Polaroidarekin: Sofia Quilez

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2009ko uzt. 14a, 16:33

Festa batzordeko kide eta Eresargi abesbatzako partaide da Sofia Quilez. Uztailaren 26an emanaldia eskainiko dute Gurea antzokian. Jaien antolaketaren, abesbatzaren nahiz parte hartzearen inguruan hitz egin du.

Badatoz Santioak…, gogotsu?
Bai, gogoko ditut herriko festak eta beti saiatzen naiz ekintzatan parte hartzen.

Festa batzordeko partaide moduan, zer moduz joan dira antolaketa lanak?
Oso ondo. Aurten aurreko urteetan baino parte hartze zabalagoa izan da eta talde berriak ere azaldu dira. Ondorioz, aurpegi berriak ikusi dira eta ideia berriak ez ezik eztabaidak ere sortu dira. Polita izan da jaiak antolatzeko prozesua, aberasgarria. Egia esan, festa batzordea egituratuta dago eta zaila izaten da hasieran markatutako ildo horretatik ateratzea. Adin ezberdineko pertsonek hartzen dugu parte batzordean eta zenbaitetan, iritzi ezberdinak izaten dira hainbat gairen inguruan. Villabonan giza mugimendu handia dagoela uste dut eta, alde horretatik, aberatsa dela herria. Udalak ere garrantzia handia ematen dio parte hartzeari eta hori ere garrantzitsua iruditzen zait.

Eresargi abesbatzak uztailaren 26an kontzertua eskainiko duzue. Zer nolako emanaldia izango da?
Talde moduan trantsizio momentuan gaude; egungo abesbatzak jasaten ari diren aldaketak islatzen saiatzen ari gara. Guri ere kosta egiten zaigu mugimenduak edo ezaugarri berriak sartzea, baina dinamika horretan ari gara lanean eta Santiotako emanaldia horren ispilu izatea nahiko genuke. Errepertorioan hainbat kantu berri sartu dugu.

Villabonatarrak zarete gehienak, zenbat kidek osatzen duzue taldea?
Urtean zehar aldatuz joan da kopurua: une honetan 27 lagun biltzen gara. Abesbatza batentzat ez da asko. Herritarrak gara gehienak, baina Zizurkil, Irura nahiz Zarauztik ere etortzen dira hainbat lagun.

Noiz sortu zenuten Eresargi abesbatza?

Datorren urtean 25. urteurrena beteko dugu eta ospakizun modura, hainbat ekintza prestatzen ari gara. Abesbatza sortu zenetik, herritar askok hartu izan du parte noizbait taldean. Hori bai, kantatzeak konpromisoa eskatzen du eta gustatu arren, ardura horri erantzuteko prest egon behar da. Gogoa duenari, etortzeko eta probatzeko esango nioke, gu beti gaude jende berria hartzeko zabalik.

'Villabonak beti izan du kantuarekiko zaletasun handia'. Zer diozu?
Egungo belaunaldiek agian ez dute hori ezagutu, baina kantuarekiko zaletasuna mantendu egin dela uste dut.

Jaietan kontzertuaz gain beste ekintzaren batean parte hartuko al duzu?
Beste urte batzuetan emakumeentzako jokoak antolatu izan ditugu, baina emakume taldea sortu zenetik beraiek lantzen dute alderdi hori. Bestalde, gaztetxoentzat zuzendutako txoko ezberdinak antolatu eta hainbat ekintza edo tailer garatzea proposatu da aurten batzordean. Guk kantua jorratu behar genuen, baina proposamena ez da aurrera atera azkenean. Ea hurrengo urtean gauzatzen den, ideia oso polita baita.

Herritar bezala, zein ekintzatan ez duzu hutsik egingo?
Oso gustuko dut Oinkarik antolatzen duen Euskal jaia, baina egunik politena Koadrilen eguna iruditzen zait. Izugarrizko giroa sortzen da eta egun aparta dela uste dut; ez nuke hutsik egingo. Gainerakoan, beste ekintzak ere gogoko ditut, ez zait inplikatzea kostatzen. Herriko talde ezberdinak bilduta, garai batean egiten zen txistularien alardea ere oso gogoko nuen. Jai batzordean ohitura hori berriro berreskuratu nahia azaldu da, agian jaietatik kanpo, urtean zehar egiteko. Badirudi bakoitza bere aldetik ibiltzen dela eta, noizean behin, herriko talde guztiak elkartzea oso garrantzitsua litzateke; Villabona baita lotzen gaituena.

Zein ezaugarri bete beharko lirateke herriko jaiak onak izateko?
Parte hartzea oso garrantzitsua dela uste dut; bestela, oso pasiboa geratzen baita jaia. Inplikaziorik gabe jaiek ez dute zentzurik. Bileretan parte hartu gabe kritikatzea oso erraza da.

Eguna ala gaua, bat aukeratzekotan?
Normalean egunez ibiltzen naiz gehiago, baina gaua ere gustatzen zait.

Jaietan jateko? Eta edateko?
Giro onean egonda, berdin zait zer jan. Alde horretatik ez daukat batere arazorik.  Edateko, berriz, freskagarriren bat.

Parrandazalea al zara?
Bai, gustatzen zait parranda.

Parrandarako konpainiarik onena?
Koadrila. Nire koadrila egun sakabanatu samarra badago ere, koruko lagunekin edo guraso taldea elkartuta gustura ibiltzen gara.

Mezu edo deiren bat luzatuko al zenieke herritarrei?
Jaiak denonak direnez garrantzitsua dela denon iritzia eta inplikazioa. Bestalde, urtean zehar nahiko momentu zailak bizitzen ditugunez, ondo pasa dezatela jaietan. Zabal ditzatela bihotzak!

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!