Gazte batukada, doinu berriak

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2009ko uzt. 14a, 16:24

Onddo gazte asanbladak hainbat ekintza antolatu du jaiei begira: Gazte eguna, rock maratoia, batukada taldea nahiz mus txapelketa. Iker Laskurain, Andoni Uzkudun eta Eneko Amondarain Onddoko kideek eman dituzte azalpenak.

Aurreko gaztetxea itxi zenean, Onddo gazte asanbladako hainbat kidek Udaleko kideengana jo zutela adierazi dute elkarrizketatuek, “lokalik ez zegoela esan ziguten eta gaur ere egoera berean jarraitzen dugu. Ez digute alternatibarik eskaini”. Jaietan eta jaietatik kanpo gazteak elkartu eta ekintzak antolatzea da euren nahia, baina biltzeko lekurik gabe gazte asanblada bizirik mantentzea zaila dela uste dute, “Gazte asanblada Urdapilleta etxetik atera zenean, Katea etxera igarotzeko asmoarekin atera zen, baina Gaztelekua jartzea erabaki da. Guk ez daukagu materiala gordetzeko lekurik ere”.

Batukada abian
Onddo gazte asanbladak maiatzean ospatu ohi duen urteurrenean, besteak beste, jende ugari bildu zuen festa egin zen kiroldegian. Urteurrena antolatzen ari zirela, bileretara jende berria agertzen hasi zela azaldu du Ikerrek. “Orduan bururatu zitzaigun jaiei begira batukada taldea osatzea. Aitzakia polita iruditu zitzaigun koadrila ezberdinetako jendea biltzeko”. Hogeita bost lagunetik gora astero elkartzen da musika etxean batukadako doinuak entseatzera eta pozik daude ideia berriak izan duen harrerarekin, “errepertorio handirik ez daukagunez, egia esan, zaila izan da aurrera egitea. Hasieran beste batukada talde batzuen kantuak jotzen saiatu ginen, baina oso zaila zitzaigun jarraitzea, ez baikara musikan adituak. Metala, plastikoa eta beirarekin osatu ditugu musika-tresnak”. Erritmo errazak jotzen nahikoa komeria dutela adierazi arren, giro faltarik ez dute izango eta horixe nahi dute eurek ere, “giro ona sortu eta ondo pasa”. Danborradak azken urteetan izan duen harrera beroa ikusita, batukadak ere, ekintza berri bezala, arrakasta lortu eta hurrengo urteetan errepikatzeko gogoa piztea nahiko lukete. “Hemen gaudela eta lokala behar dugula erakutsi nahi diogu herriari. Zailena egin dugula uste dut; azken boladan nahikoa alboratuta zegoen gazte asanblada, denak ere geldo geunden. Berriro bildu ondoren, gerturatu den jende berriarekin aurrera jarraitu nahi dugu orain”. Lokala eskuratuz gero, filmak nahiz hitzaldiak eskainiz bilgune aktiboa sortzeko momentu polita dela uste dute. Iker Laskurainek hasierako helburuari eusten diola azaldu du, “azken finean, elkartu ginenean, hainbat ekintza antolatzeaz gain, koadrilen arteko giroa sustatzea zen asmoa eta nik behintzat, amets berari eusten diot. Manexengatik ere bai, orain lagundu ezin badu ere, bera izan baita sustatzaileetako bat”.

Gazte eguna, 28an
Gazte egunean, eguerdi partean aterako da batukada taldea herriko kaleetan barrena. Azken urteetako ildoari jarraiki, aurreko urteetako antzeko egitaraua prestatu dute egun horretarako, berrikuntza nagusia batukada taldea izango delarik. “Gainerakoan, bazkaria egingo da Berdura plazan eta arratsaldean, poteo-kalejira Orkestra Nazional taldearekin. Afari-merienda izango da ondoren plazan eta 21:00etan, Impecables taldearen kontzertua”. Girorik faltako ez denez, adin guztietako herritarrei parte hartzeko deia luzatu diote.

Rock maratoia, 31n
Jaien azken egunerako, talde ugarik parte hartuko duen rock maratoia antolatu dute, “aurtengo jaiak antolatzerakoan diruaren arazoa nabaria izan da eta talde handiak aukeratu beharrean, txikiagoen aldeko apustua egin dugu, aurrekontu baxuagoetara mugatuz. Bestalde, zer edo zer ezberdina antolatu nahi genuen eta kontzertuak bi gunetan izatea erabaki dugu: Errebote plazan batetik eta Gudari plazan bestetik, pilotaleku berriaren atarian”. Estilo ezberdineko taldeak ekarri nahi izan dituzte eta egitarauari begira asmoa gauzatu dutela esan daiteke: 19:00etan Skastyk, Disorders, Zura eta Funtastic Planet taldeek joko dute Gudari plazan. Barra, animazioa eta hainbat sorpresa ere izango da bertan. Gauerditik aurrera, Sexty Sexers eta Esne Beltza taldeek Errebote plazan eskainiko dituzte kontzertuak. Tartean, erroskilaren errausketa bideratuko du gazte asanbladak, emanaldi xume baina alaia eskainiz, “batukadarekin eta jaietako hainbat argazki proiektatuta emango diogu sua erroskilari”.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!