Herritarrak krisiaz, jaiaz eta Koadrilen egunaz

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2009ko uzt. 14a, 16:21

Garagardo azoka amaitu eta astebetera hasiko dira Santio jaiak. Herritarrak festa gogoz daude eta jaien inguruko hainbat azalpen eman dute. Besteak beste, jaietako ekintzarik gogokoenaz aritu dira eta guztiak bat etorri dira Koadrilen eguna aipatzerakoan.

1.- Krisia dela eta, zer iruditzen zaizu Udalak jaietako aurrekontua murriztu izana?
2.- Santiotan gogoz parte hartuko duzun ekintza?
3.- Nola antolatzen duzue Koadrilen eguna lagunartean?

Miriam Tena

1.- Krisi egoeran zentzuzkoa iruditzen zait aurrekontua murriztea. Gainera, zaila izaten da jaietan horrenbeste egun ekintzaz betetzea eta modu honetan, osatuagoa geratuko da egitaraua.
2.- 24ko herri afariaren ondoren danborradan ateratzea asko gustatzen zait. Eta nola ez, oso gogoko dut Koadrilen eguna; primerako giroa sortzen da eta urtero hartzen dugu parte.
3.- Jakintzan koadrilatik 15 bat lagun joaten gara Etxe-Ondora. Batzuk mahaiak eta aulkiak hartzeaz arduratzen dira, beste batzuk janaria ekartzeaz. Azken urteotan kanpotik eginda ekartzen dugu jatekoa: entsalada eta oilasko erreak. Postrerako gozoa eta edateko, sagardoa eta ura.

Ane Vicario
1.- Oso erabaki ona dela uste dut. Krisi garaian, jaiak baino egoera garrantzitsuagoak badaude eta hobeto iruditzen zait, esaterako, behar dutenei laguntza ematea.
2.- Lehen gaueko herri afaria eta Euskal jaia asko gustatzen zaizkit, baina dudarik gabe, Koadrilen eguna dut gogokoena. Eguraldi onarekin eta Etxe-Ondon, noski.
3.- Exer Hadi koadrilako kide naiz eta 12 lagun joaten gara bazkarira. Garai batean guk prestatzen genuen jatekoa, baina azken urteetan kanpotik eginda ekartzen dugu: entsaladak eta paella gehienetan. Edateko ardoa, sagardoa, koparen bat eta xanpaina ere bai. Txarangarekin poteoa egiten dugu gero.

Xabier Otegi
1.- Egoera horrelaxe etorri da eta oso egokia iruditzen zait erabakia. Udalak oso detaile polita izan duela uste dut eta herritarrek begi onez ikusiko dutela iruditzen zait.
2.- Oporrak izaten ditut eta seme gaztearekin batera, ia ekintza denetan hartzen dugu parte. Gehien gustatzen zaiguna, dudarik gabe, Etxe-Ondoko bazkaria da.
3.- Goizean lekua hartu, bazkaria prestatu eta arratsaldean txarangarekin kalejiran ibiltzen gara. Txip koadrilako lagunak elkartzen gara; haur eta heldu, 20 bat lagun guztira. Jatekoa eta edatekoa, denetik izaten da egun horretan. Herritarren artean elkartasun eta harreman polita sortzen da. Egun zoragarria da.

Urtzi Basterrika
1.- Egoera honen aurrean mezu txiki bat ematea denez, ondo iruditzen zait. Tabernak eta txoznak zabalik mantentzen badira, nahi duena berdin aterako da festara.
2.- Lehen eguneko herri afari eta danborradan, Euskal jaian eta Koadrilen egunean hartzen dugu parte gustuen.
3.- Garagardo azokan, Santiotako ekintzatan parte hartuko dugun 78ko belaunaldia koadrilako kideon zerrenda egiten dugu. Koadrilen egunean 30-35 lagun biltzen gara: pikatzekoa erosi eta paella egiten dugu lagunartean. Sagardoa eta ardoa ekartzen dugu bazkarira. Normalean kaxak hartzen ditugu eta, modu horretan, 24rako eta 30erako iristen zaigu. Kopak bidean hartzen ditugu gero.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!