzak taldea babesten jarraituko du eta eskerrak eman nahi dizkiogu emandako laguntzagatik. Udalak ere dirulaguntza ematen digu eta, era berean, kartelen bidez, herriko merkatariek ere laguntza eskaintzen digute. Iristen diren gainerako laguntza guztiak ere ongi-etorriak izango dira; izan ere, mailaz igotzeak taldearen aurrekontuan ere eragin nabarmena baitu”.

Denboraldi berriari begira
Irailaren azken asteburuan hasiko dute hurrengo denboraldia eta maiatzaren amaieran bukatuko dute, Aitor Arevalo eta Iñaki Otaño arduratuko dira entrenamenduez. “Irailaren hasieran ekingo diegu entrenamenduei: astearte, ostegun eta ostiraletan bilduko gara kiroldegian”. Hurrengo urtean Gipuzkoako hamaika talde, lau talde bizkaitar eta Arabako bi izango dira lehian. Aipatu dutenez, Nazional B mailan jokatzeak ez die oraindik kanpora joan beharra ekarriko. “Erkidego Autonomoan jokatuko dugu datorren denboraldian ere. Hurrengo pausoak, Nazional A mailara igotzeak, Errioxara edo Kantabriara jotzea ekarriko luke”, baina jokatzeko moduan eragina izango du, “Nazional mailan jokatzeak erritmo biziagoa eskatzen du, jokalarien maila dezente altuagoa baita”, Lakunzako futbolarien esanetan.

Jarraitzaileen babesa

Denboraldian zehar jarraitzaile asko izan dute eta hori oso pozgarria dela nabarmendu dute, “harrituta geratu gara; ez dugu beste kiroldegirik jarraitzailez Villabonakoa bezain beteta ikusi. Azken bi urte hauetan Olaederra kiroldegia jendez lepo betetzen da eta aurkari askok galdetzen digu zer egiten dugun horrenbeste jende erakartzeko. Kiroldegia hutsik edo jendez beteta ikustea alde handia da: jendearen babesa sumatzea oso pozgarria da guretzat eta jokatzerakoan, motibazioa areagotzen du”. Villabonako kiroldegira, lagunez gain, futbola gustatzen zaion jende ugari etortzen dela gaineratu dute.

Santiotako futbol txapelketa

Santiotako futbol txapelketan parte hartzen ari da Lakunza taldeko hainbat kide, “taldean beharrean, koadriletan banatuta jokatzen dugu herriko txapelketan. Oso erantzun ona izaten du urtero: aurten 15 talde ari gara parte hartzen”. Finala, iaz bezala, txupinazoaren ondoren,  jaietako lehen egunean jokatuko da: “hobeto, parrandan ibilita baino indartsuago aterako baitira bi taldeak”.

Txupinazoa, futbolarien esku

Lakunza areto futbol taldeak izango du aurten jaien hasiera iragartzen duen txupinazoa botatzeko ardura, “ez genuen horrelakorik espero eta sorpresa ona izan da proposamena jasotzea. Jaien hasiera ezberdina eta alaia eskaini nahi dugu. Prestaketa lanetan ari gara”. Asier eta Landerrek azaldu dutenez, argi daukate nork piztuko duen aurtengo suziria, “Iñaki Otaño entrenatzaile zela lortu du taldeak igoera eta, dudarik gabe, bera izango da suziria piztuko duena”.

Ondorengo hauek dira 2009 urtean maila igoera lortu duten Lakunza areto futbol taldeko partaideak:
Jokalariak: Ander Nuñez, Aitor Jimenez, Asier Aginaga, Ibon Aranzabe, Sinoe Sanz, Oskar Urbano, Juankar Sanchez, Sergio Pascual, Hautsi Izagirre, Lander Uzkudun eta Asier Etxaniz. Entrenatzailea: Iñaki Otaño. Ordezkaria: Borja Amigo.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!