Euskal jaia, Santio egunean indartsu

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2009ko uzt. 14a, 16:19

Oinkari dantza taldeak hiru ekintza antolatuko ditu aurtengo Santio jaietan: Urtez urte indarra hartzen ari den Euskal jaia batetik, dantza suelto txapelketa bestetik eta Oinkari taldearen beraren dantza emanaldia azkenik.

Uztailaren 25ean, larunbatean, Santio egunarekin batera izango da aurtengo Euskal jaia. Oinkari dantza taldeko arduradun Eneko Arteagak eman ditu herritar asko biltzen duen eta pixkanaka indarra hartuz joan den jaiaren inguruko azalpenak. “Iaz bezala zanpantzarrekin emango zaio hasiera jaiari eta Santio eguna egokitzen denez, ohiturari eutsiz, arratsaldeko Dantza-soka ere egitarauaren barruan sartu dugu”. Bestalde, jaia aurreko urteetan baino ordubete lehenago hasiko dela jakinarazi du, “lehen arratsaldeko 18:00etan hasten bazen, aurten 17:00ak aldera ekingo diogu”. Dantza-soka ondorenean, dastaketaren tartea iritsiko da, “urtero bezala, aurten ere pintxo eta sagardo dastaketa izango da plazan arratsaldeko 18:00etatik aurrera. Segidan, arratsaldeko 19:00etan, Herria kantuz saioari emango zaio hasiera. Plazan bertan egingo da kantaldia eta nahi duen orok parte hartu ahal izango du kantuan”. Lehenengo erromeriaren txanda 19:30etan ailegatuko dela adierazi du Enekok, “musika tresna aldetik berezi samarra izango da; ahoko soinua izango baita nagusi. Anoetako Landa aita-semeek eskainiko dute emanaldia”. Zikiro-jatean sabela ondo betetzeko aukera izango da aurten ere. Afaria 21:30etatik 00:00etara luzatuko dela aurreikusten dute antolatzaileek. Gainera, postre bikoitza izango da aurtengoan, “berezitasun modura Lizartzako Isk&bila herri txaranga ekarriko dugu aurten. Ez dira profesionalak baina giro polita jarriko dute, seguru. Musika-tresna ezberdinak jotzen ikasi duten adin ezberdineko lizartzatarrek osatzen dute taldea”.

Trikiti gaua
Euskal jaia trikiti doinuekin lotuta iritsiko da eta afalondorenean, trikiti gauari hasiera emango zaiola aipatu du Oinkariko arduradunak, “hiru taldek hartuko dute parte, estilo tradizionaletik berritzaileagoetara. Laja eta Mikel izango dira lehenak. Trikiti tradizionala eskainiko dute, soinu berezia. Astiasaran anaiak arituko dira gero eta azkenik, Imuntzo eta Belokik bere taldearekin eskainiko dute emanaldia”. Talde bakoitzak ordu eta erdiz joko du; ondorioz, bostak arte gutxienez trikiti doinuak entzungo dira plazan. “Ez da trikitixa faltarik izango gau horretan”, adierazi du umoretsu Enekok. Urtero bezala, arratsaldetik hasita, ekitaldietan erromeriako jantziekin jantzita parte hartzeko gonbidapena luzatu dute antolatzaileek.

Dantza suelto txapelketa

Uztailaren 26an, lehen aldiz, gaztetxoen mailako dantza txapelketa antolatu du Oinkari dantza taldeak, Gipuzkoako Dantzarien Biltzarrarekin elkarlanean. Euskal Herriko toki ezberdinetatik etorritako 16 urtetik beherako bikoteek hartuko dute parte. Hiru epailek epaituko dute dantzarien lana eta puntuazio bidez aukeratuko dira txapeldunak. Oinkari dantza taldeko lau bikotek hartuko dute parte.

Oinkari dantza taldearen emanaldia

Uztailaren 29an Oinkari dantza taldeak Arroako plazan eskainiko duen emanaldian 250 dantzari arituko da taula gainean, zuzeneko musikariekin batera. Emanaldi potoloa izango dela aurreratu du Eneko Arteagak, hainbat koreografia berri ari direla prestatzen. “Oinkariko talde ezberdinen dantza erakustaldia izango da, adin tarte ezberdineko hamaika talde arituko dira guztira: hiru urteko haurren taldetik hasi eta helduen talderaino”. Aurtengo emanaldian ere izango da berrikuntzarik, trikiti ikastaroa egindakoan osatu zen taldeak ere parte hartuko baitu, “trikitixa dantzatzen hasi zen herritarren taldeak beste hainbat dantza ere ikasi du dagoeneko eta jendaurrean aurkeztuko dituzte jaietan”.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!