Gatxet-en musikarekin dantzara!

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2009ko uzt. 14a, 16:14

Gari Bidaurreta villabonatarrak, Gatxet musika jartzaileak, Irrintzi elkarteak antolatzen duen Garagardo azokan musika jarri eta gero, Santio jaietan hartuko du parte.

Noiz eta nolatan hasi zinen musika jartzen?
Irrintzi elkarteko bazkidea naiz eta Garagardo azokan mahaiak biltzen aritzen nintzen hasieran. Beti CD bera bueltaka ibiltzen zela iruditzen zitzaidan eta musika asko gustatzen zaidanez, duela bost urte musika nik jartzea proposatu nien arduradunei. Proposamena gustatu egin zitzaien eta orduz geroztik, Garagardoa azokan musika jartzeaz arduratzen naiz. Estilo guztietako musika jartzea gustatzen zait: euskal musika, estatukoa nahiz atzerrikoa. Garagardo azokan hasi eta gauren batzuetan lagun artean ere jarri izan dut musika. Duela gutxi, Amasa-Villabonako O’baba tabernan musika brasildarra jartzen aritu nintzen brasildar gaua antolatu zutenean. Aurrera begira ere, herrialde ezberdinei lotutako gauak antolatzen dituztenean, hantxe izango naiz.
Aurtengo Santio jaietan bi txandatan behintzat arituko zara musika jartzen...
Jai batzordeko kide naiz eta DJ-a ekarri behar zenez, animatuko ote nintzen galdetu zidaten. Uztailaren 26an eta 29an jarriko dut musika jaietan. Bestalde, uztailaren 30ean, koadrilen egunean, O’baba tabernan ere bai.
Gazteei eta helduei begira izango dira egitarauko bi saioak. Musika mota ezberdina aukeratu beharko duzu, ezta?
Hasieran gauerako deitu ninduten eta gerora, jubilatuen bazkarirako ere proposamena egin zidaten. Baiezkoa eman nuen. Musika jartzeko bi egoera oso ezberdin dira baina, badakit jubilatuen bazkarian ere oso ondo pasako dudala. Rantxerak, trikitixa edo dantzaldietako musika jarriko diet. Musika alaia.
Aurretik aukeratzen al duzu jarriko duzun kantuen errepertorioa?
Disko gogor batean gordeta daukat nire musika guztia, estiloka sailkatuta. Giroaren arabera aukeratzen du musika mota bat edo bestea. Denbora tarte batean estilo bat jarri eta gero, beste estilo batera aldatzen dut gero. Jaia oso konkretua baldin bada, aurretik pixka bat prestatuta eramaten dut errepertorioa. Garagardo azokan ordutegi zabala dudanez eta adin ezberdineko jendea biltzen denez, denetarik jartzen dut: trikitixa pixka batekin hasten naiz eta euskal musika, estatukoa, reagge-a nahiz bestelako estiloak nahasten ditut. Gauean kantu dantzagarriagoak jartzen ditut.
DJ batentzat bere lanean asmatu duela ikusteko modurik onena jendea dantzan ikustea izango da, ezta?
Bai, eta baita jendea abestiak eskatzera etortzea ere. Beste batzuk oso kontrakoak dira eta ez zaie beren lanean sartzea gustatzen. Niri, ordea, jendeak kantuak eskatzea gustatzen zait eta eskatzen didaten kantu hori ez badaukat, hurrengo baterako lortzen saiatzen naiz. Tarteka, jarritako musika gustatu zaiola edo oso ondo pasa duela esatera etortzen da jendea. Pozgarria da hori ere.
Egun dantzaldi eta erromeriei DJak aurrea hartzen ari al zaizkie?
Ni hasi berria naiz mundu honetan eta DJ bezala hastea talde bat sortzea baino errazagoa dela iruditzen zait. Baina era berean, taldeek ere jarraitu egin behar dutela uste dut. Musika talderik ez balego, ez bailegoke DJrik. Musika jartzea festa egiteko beste modu bat da, baina taldeak ere tartekatu egin behar dira.
Egia esan, DJ izena ez zait asko gustatzen; nahiago dut musika jartzailea erabili. DJrena, rap talde batean atzean biniloak nahasten egiten den lana kontsideratzen dut nik: DJ Zigorrena, esaterako. Jendeak zer ikusi behar duen ulertzeko askoz ere errazagoa da DJ jartzea, baina denborarekin MJ (musika jartzailea) agertzea gustatuko litzaidake gehiago.
Musika jartzaile modura izen berezia aukeratu duzu: Gatxet.
Lagunekin Portugalen nengoela potxa karta jokoa erakutsi zidaten. Joko horretan bakoitzari izengoiti bat jartzeko ohitura dago eta niri Gatxet izena jarri zidaten, leku guztietara tramankuluak eramateko ohitura daukadalako. Musika jartzaile modura ere ondo etortzen zait izen hori, Gatxetek denetarik dauka eta nik ere denetariko musika jartzen baitut.
Gaua girotzeko gustuko errepertorioa?
Gauarekin hasteko, Macaco-ren abesti batzuk estatu mailan. Atzerrikoen artean, esaterako, Claudia Leitte eta Ivette Sangalo brasildarrak. Euskal musikari dagokionez, Fermin Muguruza, Negu Gorriak, Betagarri…
Gogokoen duzun musika mota?
Denetarik! Talderen batzuk aipatzekotan; Chambao, Ojos de brujo, Macaco, Delorean, U2…
Aurrera begira ere langintza honetan jarraitzeko asmorik bai?
Nire lana daukat baina musika oso gogoko dudanez, zaletasun modura aritzen naiz musika jartzen. Aurrera begira, ekipoa erosi eta jarraitzeko asmoa daukat. Ea nire izena pixka bat zabaltzen den…

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!