Santio edo Santa Ana, nor da herriko patroia?

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2009ko uzt. 14a, 16:28

Santio edo Santa Ana, herriko patroia nor ote den eztabaida sortu da aurtengo jai batzordeko bilera batean. Urteak atzera egin eta aurrekoen ahotsari jaramon eginez, zalantza hori argitzeko baliagarri izan daiteke ondorengo artikulua.

Santio, Villabonako patroia
Villabonako jaietan hiru santu ezberdinen egunak tartekatzen dira: Santio, uztailaren 25ean; Santa Ana, uztailaren 26an eta San Inazio uztailaren 31n. Badirudi, lehen bi santuen artean, herriko patroia nor den argitzerakoan, iritzi ezberdinak daudela. Orain 80-90 urteren bueltan dabiltzan herritarrek Lumane bilduma osatzeko garaian, zalantzarik egin gabe adierazi zuten Villabonako patroia Santio dela. Hara, hitzez hitz, gaiaren inguruan eman zituzten azalpenak: “Villabonako patroia Santio izan da betidanik. Oraingo gazteek ez dute egun hori nahi, Espainiako patroia ere badelako. Guk hemen, herriko patroi moduan, Santio ezagutu dugu beti. Santa Ana eguna ere, oso egun ederra zen baina, ez zen hain egun handia. San Inazio, berriz, Gipuzkoako patroia zelako ospatzen zen. Jaien segida zen”. Joan zen mende hasieran Santiotan jende asko biltzen zela ere azaldu zuten, “kanpoko jende asko etortzen zen Villabonara. Kalea eta kamioa, den-dena bete-beteta izaten zen. Hemen inguruan ez zen festa gehiagorik egokitzen eta Villabona erdigunean geratzen zenez eta, trenez edo tranbiaz, ondo komunikatuta zegoenez, jende asko etortzen zen inguruko herrietatik eta baita, Tolosa edo Donostia aldetik ere. Orain baino askoz ere jende gehiago biltzen zen”. Santio eguna handia zela ere adierazi zuten, gehienek, arropa berriak janzten zituztela egun seinalatu horretan, “Santio egunean, jeneralean, arropa berria estreinatzen genuen. Neskek perkalezko edo setazko soinekoren bat eta mutilek, mendigoizale galtzak (mil rayas-ak) eta alkandora zuria. Jantzi politak ziren guretzat” azaldu zuten. Hala ere, herritarrentzat, Santa Ana eguna ere garrantzitsua zen eta, nola ez, San Inazio eguna nahiz bezpera ere oso bereziak ziren. Tarteko egunak, berriz, ahulagoak eta asteburuarekin egokitzen ez bazen, atsedenerako hartzen ziren pare bat egun.

Santa Ana, ezkonduen eguna
XX. mendeko Villabonan, Santa Ana egunak berezitasun bat bazuela ere jakinarazi zuten, “ezkonduen eguna izaten zen, egun ederra. Urte dezentetan iraun zuen ohitura hark. Senar-emazteek taldean ospatzen zuten eguna. Nahi zuenak, zerrendan izena eman eta ekintzetan hartzen zuen parte. Besteak beste, saltoka eta dantzan aritzen ziren txarangarekin eta eguerdian, Berdura plazan bazkaltzen zuten”. Villabonatar hizlariek, partaide mordoa biltzen zela eta askok, dantzan oso ondo egiten zuela gogoratu zuten. “Iluntzetan ezkonduek korroan nahiz dantza sueltoan plazan eskaintzen zuten dantzaldia ikustea oso polita izaten zen”. Ezkondua edo ezkongabea izan, Santa Ana villabonatarren eguna zen, “Santio egunean kanpotar ugari etortzen zen bezala, Santa Ana eguna herritarrena zen”. Eta egun hori bereziki prestatzen zuen villabonatarrik ere bazen, “koadrila batzuek karrozak egiten zituzten egun horretarako. Izugarrizko juergak egiten zituzten, sano-sanoak”. Karrozak egiteari 60ko hamarkadan eman zitzaion hasiera eta urte askoan luzatu zen ohitura hura. “Txirrindularien lasterketa ezaguna ere egun berean izaten zen. Txirrindulari eta ikusle ugari biltzen zen herrian. Hasieran, inguruko txirrindulariek parte hartzen bazuten ere, gerora, txirrindulari ezagunak etorri ziren. Eskuzko pilota partidak ere izaten ziren egun horretan, ia egunero bezalaxe.

Zinta lasterketa
Zezensuzkoa, sokamuturra, euskal jaia, dantzariak, kirol probak…, ahalik eta jai egitarau zabalena antolatzen zen antzina ere. Orduko hainbat ohitura galdu egin da egun eta egitarautik aspaldi desagertutako ekintzen artean, zinta lasterketarena aipa liteke: Neskek, koloretako zinta zabalak prestatzen zituzten egun horretarako, ahalik eta dotoreen. Batzuek koloretako hariekin brodatzen zituzten, margoekin irudiak eginez apaintzen zituzten besteek… Lasterketari ekin aurretik, neskek prestatutako zintak uztai txikietan lotu eta makila batetik zintzilikatzen zituzten plazan eta, mutilak, banaka-banaka, bizikletaren gainean jarrita, lapitza edo ziri baten laguntzaz, zinta haietakoren bat harrapatu behar izaten zuen. Denak ilaran jarrita, hogei bat metroko distantziatik abiatzen ziren bata bestearen atzetik zintaren bila eta mutil bakoitzak nahi adina zinta har zitzakeen. Hori bai, jokoa bukatzeko, zinta guztiak hartu behar ziren. Inondik ere ez zen proba erraza, oreka handia eskatzen baitzuen. Genero bereizketa kontuak zainduz eta antzinako ohiturak eguneratuz, zintak zintzilikatu eta ausartzen diren neska-mutilek harrapaketan parte hartzea ideia polita izan liteke, agian, hurrengo urteetarako.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!